Edurne Elizondo / 2012-10-18 / 1.631 hitz
Azken urteotan araudiek baldintzatu dute hegazti horren egunerokoa. Mendian sarraskiak uzteko debekuak uste zen baino bidaia luzeagoak egitera eraman du, orain jakin denez.
Hiri bateko eraikin bateko teilatua ez da sai arrearen berezko habitata. Azken asteotan, ordea, hainbat agertu dira Euskal Herriko hainbat txokotan. Azkenetako bat, Iruñeko Arrotxapea auzoan. Bernardino Tirapu zeharkaleko etxebizitza baten gainean agertu zen, duela hamar egun. Leher eginda zegoen. Goseak hila. Zortzi kilo eta erdi pisatzen ohi dute putreek gurasoen babespetik alde egiten dutenean, eta Iruñean agertu zena bost kiloko animalia baino ez zen.
Zazpi hilabeteko putrea zen; habiatik atera berria beraz; ezin zuen hegan egin. Nahiko ohikoa da sai arre gazteen artean zer jan bila hegan egiten hasi, eta deus aurkitzen ez badute, indarrik gabe gelditu, eta edozein txokotan agertzea. Esperientzia handirik ez dute oraindik, eta hilik agertzen dira haietako anitz. Bertze zenbaitek, berriz, Arrotxapekoak bezala, zalaparta pizten dute hiri baten erdian agertzen direnean.
Ospe txarreko animaliak dira sai arreak. Hegazti itsusiak, jende anitzentzat. Haien buru soilak itxura berezia ematen die. Halakoxea behar dute, ordea, burua sarraskiaren barruan sartu, eta erosotasunez jan ahal izateko. Korronte termikoak profitatzeko eta hegalei eragin gabe distantzia luzeak zeharkatzeko duten gaitasunak animalia berezi bilakatzen ditu. Hegaldi dotorekoak. Azken bi urteotan markatutako aleek erakutsi dute, hala ere, adituek uste zuten baino gutxiago dakitela sarraskijale horri buruz. Ezuste bat baino gehiago hartu dute animalion ohiturei buruz eta azken urteotan mendian sarraskiak uzteko debekuari aurre egiteko haien moduari buruz.
Hego Euskal Herriko hamaika sai arre markatu zituzten 2010. urtean, Europako Necropir proiektuaren eskutik. Haiei esker, adituek ondorio nagusi bat atera dute: zer ikasi anitz badutela. «Gazte direnean hemendik Afrikarako bidea egin dezaketela bagenekien; baina orain jakin dugu, txitak hazten ari direnean ere, ehundik gora kilometroko bidaiak egin ditzaketela zer jan bila joan, eta gero itzultzeko», azaldu du Gestion Ambiental de Navarrako Alfonso Llamasek. Gobernuaren etxe horrek kudeatzen du Necropir proiektua Nafarroan.
Herrialde horretan markatutako putreak, adibidez, Madrilgo zabortegi batean aurkitu dituzte. Bidaia luze horiek, hain zuzen ere, zer jan bila egiten dituzte sai arreek. Beharrak bultzatuta, alegia. Behar horrekin zer ikusteko zuzena du azken hamarkadan indarrean egon den araudiak.
Behi eroen gaitzaren harira, hildako animaliak mendian uztea debekatu zien Europak abeltzainei. Debeku horrek mugatu egin du sai arreek eta bertze hegazti sarraskijaleek beren kabuz mendian aurkitu ahal izan duten animalien kopurua. Ez du erran nahi, hala ere, deus gabe gelditu direnik. «Nafarroako Gobernuak, kontrol zorrotza ezarriz, hamabost-hamazazpi puntutan utzi ditu sarraskiak azken urteotan. 900.000 kilo inguru haragi urtean», erran du Llamasek. Nafarroa ez da neurri hori hartzen bakarra izan. Saiek ezagutzen dituzte sarraskiak uzteko toki horiek, eta egiten dituzten bidaietan haien bila aritzen dira.
Nafarroan, 2.800 bikote
Nafarroan, herrialde osoan ikus daitezke sai arreak, baina Pirinioetako eta Pirinioaurreko amildegietako hormetan egoten dira batez ere. Halako lekuak behar dituzte txitak hazteko. Urtean bakarra izaten dute bikote ugaltzaileek, otsail aldera. Mantso hazten dira, eta ekain-uztailera arte ez dira hegan hasten. Txita, finean, gurasoek jatekoa aurkitzeko erakusten duten trebeziaren menpe da. Txita galtzen duten bikoteak, anitzetan, ondoko habiakoa elikatzen hasten dira. «Txita horren gurasoak habiatik botatzeko gai ere izaten dira», azaldu du Llamasek.
