Josean Gil-Garcia / 2012-11-02 / 650 hitz
Herriko plazatik abiatuta, hondartzaz hondartza ibiliko gara Donibane Lohizuneko lurretan barna. Itzuli polita osatuko dugu, Zenitz natur eremura iritsi arte.
Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Louis XIV.aren plazan hasiko dugu ibilbidea. Musika kioskoa inguratzen duten platanondoak atzean utzita, kostaldera joko dugu. Ezinbestekoa, beraz, jatetxez jositako Errepublika kaleari jarraitzea. Zerbitzarien amuaren tentazioari aurre eginda —zaila izaten da, orduaren arabera—, badiaren aurreko pasealekuan izango gara. Jacques Thibaud musikariari eskainitako bideari eskuinetik jarraituko diogu, eta kostaldea ederkiro inguratzen hasiko gara. Zeruertza mugatu nahirik edota itsasoaren haserrealdia baretzeko asmoz, Sokoako, Artako eta Santa Barbarako dikeak ikusiko ditugu badiaren erdi-erdian. Ezkerreko bazterrean, Sokoako gotorlekua dago, Ziburuko lurretan altxaturik; Santa Barbarako lurmutur berdea, berriz, eskuineko zokoan ikusiko dugu.
Minutu batzuk karriketan barna eman ostean, Pergolako galerietarako urratsak egingo ditugu. XIX. mende bukaerako tunel historiko horretan, turista saldoak ikusiko ditugu, harat-honat etengabe. Indarberritzeko pausalekua topatzeko desiran, akaso. Pasealekuko tarimak, ordea, eraikin bitxiaren altxorra agerian utziko digu, zaila izaten baita lur azpiko magmari darion lurrinari bizkarra ematea. Izan ere, usain hezeek galeria osoa hartzen dute, lurrin dantza exotiko baten antzera. Zer dela eta? Aspaldiko bainuetxe baten gainean gaude. Horra hor misterioa! Pergolakoa 1880ko uztailaren 1ean inauguratu zutela kontuan hartuta, instalazioari modernotasuna dario gaur egun. Turisten opor gosea baretzeko xedez egokitua da, zinez.
Bidegorri bati ekingo diogu galeriatik irtendakoan. Paseorako galanki egokitua denez, Santa Barbarako talaiarantz abian jarriko dira ibiltariak. Nork bere erritmoari eutsiz, jakina. Gaur egun, oinez abiatuko dira, sosegu handiko paseoan; XX. mendeko bigarren hamarkadan, haatik, Baiona eta Hendaia lotzen zituen tranbia moderno batean. Ibili-ibilian, soa atzerantz luzatzeko aukera izango dugu. Xoldoko gaina, Aiako Harria eta Jaizkibelgo bizkar ezaguna ikusiko ditugu tupustean, hirurak Pergolako eraikinaren eta Sokoako gotorlekuaren artean altxaturik. Santa Barbarako tontortxora berehala igoko gara. Belarrez tapizatutako mazela urratzen duten eskailera mailei jarraituta, orientazio mahaiaren ondoan izango gara. Ikuspegi zabala harrapatuko dugu tontorretik, batik bat Larrun erraldoia, Donibane Lohizune herriaren bizkartzain baten moldean.
Zenitz eremu babesturantz
Itsaslabarraren paraleloan jarraituko dugu, ekialderantz. Aspaldiko trenbideari samur-samur lotuko gatzaizkio, landaretza hertsiak eta gerra garaiko bunkerrak aldamenean daramatzagula. Etorbidetik irtendakoan, Van Bree belgikarraren omenezko baselizatxoa eta kripta bitxia bisitatzeko aukera dugu. Noranzkoa aldatu gabe, ondoko aparkalekua zeharkatu eta errepidetxoaren paraleloan jarraituko dugu. Hurrengo bidebanatzean, Itsas Bazterreko Xendra —Littoral izenekoa— ezkerrean lagata, Paul Jovet (1896-1991) baratze botanikora joko dugu. Lorategiko sarrerara iritsitakoan, Artxiloako gurutzea ikusteko aukera emango digu ezkerretik abiatzen den bide asfaltatuak. Gurutze ondoko behatokitik, Erromardiko hondartza eta Angeluko bazterrak erraz harrapatuko ditugu.
Artxiloatik bide nagusira atera eta, seinaleei jarraituta, Erromardiko hondartza miragarriaren aurrean izango gara. La Guinguette tabernaren aurretik igaroko gara laster. Maldan gora abiatuta, Xibau Berriko bidearekin bat egitean, ezkerrera egingo dugu. Ehunka metro egingo ditugu lasai-lasai, asfaltoa gogaide eta noranzkoa aldatu gabe. Altzifre handi baten ondora iritsitakoan, ordea, errepidea utzi eta ezkerraldetik doan bidexkari helduko diogu. Kostaldeko bidexkari jarraituz, Lafiteniako hondartzara iritsiko gara. Itsaso ondora jaisteko aukera izango dugu orduan, xenda balizatuak eskaintzen digun moldean. Guk, berriz, ez dugu goratasunik galduko, eta Kokoteko karrikatik barna jarraituko dugu. Aurreragoko bidebanatzean, ezkerrera egin eta, kanpinen aurretik igarota, Maiarko hondartzara iritsiko gara. Aparkalekua ondoan utzirik, Hondartzetako Bideari ekingo diogu. Uste baino arinago, Zenitz eremu naturalera iritsiko gara. Getariako mugan baikaude, Donibane Lohitzunerako bideari ekingo diogu, Donibanera itzultzeko asmoz.
Zenitzeko errekastoa gurutzatuta, maldan gora abiatuko gara, behialako tranbiarekin bat egin arte. Eskuinera egingo dugu orduan, eta Ahotzaren bidetik jarraituko dugu. Napoleon III.aren etorbideari men eginez, erraz egingo zaigu imajinatzea tranbiak egiten zuen bidea. Trazadura leunari men eginez, Erromardirako bidea topatuko dugu. Hondartzara iristean, bizikletentzat egokitua den bideari ekin eta kostaldeko bidea bazterrera utziko dugu. Edmond Rostand etorbidea hartuta, aldats gora abiatuko gara. Kaleak banatzean, eskuinera egin eta Pierre Loti idazlearen omenezko etorbidetik jarraituko dugu, harik eta Itsaso Handiko karrikarekin bat egiten dugun arte. Ezker-eskuin eginez, Bakearen Ama elizara joko dugu. Tenplu aurretik igarota, Artxiloako karrikari helduko diogu. Pilotalekuaren ertzetik igaro eta gero, hondartzetarako bidea hartuko dugu.
Zirkuitu hau Donibane Lohizuneko plazan amaituko dugu.