Euskara jostagarri bilakatzen

Iñigo Astiz / 2012-11-20 / 1.329 hitz

Gora egin du nabarmen azken hamarkadetan euskarazko jostailuen eskaintzak, eta oraindik ere gabeziak dauden arren, gero eta zabalagoa da haurrek aisian ere euskara erabili ahal izateko merkatuan den eskaintza.

Kontraesanezkoa dirudi, baina egia da: jolasa ez da jolaserako kontua. Ez, behintzat, jolaserako kontua bakarrik. Garrantzi handia dute jostailuek umeen garapenean. Besteak beste, beren nortasuna eta autonomia lantzeko tresna dira, eta jolas eta jokoak ongi hautatzeko beharra azpimarratzen dute hezitzaileek. Hizkuntzak ere badu bere garrantzia prozesu horretan, eta azken urteetan nabarmen egin du gora euskarazko eskaintzak. Izan ere, handia izan da euskara jostagarri bihurtzeko egindako lana.

Jolas kontua da, baina baita estrategia kontua ere. Nerea Arregi Ikastolen Elkarteko Jokogintza sailaren arduradunak azaltzen du zergatik: «Guk euskaldunak hezi nahi ditugu ikastoletan, eta horregatik lantzen dugu jokogintzaren alorra. Euskararen erabilera sustatu nahi dugu aisialdian. Badakigu gaur egun eremu formaletik eremu ez formalerako jauzian dagoela koska. Horregatik da garrantzitsua euskaraz jolastea gela barruan, ikastetxeko patioan, eta baita etxean eta kalean ere. Aisialdiko esparru hori ere hartu behar dugu».

Arregik azaltzen duenez, ez da txikia euskarazko jolas eta joko materialen garrantzia. Eskola barrutik, eskola kanpora ere eraman behar da hizkuntza. Eta jolasa izan daiteke horretarako bide. Euskararen jakintzak gora egin du azken urteetan, euskaraz hezitako ikasleen kopuruak ere gora egin duen heinean, baina bestelakoak dira gauzak erabileraren kasuan. Kontraesana dirudien arren, egia da: jakintzaren gorakadak ez du erabileraren neurri bereko gorakadarik ekarri. Eta, beraz, serioa da hizkuntza jostagarri bilakatzearen beharra.

Dioenez, ez da txikia izan orain arteko lana. Irriz gogoratzen ditu lehen urratsak. «Gu 1991n hasi ginen jokogintzan. Olentzeroren puzzle bat izan zen kaleratu genuen lehen eskaintza. Horrekin heldu ginen Durangoko Azokara, Olentzero batekin eta postal batekin! [Barre egiten du]. Negargarria zen, baina aurrera egin dugu, ilusio handiz. Urteekin 65 bat jostailu eta joko garatu ditugu». Gogoratzen duenez, garai hartan apenas zegoen euskarazko jokogintzan aritzen zen argitaletxerik. «Gaur egun badaude lau edo bost ekoiztetxe», zehazten du Arregik, eta ikastolena da handienetariko bat.

Hainbat zutabe aipatzen ditu Arregik beren jostailugintzan. Psikologia ebolutiboa da bat. Jolasak umearekin batera garatu behar duela, alegia. Badago urtez urteko eboluzio bat haurrengan, eta horri erantzun behar diote jostailuek. Faseka egiten du sailkapena Arregik. Gaitasunen araberako adin tarteka. 0 hilabetetik aurrera: ariketa jolasak. Bi urtetik aurrera: muntaketa jolasak. Bi eta zortzi urte artean: jolas sinbolikoak. Eta arauak dituzte jolasak lau urtetik aurrera. «Momentu oro eduki behar dugu argi hori. Horrek markatzen baitu une bakoitzean zer-nolako materiala beharko dituen umeak jolasaren garapenaren ikuspegitik».

