Alex Gurrutxaga / 2012-11/ 492 hitz
- Izenburua: Alter ero
- Egilea: Bertol Arrieta
- Argitaletxea: Susa
Aho gustu gazi-gozoa utzi dit Bertol Arrietaren bigarren ipuin liburuak. Gozoa, istorio interesgarriak biltzen dituelako. Gazia, kontaerek ez nautelako guztiz ase.
Zortzi ipuin daude Arrietaren liburuan, giza harremanak jorratzen dituzten sei eta literatura ardatz duten bi. Eguneroko bizimoduari begira sortutako ipuinak dira, baina ez horregatik ohiko gauzak kontatzen dituztenak. Izan ere, arrunta denari buelta bat ematen ahalegintzen da Bertol Arrieta, gure ohiko ego zuzenari alter ero bat bilatzen.
Sortu dituen pertsonaia nagusiak antiheroiak dira; jende arrunta da berez, eta bat-batean gertaeraren batek euren mundua iraultzen du. Idazleak berak esan bezala, «gertaera xumeak» dira, baina hala ere, arazoak euren onetik ateratzen ditu pertsonaiak. Horiek galduta aurkitzen diren une horretan hasten dira kontuak ezohiko izaten. Arrietak modu finean erabiltzen duen absurdoa nagusitzen da maiz, modu indartsuenean ipuin metaliterarioetan; nahiko modu lortuan Un tal Ekain ipuinean, non narratzaile batek Cortazarren semea dela sinetsarazi nahi digun, eta ez hain ongi Ipuin perfektua-n, idazle batek horixe bera idazteko ahalegina egiten duenean. Alde horretatik, umorerik ere ez da falta, eta hori ere modu finean lantzen du Bertol Arrietak. Txispa dezenteko momentutxoak daude, esaterako, Bye ipuinean.
Bestalde, pertsonaien karakterizazioa sendoa dela esango nuke, alegia, ongi jabetzen garela pertsonaia nagusiak nolakoak diren. Gustatu zait, gainera, nola jabetzen garen. Arrieta ez da pertsonaien barne mundua kontatzen hasten; askotan, pertsonaia nagusiak eurak dira narratzaileak, eta euren hitz egiteko eta jokatzeko moduaren bidez ezagutzen ditugu (kontatu baino gehiago, erakutsi egiten zaigu nolakoak diren).
Aipatu beharrekoa da in medias res ordena, hainbat ipuinetan oinarrizko egituran baitago. Pertsonaia aurkezten zaigu lehenbizi; gero, une batean, pertsonaia nagusia pentsaketan hasten da (ile apaindegian eserita, igerian, eta abar), eta horrela, bi garaiek bateratsu egiten dute aurrera. Hori egiten du egileak, esaterako, Ordezko atezainaren balada-n, nire ustez liburuko ipuin onenetakoan. Bertan, orrialde gutxian hiru lagun errusiarren bizimodua modu eraginkorrean kontatzen da.
Gazi puntua kontamolde zenbaitek utzi dit. Batzuetan, ipuinen mezu nagusia lausoa iruditu zait, eta horrek erabilitako teknikaren eta gaiaren artean disonantzia dagoela pentsatzera narama (esaterako, Ez da zinemazaleentzako herrialdea ipuin ez oso sinesgarrian mezu nagusi sendorik ez dut harrapatu). Antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke Laurak eta hodei ipuinean ere; teknikak mezuaren alde ala kontra egiten duen zalantzak ditut.
Izan ere, teknika berezi zenbait lantzen ere ahalegindu da Arrieta (aipatutakoaren amaieran, kasurako) eta emaitzek ez naute erabat konbentzitu. Baliatu duen errekurtso bat pertsona narratiboen aldaketa da (Ordezko atezainaren balada-n, adibidez), baina uste dut ez dagoela argi zertarako, eta horrek ipuinaren aurka egiten duelakoan nago. Era berean, azken ipuin zinez onaren amaiera irekiak ez duela funtzionatzen esango nuke (bigarren mailako pertsonaia, emaztea, ez baitu irakurleak nahikoa ezagutzen aurreikuspenik egiteko). Topiko zenbait eta esapide ez oso egoki batzuk ere badaude (adibidez, «poz apur bat ekarri dio, keinu arraro batean bilakatu dena» bezalako egiturak, «napolitarrik grinatsuena bezain odol berokoa» edota «airean hartzen zituen»).
Esan bezala, sentsazio nahasia utzi dit liburuak; bai baina ez, ez baina bai. Azpimarratuko nituzke giza-harremanekin egoki erabilitako umoreaz eta absurdoaz gain, pertsonaia nagusi ongi definituak eta errealitatea bihurritzeko modua.