Sutarakoak, argitara

Ion Olano Carlos / 2012-10-21 / 863 hitz

Max Brodek bere lagun Franz Kafkaren nahia bete ez, eta hala sartu ziren biak literaturaren historian. Israelen ebatzi berri dute idazle bien lan argitaragabeak jabetza publiko bihurtzea. Hala ere, badirudi luze joko duela prozesuak.

Nahastu egiten dira sarri literatura eta literaturaz kanpoko kontuak. Edo ez; nahastuta datoz berez. Franz Kafka eta Max Brod izen-abizenak bezala. Ezin dira elkarren artetik bereizi. Izan ere, oraindik ere soka luzea dakar Kafka eta Broden artekoak. Aste honetan jakin dugunez, Israelgo epaile batek ebatzi du Max Broden artxiboa jabetza publikoaren esku utzi behar dela; zehazki esanda, Israelgo Liburutegi Nazionalean. Egia esanda, zaila da jakitea txirikorda horretan zer den literatura eta zer beste zera hori.

Itxuraldatzea

1902tik, elkar ezagutu zutenetik, lagun minak izan ziren biak. Kafka ez bezala, Brod gaztetatik izan zen idazle emankor eta arrakastatsu. Esaterako, haren lehen nobela—Schloß Nornepygge—espresionismoko maisulantzat hartu zuten Berlingo literaturazaleen artean. Era berean, Brod sinestuna zen oso, sionista nabarmena. Beraren esanetan, etengabe saiatzen zen laguna jabetu zedin literaturarako zuen talentuaz, baina Kafkak zalantza egiten zuen beti. Brodek zioenez, berak konbentzitu zuen laguna, kostata, argitara eman zitzan lan apur batzuk, bizi zen artean.

Hilurren zelarik, Kafkak ezin argiago utzi zuen idatzita Brodentzako ohar batean: idazlanak hartu, eta «Ungelesen zu verbrennen», hau da, «irakurri gabe erre». Hala ere, «arrazoi pisudunak» argudiatu zituen Brodek lagunaren nahia ez betetzeko. Urte batzuk lehenago, 1921ean, testamentua egitea erabaki zuen Brodek. Honelaxe azaldu zion lagunari: idatzita utzi zuela zer nahi zuen bota eta zer gorde. Kafkak brastakoan bota zion orduan —Broden esanetan, betiere—: «Bada, nire testamentua oso sinplea izango da. Bertan eskatuko dizut dena erretzeko». Eta Brodek erantzun: «Hori eskatzen badidazu serioski, jakin ezazu gaurdanik ez dudala beteko nahi hori».

Dora Diamant-ek, Kafkaren azken maitaleak, Broden antzeko enkargua jaso zuen: 35 eskutitz eta 20 koaderno erretzea. Erre zituen batzuk, gorde zituen bestetzuk. Baina 1933an Gestapo haren Berlingo etxean sartu zenetik, ez da paper horien berririk izan. Bere aldetik, Brodek Praga utzi zuen 1939an, naziek hiria hartu zutenean. Palestinara egin zuen ihes, eta ondasunen artean eraman zuen lagunaren eskuizkribuz beteriko maleta bat.

Prozesua

Broden ekimenez, Kafkaren lan hautatuak argitara eman zituzten sei liburukitan. Baina beste lan batzuk —asko edo gutxi oraingoz ez dago jakiterik— itzalean geratu dira. Max Brod hiltzean, 1968an, haren idazkari eta maitale Esther Hofferen esku utzi zuen artxiboa. Bertan, Kafkaren koaderno, marrazki eta eskuizkribuez gain, Broden egunerokoa eta elkarri idatzitako eskutitzak daude, baita beste idazle batzuei idatzirikoak ere —tartean, Stefan Zweig austriarrari idatzirikoak—.