«Nafarroako sai arreen populazioa da Europako onena; munduko onena ere bai, ziur aski», nabarmendu du. Herrialde horretan ia 2.800 bikote ugaltzaile daude. Kopuru horri, noski, ugaltzen ez diren sai gazteena erantsi behar zaio. «Ugaltzen ez diren horiek milatik gora dira», gaineratu du Jesus Mari Lekuona biologoak. «Gazteak dira anitz, baina badira ugaltzeko saiorik ere egiten ez duten helduak ere». Sai arreen inguruan, hamaika lan egin du Lekuonak, bertzeak bertze Nafarroako Gobernuarentzat.
Bizitza luzeko animaliak dira putreak. Bikote ugaltzaileen produktibitateak, hala ere, behera egin du Nafarroan, azken lauzpabost urteotan. Europako debekuak izan du eraginik gurasoek zer jan aurkitzeko duten aukeretan. Iaz, behi eroen gaitzaren harira jarritako debekua bertan behera uztea erabaki zuen Europak, baina Nafarroan oraindik ere araudia ez da aldatu.
Nafarroako Ingurumen Departamentuko kideek ezagutarazi dutenez, Europako araudi berria ezarri ahal izateko hainbat urrats egin behar dute. Izan ere, ezin izanen dira hildako animalien gorpuak edozein tokitan bota. «Sarraskiak uzteko puntuak identifikatu behar ditugu, eta, batez ere, toki horietara haien animaliak eramanen dituzten abeltzainen zerrenda osatu behar dugu. Hori guztia zehazteko, denbora behar da».
Zer jan aurkitzeko zailtasunek eragindako ustezko putreen erasoez gauza anitz erran izan da Europako debekua martxan jarri zenetik, baina biologoek argi dute hegaztion biologia ez dela aldatu eta, ondorioz, ez direla bizirik eta sasoian diren ardiak edo bertze animaliak hiltzeko gai. «Bertze kontu bat da gaixo, ahul, ezin mugitu edo erditzen ari diren ardiei edo behiei eraso egitea. Hori ez da gauza berria. Akaso orain lehenago ailegatzen dira putreak animaliok diren tokira, baina halakoak beti gertatu dira». Ados dira horretan Llamas eta Lekuona. Zenbait behiren kasuan, nabarmentzekoa da genetikaren ikuspuntutik hobera egiteko saioek txekor handiagoak izan dituztela ondorio, eta horrek zailago bilakatu ditu erditzeak. Horri gehitu behar zaio kasu anitzetan animaliak artzainik eta unairik gabe egoten direla mendian. Babesik gabe, alegia. Hala ere, ustezko erasoen salaketek behera egin dute Nafarroan azken urteotan.
Haize errotak, arerio
Jatekoa aurkitzeko zailtasunak ez dira sai arreen arazo bakarra. Nafarroan, 1.100 haize errota inguru daude, eta dorre horiek heriotza sententzia dira putre anitzentzat. Ingurumen Departamentuak zabaldutako datuen arabera, batez beste, 161 sai arre hiltzen dira urtean, haize erroten kontra jo eta gero. Datu horrek, hala ere, gutxieneko kopurua islatzen duela zehaztu dute, kasu anitzetan hildako hegaztien gorpua berreskuratzea zaila delako eta errota guztietan ere ez delako zehaztasun berberarekin jarraitzen eta aztertzen azpiegitura horiek hegaztiengan duten eragina.
Lekuona da haize errotek sai arreengan duten eragina aztertu duten adituetako bat. «Eragiten duten kaltea nahiko handia da, batez ere hegazti harraparien artean». Biologoak ikusi izan ditu sai arreak haize erroten hegalekin jolasean. «Mantso doazenean ez da deus gertatzen; baina, muturrean, orduko 200 kilometrotakoa izan daiteke abiadura. Horrek txikitu egiten ditu putreak».
Egin daiteke zerbait egoera horri aurre egiteko. «Errotaren bat kendu, adibidez. Parkeak diseinatzerakoan hartu behar dira neurriak, eta erroten arteko distantzia handitu». Egin dira saioak erroten hegaletan putreak uxatzeko eranskailuak jartzeko, baina ez dira eraginkorrak izan.
Arazoa da krisi ekonomikoak eragindako murrizketek ingurumenean ere izan dutela eraginik eta gero eta zailagoa dela beharrezko diren urratsak egitea, Lekuonak azaldu duenez. «Linea elektrikoak ere jotzen dituzte putreek. Esparru horretan, hartu izan dira haien eragina murrizteko neurriak».
Linea elektrikoak eta haize errotak ez dira bakarrik sai arreen arerio. Horixe nabarmendu du biologoak. Bertze hamaika espezieri ere kalte egiten diete. Jatekoa aurkitzeko zailtasunek ere bai. «Bertze sarraskijaleek ere, sai zuriek, miruek eta ugatzek, adibidez, aurre egin behar diote sarraskien eskasiari. Haientzat are zailagoa da egoera, bakarka bilatzen dutelako jatekoa. Anitzetan deus gabe gelditzen dira hegaztiok».