Euskal curriculuma ardatz

Baina ez da hori zutabe bakarra. Euskal curriculuma da bigarrena. Hori da elkarteak kaleratzen dituen material guztien bigarren ardatza. «Curriculum horretan ageri diren balioek isla izan behar dute joko eta jolasetan. Hori guztia batera doa, eta jolasa ere bada oso bitarteko aproposa euskal curriculuma bera garatzeko. Zein dira balio horiek? Bizikidetza, hezikidetza, elkartasuna, iraunkortasuna… Definitituak ditugu lanerako ildo horiek, eta jokoetan ere balio horiek sustatzen ditugu. Gure proiektu guztian etengabeko zehar lerro bat da hori». Izan da jolas ez sexistarik ba ote duten galdetu dienik, eta Arregiren erantzuna argia da: «Konstante bat da balio hori gure lanetan. Agian era esplizituagoan esatea komeniko litzaiguke, baina beti dugu presente balio sail hori, eta, beraz, gure katalogoan ez da jostailu sexistarik».

Euskal dimentsioa da hirugaren zutabe bat. «Gure ohiturak, gure kantak, gure dantzak lantzeko bitarteko ezin hobea da jolasa bera ere». Baina bada azken oinarri bat ere. Beste guztiak eusten dituen azken zutabea jostagarritasuna. «Ezinbestekoa da hori!», zehazten du Arregik. «Beste guztia alferrikakoa da, bestela».

Oraindik ere badira gabeziak, eta pixkanaka-pixkanaka betetzea da asmoa. Jolas sinbolikoen esparruan daude, dioenez, zulorik handienak. Panpinak, etxeak, sukaldeak… Urtero egiten dute Ikastolen Elkarteko kideek dauden beharren zerrenda bat, baina ezin beti hura bete. Izan ere, joko arauak ez dira beti aldekoak. «Telebista programa famatuetatik sortutako produktuak dira mundu osoan hedatzen direnak. Merchandising handia dago, eta guk ahalegina egin behar dugu gure materiala erakargarri izan dadin. Izugarria da lehia. Gu lau katu gara, eta jokoen merkatua mundu osokoa da».

——————–

Jolasaren garapen ebolutiboa

Adin tarteka sailkatzen ditu umeen jolas beharrak Nerea Arregi Ikastolen Elkarteko Jokogintza esparruko arduradunak. Psikologoa ere bada, eta Denis Garon psikologoak sortutako ESAR legez ezagutzen den eredua proposatzen du berak ere jolasak sailkatzeko.

ARIKETA JOLASAK (0 HILABETETIK)

«Haurraren garapenean lehendabiziko jolasak dira. Zentzumenei eta mugimenduei lotutako jolasak dira, norbere buruarekin nahiz objektuekin egiten direnak. Hasiera batean, mugimendu baten errepikapen hutsa dira, errepikatzea bera atsegin zaiolako haurrari: txintxirrinari eragin, kolpeak jo, zerbait hartu edo xurgatu… Bi edo hiru urtetik aurrera, jolas hauek konplexuagoak bihurtzen dira. Jolas hauen adibide dira arrasteak, trizikloa, bizikleta pilota, baloia, ziba, soka…»

JOLAS SINBOLIKOAK (2 URTETIK 8 URTERA)

«Jolas mota hau haurrak bi urte inguru dituenean hasten da, umea olgetako animaliekin edo autoekin jolasten hasten denean, esaterako. Jolas sinbolikoa deitzen zaio, sinbolo edo irudikapen bat dagoelako. Modu batera edo bestera, helduon mundua imitatzen du.

Jolas horien bitartez bereganatuko ditu haurrak gizarteko arauak, balioak eta rolak, eta horregatik da hain garrantzitsua neska-mutilak bereganatzen ari diren balioez hausnartzea, balio negatiborik ez bultzatzeko».

MUNTATZEKO JOLASAK (2 URTETIK AURRERA)

«Jolas mota honetan piezak elkartu, josi edo bata bestearen gainean jarrita eraikuntzak egiten dira. Jolasaren helburua eraikuntza egitea da, eta, horretarako, hainbat mugimendu eta ekintza koordinatu behar dira.

Bizitzako lehen urteetan egiten diren eraikuntzak oso errazak izaten dira, baina adinean aurrera egin ahala, eraikuntzak landuagoak izaten dira. Mota horretako jolasak dira eraikuntzak, puzzleak, buru hausgarriak, mekanoak, maketak…»

ARAU JOKOAK (4 URTETIK AURRERA)

«Giza harremanetan edo pertsonarteko harremanetan oinarritzen dira. Araua taldeak ezarritako erregulartasuna da, eta araua haustea, falta. Era honetako jokoetan jarraitu beharreko arauak daude, eta partaideek onartu egin behar dituzte, ezarritako helburua lortzeko.

