Iratxe Esnaola / 2012-10-07 / 486 hitz
- Izenburua: Paradisua
- Egilea: Arrate Egaña
- Argitaletxea: Elkar
Lehenengo pertsonan narraturiko bost ipuin dakartza Arrate Egañak (Errenteria, 1963) Paradisua lanean. Lehenengo pertsonaren aipua ez da alferrekoa, Niaren ahots narratiboa baita liburuko protagonista, edo hobeto esateko, ipuinetako ni-ak nola adierazten diren inguruko pertsonei erreparatzean eta haiekin dituzten bizipenetan, izan deskribapenetan, izan haien gaineko iritzietan edo isiluneetan. Ingurukoen existentziaren narrazioan aitzakia topatzen dute ni horiek ezkutatzeko, baina horrek ez du inolaz ere beraiengan sakontzea ekiditen; batetik, hautu estilistiko bati erantzuten dio, eta, bestetik, ikusarazten du besteez esaten eta pentsatzen duenak definitzen duela ondoen norbere burua. Neguko Udareak, liburuari hasiera ematen dion lana, abiapuntua da. Iradokitze ahalmena du, eta, beste ipuinek lortzen dutenaren aierua usnatu badut ere, ez da erabat borobiltzen hurrengoen aldean. Grindavík izeneko bigarren ipuinean metafora moduan baliatzen dituen sinboloak ageriago geratzen dira, eta, horrekin batera, ipuin hobea taxutzen du, hurrengo ipuinetan joera hori bermatuz eta hobetuz, gora datorren marea baten antzera. Esaterako, zakur beti lotu baten katea eskopeta tiro batez haustea gauaren ilunean tramaren barruan argi berezia hartzen duen osagaia da, eta irakurlea gai da berandu baino lehen sinbologia hori pertsonaien egoera jakinari atxikitzeko eta lotura isilarekin gozatzeko. Aldi berean, sekretuek ubera berezia uzten dute ipuinetan, baita zalantzagarritasunaren olatu presenteek ere.
Paradisua ipuinak gaiari eta haren ordenamenduari dagokionez kalitate maila handiena du, nire iritzian, eta Abenduak 21 deiturikoak, berriz, giro onena. Aurrenekoan, natura basaren eta hiriko zibilizazioaren arteko gatazka islatzen du bi gizon atsegin dituen emakumearen eskutik. Bi poloen talkaz gain, bakartzearen eta jendarte honetatik irtetearen desioa adierazten du. Sinboloak berrindartzen dira, etxean kaiolan hamsterra baitauka (behar duen dena daukana barruan, baina irten egin nahi duena). Aipatutako Abenduak 21-ean, berriz, tonu dramatikoena duen ipuinean, giroa bikain lortu da. Sufrimenduan katigaturik geratu den auzune bateko auzoak dira protagonista, hain zuzen, iraganeko gertakizun bakar batera itzultzen direnak temati. Itzulera horretan berriz ere sekretuek lotzen dituzte elkarrengana, izan ezagun dituztelako, izan beraietaz batere ez dakitelako eta etengabe errebelazio baten zain dago irakurle jakituna. Giroaren erakarmenagatik, indarra halako moduz transmititzen denez, luzeago jo zezakeen narrazio baten falta sentitu dut hasiera batean, zeren idazleak hiru ahots narratzaile tartekatzeko hautua egin du, eta hain testu laburrean oso zaila gertatzen da, inorentzat, hiru ahotsek garatu ahal izateko behar duten espazioa (orri kopurua), teknika narratiboaren ilusioak funtziona dezan denbora behar baita. Eleberri baten mira sentitu dut, beraz, ipuinean, nahiz ondoren, galera baino dohaina ez ote den barruntatu, hazia ereinda uzten digunez eta irudimena zerbait gehiagoren bila. Azkenik, Mont Saint Michel lana denborari arreta jarri eta bizitzaren joateaz mintzo da, Bergson pentsalariaren Durée kontzeptua lagun. Erro uneak aipatzen dira bertan. Une bereziak dira berauek, bizian besteen gainetik dirdiratzen dutenak. Ilobak amonaren eskutik jasotzen du erro uneen ikasgaia bizitzarako, baina diot kontagintzarako balekoa den aholkua ere badela; hots, ipuinean ere erro une bat jarri eta harekin harremanean adabakiak osatu enborraren indarra nabarmentzeko. Hitzen hautaketa zehatza da liburu osoan, adjektibazio zaindua lagun. Irakurketa mamitsuagoa da orriak pasatu ahala eta ni anitzeko abaraska aberatsa buruan txertatzea lortzen du azkenean.