————————-
Juanma Perez de Ana. Biologoa: «Ez dakigu urtean zenbat putre gazte hiltzen ari diren»
Sestaoko Natur Zientzien Elkarteko kide da Juanma Perez de Ana biologoa (Barakaldo, Bizkaia, 1969). Aspaldi hasi zen sai arreak ikertzen, eta, oraindik ere, zer ikasi anitz badagoela argi du. Hiltzen diren putre gazteen inguruan kezka agertu du. Etorkizunean zer gertatuko den aurreikustea zaila da, haren ustez.
Zein da sai arrearen egoera Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan?
Herrialde horietan sai arreen populazioak gora egin du azken 30-40 urteotan. Horretan denak dira ados. Zenbaitek, ordea, ez dute aipatzen zein izan zen abiapuntua. Kontua da putreak etengabeko jazarpena pairatu zuela XX. mendean, urte luzez. 1966. urtean babestu zituzten saiak eta hegazti harrapariak. Orduan hasi zen egoera aldatzen.
Zenbat daude, zehazki?
2008ko erroldaren arabera, 98 bikote ugaltzaile baziren Bizkaian, 529 Araban, eta 178 Gipuzkoan. Kopuruak, ziur aski, gora egin izanen du azken lau urteotan, baina 2008ko datuak dira ditugun osoenak.
Zerk mugatzen du sai arrearen populazioa?
Nagusiki, jatekoa lortzeko duen aukerak. Gizakiaren jazarpenik ez badago, hori da muga nagusia, habiak egiteko tokia badutelako herrialde horietan. Jatekoa lortzeko aukera horretan, hala ere, gorabeherak izan dira azken urteotan. Hildako animalien gorpuak mendian uztea zaildu dute azken urteotako araudiek, eta horrek izan du ondoriorik.
Nafarroan bezala, behera egin du bikoteek hazten dituzten txiten kopuruak?
1999. urteko datuen arabera, garai hartan bikote ugaltzaileen produktibitatea %75ekoa zen. Gorobelen, adibidez, kopuru hori jaitsi egin da nabarmen, eta egun %50-55ekoa da. Kopuru horrekin, oraindik ere, gora egin dezake populazioak, sai arrea bizitza luzeko espeziea baita. Datuek erakusten dute, hala ere, azken urteotako egoerak eragin diela.
Eta nola aurre egin diote egoera berri horri?
Egokitzeko gaitasun handia erakutsi dute. Lehen ez ziren tokietan agertu dira, adibidez. Gero eta ohikoago bilakatu da sai arreak zabortegietan ikustea. Markatutako putreen bidez, halaber, ikasi dugu urrun joan daitezkeela jatekoaren bila, eta itzuli. Sai arreari buruz anitz dakiten hainbat adituk ere aitortu behar izan dute animalia horri buruz egindako aurreikuspenetan huts egin dutela. Sai arrea animalia gogorra da, eta, erran bezala, egungo egoerara moldatzeko gaitasun handia erakutsi du, baina horrek ez du erran nahi jateko gutxiago izateak eraginik izan ez duenik.
Produktibitatearen beherakada ez da izan ondorio bakarra?
Ez. Gazteen artean ere izan du ondoriorik egungo egoerak. Ohikoa da, neurri handi batean, habiatik ateratzen direnean hainbat sai arre gazte hiltzea, jatekoa aurkitzeko gai izan ez direlako. Baina ongi ezagutzen ditugun kolonietan ikusten ari gara lehen gaztez beteta zirela eta orain hagitz gutxi daudela. Ez dakigu zenbat sai gazte hiltzen ari diren urtean zehazki, baina gerta daiteke, horren ondorioz, momentu batean, populazioak belaunaldi ordezkapenik ez izatea. Akaso hori hemendik bost edo hamar urtera sumatuko dugu.
Zaila da etorkizuna zein izan daitekeen aurreikustea?
Hagitz zaila da, bai. Egoera ez bada aldatzen, jatekoa edozein tokitan bilatzen jarraituko dute. Pentsatzekoa da populazioa egonkortuko dela. Baina zaila da erratea gazteen arteko egungo heriotza tasak zer ondorio izanen duen.
Administrazioek ez dute berriz ere sarraskiak mendian uztea baimenduko?
Berriki Eusko Jaurlaritzako eta aldundien arteko bilera izan da, araudi berriari buruz hitz egiteko hain zuzen ere, eta aldundiek ez dute egungo egoera aldatu nahi. Orain, enpresa bat arduratzen da hildako animalien gorpuak jasotzeaz, eta sistemak ongi funtzionatzen du. Abereek izan ditzaketen gaixotasunak ongi kontrolatzeko balio du sistema horrek, gainera. Hasieran, zaila izan zen ezartzea, baina orain ongi doa, eta aldundiek ez dute aldatu nahi. Noski, hori gertatzen bada, kaltea hegazti sarraskijaleek jasanen dute. Bertzeak bertze, sai arreek.