Lau urte ingururekin hasten dira era honetako jokoak: dominoak, pare jokoak… Haurra helduagoa denean trivial eta gisako galdera-erantzunen jokoak, partxisa, estrategia jokoak…

Normalean talde jokoak dira, baina batzuk bakarrik aritzekoak dira».

——————————-
Arantxa Osoro. Txatxilipurdi elkarteko kidea: «Umeei irizpide kritiko bat helarazten saiatu behar dugu»

Urteak daramatza Txatxilipurdi elkarteak euskarazko jostailu erakusketak antolatzen. Bi hamarkada inguru, gutxi gorabehera. Gurasoei dagoen eskaintzaren berri ematea da haien helburua, eta baita hautaketa egokia egin ahal izateko informazio eta gomendioak eskaintzea ere. Bi hezitzaile izaten dira, horregatik, erakusketan. Haien gidaritzaz, jostailu guztiak proba ditzakete bertaratzen direnek. Arrasaten (Gipuzkoa) du egoitza elkarteak, baina hamaika herritan izan dira beren egitasmoarekin. Arantxa Osoro (Eibar, 1973) da proiektuaren arduradunetariko bat.

Hasiera batean eskaintza txikia izango zela pentsatzen dut.

Oso garrantzitsuak dira jostailuak umeen garapenean, eta horregatik erabaki genuen erakusketa jartzea. Kutxak ireki, eta jostailuak nolakoak ziren ikusi eta haiekin jolasteko aukera eskaintzea zen asmoa. Euskarazkoak eta erderazkoak jartzen genituen orduan jendearen eskura. Euskarazko eskaintza haziz joan zenez, ordea, euskarazkoak bakarrik jartzen hasi ginen gero. Publizitateak erderazkoak bakarrik aipatzen ditu, eta guk euskarazkoak erakutsi nahi ditugu.

Zer eginkizun dute jostailuek umeen garapenean?

Haien bidez ikasten du haurrak bere burua eta ingurua ezagutzen. Elkarbizitza garatzeko baliagarri zaizkio, komunikazioa lantzeko, eta baita bere nortasuna garatzeko ere. Arlo asko lantzen dira jolasaren bidez. Jostailu motaren araberakoa da hori. Horregatik, erakusketan kartel batzuen bidez jostailu mota bakoitzak lantzen dituen arloak azaltzen ditugu.

Publizitate uholdeari kontrapisua egitea ez da erraza izango.

Haurrari oso erakargarria egiten zaio publizitatea. Argiak, koloreak, musika… Haurrek telebistan ikusitakoa aukeratzen dute. Guk euskarazko jostailuak erakutsi nahi dizkiegu, hauek ere erakargarriak direla ikus dezaten.

Maila ona du euskal jostailugintzak?

Bai, oso ona. Gaztelerazkoak bezain ona.

Hitzaldiak ere eskaintzen dituzue. Zer da gurasoei azalten diezuena?

Jolasaren garrantzia aipatzen diegu, eta adin tarteka zer jostailu eskaintza dagoen ere bai. Umeei ikuspegi kritikoa helarazten ere saiatu behar dugula azaltzen dugu. Publizitatearen aurrean helduok gure esperientzia eta jakituriatik abiatuta, haurrari ulertarazten saiatu behar dugu publizitatean agertzen den guztia ez dela guztiz egia. Horrek ez du esan nahi iritziz aldatzen saiatu behar dugunik, baizik eta eskatzen duena benetan nolakoa den erakusten saiatu behar dugula. Gero berak erabaki dezala gustuko duen edo ez. Haur bakoitzak bere gustu eta interesak ditu, eta hori errespetatu beharra dugu. Oso garrantzitsua da haurrari gustatzen zaion jostailua erostea, eta ez guk harentzat nahi genukeena, horrek erabileran asko eragin dezakeelako.

Zein da jostailu bat ongi ez aukeratzearen arrisku nagusia?

Diru ugari gastatu daiteke, eta gero haurrak ez du erabiliko. Denbora hartu behar da erosketa egiteko, eta komeni da haurrarekin joatea eta harekin hitz egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.