Jose Antonio Rodriguez / 2012-10-04 / 540 hitz
Postaria heltzen denean, Mable urduri jartzen da. Oso urduri. Arrazaoia ez da Mable gutun garrantzitsu baten zain dagoenik. Izan ere, oso txakur azkarra bada ere, Mable-k ezin du irakurri. Baina postariaren etorriak asaldatu egiten du. Eta gaur ere, postaria entzun eta segituan, Mable-k korrika egin du aterantz, eta saltoka eta zaunka hasi da gutunak ateko zirrikitutik erori direnean. Bat-batean, salto baten erdian, Mable lo gelditu da. Mable-k narkolepsia izeneko gaixotasuna pairatzen du. Txakurretan, asaldurak eragindako logura atakeak dira gaixotasun horren sintomarik nabarmenena. Gizakietan, narkolepsia gaixotasun arraroa da (2-5 kasu 10.000 pertsonatan), baina loarekin erlazioa duten beste gaixotasun batzuk pairatzen ditugu gizakiok.
Gaixotasun horiei aurre egin ahal izateko, loa kontrolatzen duten mekanismo biologikoak identifikatu behar dira. Azken urteotan, aurrerapen nabarmenak egin dira ikerketa arlo horretan, eta aurrerapen horiek loaren kontrolaren eredu bat ezartzen lagundu dute. Eredu horren arabera, molekula txiki batzuek (neurotransmisoreek) garrantzi handia dute loaren kontrolean. Neurotransmisoreak hartzaile espezifiko batzurekin elkartzen dira, neurona berezi batzuren kanpoaldean. Horren ondorioz, neurona horiek aktibatu edo desaktibatu egiten dira, loaldi edo esna-aldi egoera finkatzeko lagunduz. Kafeinak, adibidez, logura sortzen duen adenosina izeneko neurotransmisore baten hartzailea blokeatzen du, eta horregatik kafeak laguntzen gaitu esna mantentzen. Mable txakurraren narkolepsia, beste alde batetik, hipokretina izeneko neurotransmisorearen hartzailearen mutazioak sortzen du. Hau da, gaixotasun genetikoa da. Gizakietan, berriz, narkolepsia gaixotasun autoimmunea izaten da gehienetan. Gaixo horien immunitate sistemak hipokretina ekoizten duen neurona multzo berezi bat suntsitu egiten du. Beraz, bai txakurretan eta bai gizakietan, hipokretina neurotrasnmisore sistema dago narkolepsiaren oinarri biologikoan.
Ikuspuntu genetiko batetik hobe ulertzen den loaren aldea zera da: noiz egiten dugu lo. Loaldi/esna-aldi zikloa erritmo zirkadiano izeneko sistema batekin erlazionatuta dago. Erritmo zirkadiano inguruneko argialdietan sinkronizatuta dago. Horregatik, bidaia luze bat egiten dugunean, jet lag pairatzen dugu sinkronizazioa berreskuratu arte. Erritmo zirkadianoa barneko erloju biologiko baten kontrolpean dago. Erloju biologiko hori osatzen duten geneak aspaldian identifikatu ziren, laborategiko eulietan (Drosophila) eta saguetan. Gene horien izenek (adibidez, clock edo period) argi uzten dute beraien funtzioa. Erlojuaren geneen adierazpena ziklikoa da, eta, beraz, clock edo period proteinen mailak aldatzen dira ziklikoki. Gizakietan, erloju geneak ere badaude, eta beraien zikloa gure lo egiteko behar periodikoan islatzen da. Izan ere, loaldi/esna-aldi zikloa asaldatuta daukaten familia batzuetan erloju gene baten mutazioak identifikatu dira. Mutazio horiek period genearen giza gene baliokidean gertatzen dira, eta aurreraturiko loaldiaren familia sindromea izeneko gaixotasuna (Fasps, ingelesezko akronimoa) sortzen dute. Fasps sindromea pairatzen duen pertsonek barneko erlojua aurreratuta daukate, eta, beraz, oso goiz (adibidez, arratsaldeko seietan) joaten dira lotara egunero, eta gauez ere oso goiz esnatzen dira (adibidez, ordubietan).
Aurkikuntza horiek (eta artikulu honetan sartzen ez diren beste batzuk) garrantzitsuak izan badira ere, biologiaren misterio handienetariko bat da loa, oraindik ere. Izan ere, galderarik garrantzitsuena, hau da, «zergatik egiten dugu lo?», erantzuteko dago gaur egun. Espezie askok egiten du lo, modu ezberdinetan bada ere. Eta periodikoki gizabanakoa babesgabe uzten duen egoera bat eboluzioan mantentzen bada, oso funtzio garrantzitsua izan behar du. Loaren funtzioaren inguruan, badaude zenbait teoria. Alde batetik, zelulen eta ehunen birsorkuntzarekin zerikusia daukala proposatu da. Beste teoria baten arabera, loa ezinbestekoa da oroimenak bermatzeko eta neuronen arteko loturak (sinapsiak) osasuntsu mantentzeko. Hipotesi horietan oinarrituta, loaren arloan aritzen diren ikerlariek diseinatzen dituzte esperimentuak. Bide batez, Mable txakurraren jabeak ere esperimentu txiki bat egin zuen: kamera bat jarri zuen postariaren helduera grabatzeko. Hauxe da emaitza: http://www.youtube.com/watch?v=MPC_fphzd_M.