Juan Luis Zabala / 2012-10-12 / 495 hitz
«Irabazteak ez du ezer esan nahi», esan du Mo Yan idazle txinatarrak literaturako Nobel saria emango diotela jakin eta gero.
‘Sorgo gorria’ nobela du lanik ezagunena, Zhang Yimouk zinemara eramandakoa.
«Irabazteak ez du ezer esan nahi. Lanean jarraituko dut. Eskerrik asko denoi». Hitz horiek esanda kazetariengandik ihes egiten saiatu zen atzo Mo Yan idazle txinatarra, aurtengo Nobel saria berak jasoko duela jakin eta gero. Kazetariek ez zuten etsi, baina ezer gutxi gehitu zuen idazle sarituak: «Txinak oso idazle bikainak ditu, eta haien lanak ere aitortuak izan daitezke munduan». Idazleak bere buruari jarritako ezizena da Mo Yan, Guan Moye izenarekin jaio baitzen, 1955ean, Txinako Shandong probintzian. Mo Yan ez da aliritzira hartutako ezizena; «isildu zaitez» edo «ez hitz egin» adiera du txineraz, eta egileak bere buruari emandako agindu moduko bat da, gehiegi hitz egitearen arriskua beti gogoan izateko. Txinako Gobernuak egin eta eragindako injustizia askoren inguruan isilegia izana leporatu dionik ere bada, hango idazleen artean batik bat.
«Ipuin folklorikoak, historia eta bizitza garaikidea uztartzean darabilen errealismo haluzinagarria» laudatu du, ororen buru, Suediako Akademiak Nobel saria Mo Yani emateko arrazoiak azaltzean. Oro har, nahiko onarpen ona izan du albisteak Txinako nahiz nazioarteko zirkulu literarioetan. Nahiz eta ez izan zabalkunde ikaragarriko idazlea —batez ere beste hautagai aipatuekin alderatuz gero—, ezagutzen duten irakurle eta kritikariek estimu handian dute Mo Yanen obra. Haren literaturan eragina izan duten erreferente nagusien artean, Franz Kafka, William Faulkner, Gabriel Garcia Marquez eta Lu Sin aipatzen dira.
Laborariak zituen gurasoak, eta bera ere nekazari lanetan aritu zen 12 urte zituenetik. 21 urterekin, Txinako Armadan sartu zen, eta garai hartan hasi zen literatura ikasten eta lehen narrazio laburrak idazten. Tuoming de hong luobo (Kristalekzo errefaua) nobela laburrarekin lortu zuen Txinako irakurleen artean ezaguna izaten hastea, 1986an. Baina benetako zabalkundea hurrengo urtean argitaratu zuen liburuarekin lortu zuen: Hong gaoliang jiazu (Sorgo gorria), elkarrekin txirikordatutako bost kontakizunekin ehundutako nobela bat. Shandong probintziako nekazarien arazoen berri ematen dute kontakizunek: lapurretak, japoniarren okupazioa, txirotasuna…
Zhang Yimou zinemagileak Hong gaoliang jiazu-ko kontakizunetan oinarrituta sortu eta zuzendu zuen izenburu bereko filmak oso harrera ona izan zuen Txinatik kanpo, 1988an. Berlinale zinema jaialdiko Urrezko Hartza eskuratzeaz gain, kritikari eta ikusle askoren lilura piztu zuen.
Txinako gizarte garaikidearen erretratu kritikoak egin zituen hurrengo lanetan. Fengru feitun argitaratu zuen 1996an (Beaux seins, belles fesses itzulia frantsesez, Pechos grandes y caderas amplias gaztelaniaz), hauts asko harrotu zuen lana. Familia baten erretratuan oinarrituta, XX. mendeko Txinaren berri eman zuen lan hartan Mo Yanek. Sexuaren inguruko aipamenak zirela eta, Txinako Armadak autokritika bat idaztera eta liburua merkatutik ateratzera behartu zuen.
Zentsuraren alderdi ona
Zentsurari buruz galdetzen ziotenean, Mo Yanek zioen idazterakoan ez zuela kontuan hartzen zentsuratua izatearen arriskua. Ez dio inoiz aparteko garrantzirik eman Txinako Gobernuak egindako zentsurari. «Herri bakoitzak dauzka bere murrizketak», adierazi zuen, 2010ean, Time aldizkarian. Zentsurak ezarritako mugak onuragarriak izan zitezkeela ere adierazi zuen, idazlea «literaturaren estetikara estuago atxikitzera» behartzen dutelako.
Duela hiru urte Wa argitaratu zuen (Grenouilles frantsesez, Rana gaztelaniaz), bikoteei ume bakarra izateko agindua ezartzen dien legeak Txinako gizartean dituen ondorioei buruzko nobela.