Mikel Asurmendi / 2012-10-21 / 483 hitz
- Izenburua: Ekialdetik heldu den haizea
- Egileak: Pako Aristi, Mikel Markez.
- Argitaletxea: Elkar.
Ekialdetik heldu den haizea duzu liburu hau. Hitzak —Pentsamendua— ez dira aski haizea adierazteko. Irudika ezazu liburua ene baitan daramadala, neure barne-zorroan,eta mendebaldetik abiatu naizela.
Bidean noa. Lehenbizi, liburuaren bi egileei ene diosal amultsua helarazten dizuet sentitu duzuen plazera partekatzeagatik, Benito lagunaren hatsa hitzen bitartez transmititzeagatik. Lan ederra egin duzue. Hitzak ez direla aski erran dut, ene barne-mintzoa erabiliko dut hartara:
«Bidean noa: oro da haizea. Haizea airea mugimenduan da. Ni mugitzen naiz eta haizea nire baitaraino heldu zait. Neroni ere haizea naiz. Nola egin bide, bestela? Oro naiz, ezin dut inguratzen nauena gabe nor izan. Bidean noa, eta ingurua natura da».
Berezia atzeman dukezu ene mintzoa, naski. Plazer bat izan duk, Benito! halaxe atzeman dut neronek. Liburuak ez du hitza goresten, ez pentsamendua ere. Zer goresten du, bada? Bizitza. Areago: bizitzea. Bizitzea bilatzea da, esperimentatzea.
Mendez mendeko egunetan eta gauetan gidatu gaituzte maisuek. Kristoren edota Mahomaren gizaldietatik. Fedeen eta dogmen ekarleak —izan— dira horien erlijioak —baita hinduismoak edota budismoak ere—. Jainkoaren ideia ezarri dute eta gure pentsamendua kamustu ere.
Argien mendeen ondoren ere, zerutik zetozen dogmak —eskuineko eskuaren aginduz— lurreko ezkerreko eskuen aginduz estali nahi izan dituzte beste maisu zenbaitek. Den-denek, hitzen eta pentsamenduaren bidez! Maisuen aginduek bete digute geure barne-zorroa. Euren aldian aldiko aginduak betez gabiltza munduan: nork bere izatearen maisu izateari uko eginez, norbera izateko ikasteari bizkar emanda, norbere buruaren jabe izan nahian arrazoiaren gainean arrazoiak pilatuz. Gure pentsamenduaren jabe —izanen— garen ustetan, aske —izanen— garela pentsatzera heldu gara.
Pertsonok ez gara ezeren jabe, ordea. Ez gara burua soilik. Sentipenek eta emozioek ere osatzen dute gure izatea. Mina gara, oroi-mina izan ere. Burua, gorputza eta arima —hatsa— gara: osotasun bat gara. Oinean mina badugu —bidean bide— mina dugu bihotzean, bihotzean mina badugu, mina dugu buruan. Izaki oso bat gara. Haatik, gure izateak inguru bat behar du inondik ere. Ingurua natura da, baina gu ez gara natura —izadia— naturalak ez bagara. Naturan egokitu ezean, izate gaixo da gurea. Artean, haatik, kasu eman diezaiogun gure baitatik aldian-aldian igotzen zaigun (h)ego-haizeari!
Liburuak —eta iruzkin honek— hasiera eta amaiera dute, bideak ez du helmugarik ordea. Guk hautatu dezakegu bidaiarako maisua —Osho dela, Krishnamurti dela, Tao dela— baina gure baitarainoko bidean gu gara maisu bakarra. Gure aurrekoek egindako bidea desibili behar dugu. Maisu —edo iradokitzaile— honen hitzetan: desikasi. Hitza ez da dago akademien hiztegian, ezta behar ere. Segi desikasten. Egunero behar dugu abiatu, bizi eta hil. Egunero amiñi hilez gero, eternitatea —maitasuna— bizi dezakegu. Ez gaitezen beldur izan, ez naturaren beldur bederen, ezta beldurrik ere gizaldiz gizaldi ezarritako maisuen izanei eta esanei. Ez sinetsi, ezta maisuak berak dioena ere. Jakituria —maitasuna— egon ere, gure baitan baitago.
Mendebaldetik abian naiz, zerua goian lurra behean. Itsasoa ezkerrean, mendia eskuinean. Ingurua bortitza da. Gizadia da. Ez epaitu Gizadia. Ez daude baloreak, balorazioak baizik. Balorazioek —aldian aldiko lorazioek— balio dute, ez beste.
Horra, ekialdetik heldu zaidan haizeak iradokitako hitz sorta.