Juan Luis Zabala / 2012-11-21 / 608 hitz
Ainara Gorostitzu Mujikak 11 etorkini entzundako istorioak jasota osatu du ‘Aldamenekoa’
«Premia pertsonal batetik» abiatuta ekin zion Ainara Gorostitzu Mujika kazetariak (Ataun, Gipuzkoa, 1981) Aldamenekoa liburua (Elkar) lantzeari eta idazteari; «inguruari begiratzeko premiatik», zehazki. «Bat-batean, lana utzi nuelako, gelditu eta ingurura begira jarri nintzenean», azaldu du, «konturatu nintzen inguru hori gero eta gehiago osatzen zutela kanpoan jaio eta hemen bizi direnek. Orduan neure burua galderaz betetzen hasi zitzaidan: Zenbat etorkin ezagutzen ditugu? Gure lagunen artean zenbat etorkin daude? Zergatik uzten du batek bere herria atzean? Herrimina sentitzen al du obran lanean ikusi dudan langile horrek? Zerk bultzatu zuen lehen ikusi dudan andre hura hona etortzera? Zein ote dira haren ilusioak? Bete ote dira? Pozik bizi ote da hemen? Ba ote dauka inor etxean zain?».
Era horretako galderei erantzuna bilatu nahian, 11 lagunengana jo zuen, immigranteak guztiak; kanpoan jaio eta Euskal Herrira bizitzera etorriak horietako hamar, San Frantziskon bizi den euskal herritarra bestea. «Haien atea jo nuen, eta sukalderaino sartu nintzen. Kafe bat hartu, gero beste bat, batzuekin bazkaldu, besteekin afaldu, arratsaldeak pasa… Entzuten jartzea izan da kontua. Konfiantza eman beraiei eta konfiantza hartzea». Konfiantza horri behar zuen denbora emateko, hasieran grabagailurik gabe egoten zen Gorostitzu interlokutoreekin, eta kasuren batean —kanpoan bizi den euskal herritarrarenean, hain zuzen ere— baita topaketatik ateratako testurik argitaratzeko baimenik eta asmorik gabe ere, gero interlokutoreak horretarako oztoporik jarri ez duen arren.
Oso jatorri ezberdinak dituzte liburuko protagonistek, eta immigratzeko izan dituzten motiboak ere askotarikoak dira: arrazoi ekonomikoak, maitasun arrazoiak, sexu askatasunaren bilaketa, arrazoi militar eta politikoak, bizitza berri bat hasteko gogoa… Adinari dagokionez, gazteenaren eta zaharrenaren artean 50 urte inguruko aldea dago, eta immigratzeko garaiari dagokionez ere denetarik aurkitu ahal da haien artean, 70eko hamarkadan etorritakoetatik 90eko hamarkadan etorritakoetara.
Heroirik eta epikarik gabe
Liburuko protagonistak aukeratzean, Gorostitzuk ez ditu «istorio bereziak» bilatu. Istorio gehienetan agertzen dira kontu gogorrak —Senegaldik Europara aitaren ametsa betetzera etorritako mutilaren kasua, edota kartzelatik ihesi Gaza jaioterria utzi behar izan zuen palestinarrarena, adibidez—, baina Gorostitzuk ez du bilatu istorio epikorik, tragediarik, heroirik. «Entzuten jarrita, istorio guztiak dira bereziak, eta pixka bat urratuz gero, haritik tira eginez gero, denetan azaltzen dira kontu ezohiko eta interesgarriak. Zure aldamenekoaren atera jo eta aurkituko zenukeen istorio horietako bat kontatu nahi izan dut».
«Datuetatik pertsonak bereiztea» bilatu du Gorostitzuk, jabetua baitzegoen etorkinei buruz entzuten zuen gehiena datuak eta zenbakiak zirela, edo arauak eta legeak bestela. Eta lanak eman du fruiturik: «Etorkin bati aurpegi bat, izen-abizenak eta bizitza bat jartzen dizkiozunean, zure begiratzeko modua aldatzen da. Nire kasuan, behintzat, hala izan da. Desberdin begiratzen diezu, eta desberdin hartzen zaituzte haiek zu ere. Aldamenekoaren aldamenekoa norbera dela esateko nahi horrekin egina dago liburu hau».
Honako hauek osatzen dute liburuko protagonisten zerrenda: Aliona Mocreac (Moldavia), Souad Bricha (Maroko), Anwar El Hag (Palestina), Zuriñe Anzola (Venezuela), Chelo Rincon eta Armando Valbuena (Kolonbia), Claudia Fonseca (Nikaragua), Ana Murcia (El Salvador), Angele Goyeneche (San Franciscon bizi den euskal herritarra), Pedro Nuño (Espainia) eta Omar Sarr (Senegal).
Ana Murcia, liburuaren protagonistetako bat, aldamenean izan zuen atzo Gorostitzuk, liburua aurkezterakoan. El Salvadorren jaioa da, eta azken zortzi urteotan Errenterian bizi da (Gipuzkoa). Atzo esan zuenez, bera partaide duen talde feministak erabaki zuen erantzunik ez ematea handik eta hemendik ikerketetarako eskatzen zizkieten galdetegiei, «nazkatuta» zeudelako «soilik datu gisa edo zenbaki gisa hartuak izateaz». Horregatik, Gorostitzuk bere asmoaren berri adierazi zionean, baiezkoa eman zion liburuan parte hartzeko eskaintzari. «Liburu hau tresna bat da elkarbizitzarako bidearen bilaketan», Murciaren ustez.
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Tene Mujika historia hurbilaz idazteko beka irabazi zuen Gorostitzuk Aldamenekoa idazteko egitasmoarekin, eta Elkar argitaletxeak argitaratu du liburua, Lekuko sailean. Iaz bi irabazle izan zituen sariak: batetik, Gorostitzu; bestetik, Pako Aristi eta Mikel Markez, Plazer bat izan duk, Benito! liburuaren egileak.