Hizkuntzaren «ebidentziak» hartu ditu Xabier Amurizak azken liburuaren ardatz gisa

Irati Sarasua Arabaolaza / 2012-10-12 / 438 hitz

‘Zazpi ebidentzia birjaiotzarako’ lanean, hizkuntzaren helduleku nagusiak aztertu ditu Xabier Amurizak

Hizkuntzaren ardatz nagusiak ez direla asko, «ebidentziak» direla pentsatuta ekin zion Xabier Amurizak Zazpi ebidentzia birjaiotzarako liburua idazteari. «Euskal Herria euskalduntzea ez dago euskaldunen esku bakarrik. Aldiz, bai dago gure esku, eta geure esku bakarrik, hizkuntza lehiakor bat garatzea», idatzi du liburuaren egileak hitzaurrean.

Euskara batuaren bigarren jaiotza idatzi zuen lehenengo, 2010. urtean. «Euskara eguneroko lan tresna dutenen artean, diskurtso handiak baino gehiago soluzio txiki bat nahiago duten guztientzako» liburua zela nabarmendu zuen orduan. Kaleratutako ale guztiak amaitu ondoren, gustura dago jendearen artean izandako harrerarekin, baina triste, aldiz, gizartean izan duenarekin; hitzaldiak egiteko jasotako deien urritasuna nabarmendu du horren adierazle moduan.

«Euskal literaturaren munduan txapapote gehiegi dago. Gai honek ez al du garrantzirik? Zergatik? Hizkuntza lehiakor bat hedatzea gure esku ez dago, baina tresna bezala erabiltzeko moduan jartzea bai dago gure esku. Baina, martxa honetan, ordurako euskara galduta egongo da», azaldu du tinko Amurizak.

Kaleratu berri duen bigarren lana «saiateratura» dela azaldu du, saiakera izateaz gain literatura ere badelako. «Datorren urtean kaleratuko dudan 4 X 4 operazioa nobelako pasarteak erabili ditut adibide moduan, formulatutakoa adibide praktikoekin azaltzeko».

Lan honekin herritarrei lana erraztu nahi izan die; besteak beste, aditza erraztu eta sinpletu egin behar dela uste du, eta euskarak dituen aditz trinkoak berreskuratzearen alde ere agertu da Amuriza. «Hizkuntza ordenatu egin behar da, eta herritarrei behar dutena eman behar zaie. Ni ez nago zaborreria onartzeko prest», gaineratu du Xabier Amurizak.Kazetariak, publizistak eta zinemagileak gogora ekarri ditu, eta azaldu du askotan euskarak dituen aditz luzeen ordez trinkoak erabilita haien lana erraztu litekeela.

Horrez gain, azaldu du euskara lau hizkuntza indartsuren artean dagoela eta ondare komuna dutela. «Milaka hitz ditugu komunean, nire euskara ondare horren barnekoa da, eta izan behar da». Ondarearen parte dira, egilearen ustez, ebakuatu, eliminazio eta erosio hitzak, eta horien ordain argirik eta berezirik ez badago erabili egin behar direla uste du Amurizak.

Azaldu du gaur egun ez dagoela kriteriorik eta edukitzea beharrezkoa dela. «Zergatik bilatu behar dut anbizio hitzaren sinonimo bat guztiok ezagutzen dugun hitza bada? Ondare komun horretako parte bada? Zertarako hartuko dut sinonimoen zurrunbilo rustiko horretatik beste hitz bat, honek azaldu nahi dudana ongi azaltzen badu?».

Hitz horietako asko Euskaltzaindiak ez ditu onartzen, baina horien erabileraren alde jo du Amurizak.

Ezkor gizartearekin

«Pentsalari onak ebidentziara iritsi nahi du. Pentsalari arina ebidentzia gainditzen saiatzen da. Dudak egiara iristeko balio du. Ebidentziara iristea da jakintsu baten grina», nabarmendu du. «Zazpi ebidentziak» mendilerro baten antzekoak direla uste du, eta jendea mendilerroaren alde batean zein bestean dagoela, batzuk ebidentziak onartuta, besteak gabe. Ezkor azaldu da gaiarekin, ebidentzien aldera gizarte osoa pasatzerako euskara galduta, hilda egongo dela uste baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.