Gorputzaren saio, eta hitzena

Mikel Asurmendi / 2012-11-04 / 456 hitz

  • Izenburua: Baita hondakinak ere
  • Egilea: Iñigo Astiz
  • Argitaletxea: Susa

Pertsona berriak etorri ziren, eta hainbat aztarna aurkitu zuten: aurreko zibilizazioen azalpenak. Uste zuten, euren aurretikoek ezarriak zirela aztarna haiek. Bai zera! Funtsean, azkenaurrekoek aurkitu zuten bera aurkitu zuten heldu berriek. Definitzeko moldea aldatu zuten, aurrekoek azaldu zuten gauza bera azaltzeko: mendia, hiria, eliza, museoa, kartzela, telebista edo telefono-gida.

Horregatik edo, poema hauen egileari lurrak balio zaio, baita hondakinak ere. Aurrekoek —Caeiro, Benn, Larkin, Whitman poetek…— utzitako aztarnak balio zaizkio, jakinik ere, poetei hiltzea aiseago zaiela bizitzea baino. Poeta honek, ordea, bizi nahi duenak bizitza aski izan behar duela dio: gorputza baino ez dugula merezi, diosku. Gorputza edota literatura. Gorputza eta literatura parekatzen ditu, gorputza eta literatura partekatzen ditu. Eurekin esperimentatzen du.

Anphora hautsi ez ezik —aurrekoetako batek zioenaz beste— anafora hautsi dela dio poeta geofago honek, baita anafora aspaldi hautsi zuena [pertsona] hautsia dela erran ere.

Suerte guztietako aztarnekin esperimentatzen du: museoko audio-gida, telefono-gida edota ETBrekin. Eta bereziki, gorputzarekin esperimentatzen du: eskaileretan argia piztuz behin eta berriz, geroago egon behar lukeen tokiko bere ausentzia imajinatuz. Esperimentu luminikoak, metafisikoak edota geo-domestikoak direla (bi)tarteko, berez ilunak diren bizipenak [poemak] argitu nahi ditu.

Iraganekoekin —amarekin eta aitarekin— partekatzen ditu lurra eta mina. Iraganeko mina lurralderik gabeko Euskal Herrian. Suerte guztietako minak bizi ditu, baina mina, minetan minena, gorputza partekatzen duen maitearekin —eta bere buruarekin— esperimentatu ohi du.

Durangoko Azokara gonbidatzen gaitu Larkinen ironiaz baliaturik, baita azokaren hondakinak —hezurreriak— dastatzera gonbidatu ERE. Gure azoka nagusia ez dadila hil, antzinatik eta urtetik urtera berpizten den gaubeilara gonbidatzen gaitu, euskal literatura salbatze aldera.

Edota Sandro Pennarekin eseri ohi da, eta hura irakurri, bere lagunek maiteekin laztanetan diharduteino: «Ausaz, gaztetasuna zentzumenak modu iraunkorrean maitatzea besterik ez da, eta dolurik ez izan», barrundatzen du ERE poeta honek. Eta lagunak maitetxoen laztanetatik askatzen direino horrela mehatxatzen ditu: «Beste batek arnasa hartzen du hemen, animalia gozoa, isila bera ere. Alta, nire bizitzaren harrabotsak antzinako bizitza berritzen du. Horrela baino biziago ez naiz inoiz egongo».

Nire konklusioa: hauxe da Dena.

Dena nahikoa nahasia heldu zait. Sotila eta indartsua hasieran, ikaragarria, irreala eta erreala gero. Dena-k hartu zuen/du aurrekoen denaren forma. Akaso, errepikapenak edo bertsioak besterik ez gara [poema hau legez], haragia zauritua baino ez, baina gu gara [liburuan dagoena] dena den. Izan ginena [pertsona] orain ez gara. Objektuen bidez identifikatuko gaituzte: hau zen beren garaia, hau beren lekua.

Funtsean, bat nator poeta honekin [pertsona honekin] lurraldetasuna gure gaia izanagatik ERE, ez da bereziki geografia behar duguna, gorputza baizik. Nago baina, [pertsona] geofago hau noizbait erdituko dela —nondik ez dakidan arren— bere-berezko poesiaz, eta Euskal Herria astinduko duela bertze amiñi bat, Astiz poetaren erara astindu ere: gure lurraldea Urbasa da, baita Urederra ERE. Ur eder basak aise urtu eta barreiatzen ditu gure hezurrak, baita gure hondakinak ERE.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.