Irune Berro Urrizelki / 2012-10-20 / 553 hitz
Sechu Senderen ipuin bilduma bat euskaratu du Txerra Rodriguezek, Galizian «gizarte fenomeno» bihurturikoa
«Inork irakurtzen ez dituen» soziolinguistikaren eremuko «totxo sobietiko» andana idatzitakoa eta itzulitakoa da Txerra Rodriguez, eta Sechu Senderen Made in Galiza esku artera iritsi zitzaionean, ez zuen zalantza izpirik izan. Euskarara ekarri behar zuen. «Zergatik? Soziolinguistikari fikziotik eta dibulgaziotik heltzen dion lan ederra delako». Arlo hori ohiz kanpoko ikuspegi batetik jorratzen duelako, alegia. «Eta horrek berezi egiten du». Txalapartaren bitartez iritsi da euskarazko liburuen plazara, Made in Galiza jatorrizko titulupean hau ere. Asisko Urmenetak, «Sechu Senderen lagun onak», hura irakurtzeko gomendatu du. «Irri eta negar eginarazten duen liburua da, hunkigarria benetan».
Galiziako editoreek Urteko libururik onena izendatu zuten 2007an Senderen Made in Galiza. Eta irakurleen babesa ere izan du, 17.000 ale saldu eta gizarte fenomeno bilakatzeraino. Izan ere, liburuko ipuinetako pasarteetan oin harturik sortu dituzte hainbat bideo eta komiki. Halaber, irakaskuntzan erabiltzeko gidak egin dituzte. Baita elastikoak ere, liburuan jasotako leloekin.
Senderen lan horrek ardatz bi ditu, Mikel Soto editoreak azaldu duenez. «Galiziera, diglosia eta hizkuntzaren gorabeherak oso presente daude liburu osoan, baina ipuin batzuk gai horietatik zertxobait aldentzen dira, eta zoragarriak dira, errealismo magiko ukitu bat dute». Kirikinoen hondartza ipuina da horren adibide.
«Kontzientzia ekologikoa»
Alabaina, «ipuin gehienak kontzientzia ekologikotik abiatutakoak» direla uste du Rodriguezek. Dioenez, «hizkuntz ekologiaren puntuak ekologia orokorrarekin batzen dituzte».
Hala, euskal hiztunei arrotzak egingo ez zaizkien zenbait egoera ageri dira Senderen liburuan, Rodriguezek azaldu duenez. «Istorio askotan Euskal Herriarekin antz handia duten elementuak daude».
Senderen lana euskarara ekartzea «erronka zaila» izan da Rodriguezentzat. «Galiziera eta gaztelaniaren artean dabil askotan egilea, eta sarri egiten dituen txantxak eta zentzu bikoitzak euskaraz ematea ez da kasu guztietan posible izan», ohartarazi du Sotok. «Zentzu horretan, erabaki asko hartu behar izan ditugu», esan du.
Lingua berbak buruhauste bat baino gehiago eman dio Rodriguezi. «Galizieraz, hizkuntzaz gain, mihia ere esan nahi du, baina euskaraz ez dugu halako hitzik». Horrenbestez, hitz joko asko baztertu egin behar izan dituzte.
Nolanahi ere den, gaztelaniaz dakiten irakurleak horiez jabetu egingo direla uste du Sotok. Eta, oharkabean pasatuta ere, liburuak interesgarri eta hunkigarri gertatzeko mamia aski eta sobera duela nabarmendu dute Sotok, Rodriguezek zein Urmenetak.
Gainera, euskarazkoa ez da aurreneko itzulpena. Kurdueraz ere argitaratu zuen Avesta argitaletxeak, Irfan Gulesek itzulia. «Hori ikusi eta gero argi zegoen euskarara ekar zitekeela, erronka handia izanagatik ere», adierazi du Rodriguezek.
Made in Galiza «umore handiz» ondutako lana da, Urmenetak esan duenez. «Liburuari darion umore klasea aparta da». Orobat, «guregandik oso hurbilak diren gaiak» jorratzen dituela azaldu du. «Sendek trebakuntza soziolinguistiko oso sendoa du, eta jakin izan du hori guztiori hunkiduraren bidez transmititzen». Urmenetaren iritziz, «Galiziak badu guk ez dugun irekidura bat. Dagoen lekuan dago, eta inspirazio iturri oso diferenteak ditu. Sendek oso berezkoa duen gauza bat ere badu Galiziak, lehengo gauza zaharrei arreta jartzea eta transmititzea. Sendek, gainera, baditu ipuin kontalari onak, zaharren etxeetan entzuten dituztenak kontatzen dizkiotenak, eta zoragarria da ikustea gero berak nola harilkatzen dituen horiek».
Itzultzailearen zati bat
Senderen literatur lanak liluraturik, bere kabuz ekin zion Rodriguezek euskaratzeari, inongo enkargurik gabe. Eta, orain, ipuin horietan hainbeste denbora murgildurik igaro ostean, Made in Galiza liburua hein batean berea ere sentitzen duela dio itzultzaileak. «Nire bihotzetik ere zer edo zer badu». Kasualitatea ez dela dio. «Sechu Sende laguna ere badut. Baina liburua zoragarria da. Hainbeste gustatu zitzaidan, ezen birritan irakurri nuen, eta oso gutxitan irakurtzen ditut gauzak bi aldiz».