Hoffek saldu egin zuen artxiboaren zati bat. Esaterako, Alemaniako Literatur Artxiboak ia bi milioi eurotan erosi zion Der Prozess lanaren eskuizkribua. Gainerakoa bere alabei utzi zien, eta haiek hamar kutxa gotorretan gorde zuten, Tel Aviv eta Zurich hirietan. Alabek argudiatu izan dute amaren opari bat dela, baina Talia Kopelman Pardo epaileak ebatzi berri du jabetza publikoarena behar duela izan. Eva Hoffek, bizirik den alaba bakarrak, helegitea jarriko duela iragarri du.

Israelgo Liburutegi Nazionalean pozarren hartu dute Kopelmanen erabakia. Aditzera eman dutenez, epaia betearazten bada, sarean jarriko dituzte lan horiek guztiak. Oren Weinberg zuzendariak honako hau adierazi du: «Max Broden nahia beteko da». Hagai Ben Shamai zuzendari akademikoak, bere aldetik, hauxe esan du: «Idazlanak Israelera ekarri izanak eta bi idazleak juduak izateak argi uzten du lanok israeldarronak direla eta herrialde honetan gelditu behar dutela». Hala ere, epaiketan jakin dutenez, Broden 1948ko testamentuak dio artxiboa erakunde publiko baten esku utzi behar dela, Israelen edo atzerrian.

«Zinez albiste ona da material hori publiko izango dela jakitea. Sarean eskuragarri izango denez, garrantzitsua ez da izango non dagoen fisikoki.» Hala mintzatu da Ritchie Robertson, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta Kafkaren lanean aditua. Uzkur azaldu da, ostera, Will Self idazle ingelesa: «Honek guztiak zera ekarriko digu: doktore tesi gehiago, irakurtezinak eta irakurriko ez direnak». Gogor kritikatu ditu Brod eta Israel: «Brod bera saiatu zen Kafka kanonizatzen santu sionista moduan, eta Israelgo Estatua, paper horiek eskuetan, bide horretan segitzeko asmoz dabil. Nolanahi ere, ez du hainbeste axola, idazlanek hantxe jarraituko dutelako, beren kontrakotasunean, askotariko sentipenak eraginez irakurleen artean».

Hortaz, zenbateraino izan da Broden itxuraldatzea irakurleok ezagutzen dugun Kafka? Argi mintzo da Reiner Stach filologo eta biografoa: «Max Brodek geldiarazi egin zuen Kafkaren lanaren garapena, bai edizio aldetik, baita interpretazio aldetik ere. Esku hartze nabarmena izan zuen, eta meritu handia, lan hori zabaltzen. Alabaina, ez zuen ulertu une batetik aurrera lan horrekiko lotura hautsi behar zuela.»

Kafkaren lanak zatikako izaera du, amaigabea. Stachen esanetan, Brodek izaera itxia eman nahi izan zion, hori zelakoan modurik onena ezagutzera emateko idazle ezezaguna. «Gaurko biografia batek zatikako izaera hori azpimarratu behar du, berau azaldu. Kafkak utzitakoa paisaia handi bat da, erorkinez eta hondakinez josia. Baina sortzeko era hori aditzen badugu, hobeto ulertuko dugu Kafka».

—————————–

Kundera, kafkologoen kontra

Milan Kunderak gupidagabe egurtu zuen Max Brod Les Testaments trahis liburuan; hain justu, lagunaren nahia «traizionatu» zuelako. Era berean, editore ezin txarragoa izan zela eta astakirten baten moduan jokatu zuela salatu zuen Kunderak. Liburu horretan aipatzen da «kafkologia» delakoa, zeinaren arabera Kafkaren lana aztertzen den, baina ez literaturaren historiaren testuinguru zabalean, baizik eta haren bizitzaren testuinguru biografiko hertsian. Kunderaren esanetan, Kafkaren bizitza hagiografia edo santuen bizitza bihurtzen da kafkologoen eskuetan; hala, estetikaren esparrutik kanpo uzten dute haren lana. Azkenik, Kunderaren ustez, kafkologoena ez da literatur kritika, exegesia baizik (testu sakratuen interpretazioa) eta, horren ondorioz, Kafkaren lanetan alegoriak baino ez dituzte ikusten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.