Ion Olano Carlos / 2012-11-04 / 658 hitz
Mende erdia joan da haren lanik ezagunena, ‘Longa noite de pedra’, argitara atera zenetik; mende oso bat, jaio zenetik. Celso Emilio Ferreiro (Celanova, 1912 – Vigo, 1979) ezinbesteko mugarria da egungo Galiziako literatura ezagutzeko.
Harrituta geratu ziren poema sorta harekin Ferreiro gaztearen adiskideak. Xose Velorekin batera 1935ean gutun bidez editatua, Cartafol de poesia izenburua izan zuen gero bilduma hark.
Ferreiro galegista nabarmena izan zen gaztetatik, besteak beste, Federacion de Mocedades Galeguistas elkarteko kide. Federazioko aldizkaria zuzentzen zuelarik, auzipetu egin zuten, bere idatzi baten kariaz.
36ko gerran, tropa frankistek Asturiasko frontera mobilizatu zuten. Urtebete geroago, baimen batekin jaioterrira itzultzean, atxilo eraman zuten, iruzkin politiko bat egiteagatik (ustez, faxisten bidegabekeriak kritikatu zituen jendaurrean). Celanovako monasterioko zelda batean zarratu zuten, harriz inguraturik, hiru gau eta egunez. Ferreiroren senide eta lagunek bitartekari lanak egin zituzten Ourenseko gobernariarekin, eta, horri esker, hiltzetik libratu zuten. Gertakari huraxe izan zen, hain zuzen, mende laurden geroago aterako zen Longa noite de pedra lanaren ernamuina. Orduantxe hasi zen harrizko poetaren gau luzea.
Ezin argiago utzi zuen idatzita, 1955ean, bere konpromiso ideologikoa: «(…) Poeta galegoek, beren buruari eta lurrari fidel izanez gero, ihes egin beharko diote arkeologia antzuari eta auzoko landatar izateari. Lepoa bihurritu beharko diote lirismo negartiaren urretxindorrari, nostalgiaz beteriko, estilo zaharreko horri. Ordea, etsi-etsian murgildu beharko dira geure lurreko jendartean; geure garaiko gaitzetan; geure jendearen larriminetan». Vigon prokuradore zeneko garaian, sendotu egin ziren Ferreiro idazlea eta politikaria. Izan ere, egonaldi hartan abiarazi zuten Union do Pobo Galego (UPG) alderdi abertzale eta marxista; halaber, bere lanik ezagunena urte haietan plazaratu zen.
‘Longa noite de pedra’
Izenburuak, gorago aipatu bezala, 1937ko atxiloaldi batean du jatorria, baina diktadura faxistarekin lotuz gero, bestelako dimentsio sozial eta historikoa hartzen du. Xose Maria Alvarez Caccamo idazleak honela laburbildu zuen: «Oroimena eta gerrarekiko higuina adierazten dira liburuan, unetan salaketa unibertsal izatera iristen den diktadura frankistaren kritikarekin batera, libertate antsiak, eta haurtzaroko nostalgia, min existentziala, naturarekiko lilura, artista plastikoei eskainiriko zirkunstantziatako poema zenbait, kritika morala edo bere bizi-konstanteei buruzko gogoetak. Gai zabaltasun horrek ez du ezkutatzen liburuaren ardatz nagusiaren bizitasuna, poemarik gehienetan agertzen den poeta sozialaren harrera zibikoa».
Ferreiroren lanetan errepikariak dira hainbat erreferentzia: 36ko gerra eta ondorengo errepresioa, langileekiko elkartasuna, eta borrokarako grina. Baina berak, aurreko poeta galiziar gehienek ez bezala, galiziar afera delakoa hartu zuen gai poetikotzat. Galiziako nortasunaren eta hizkuntzaren defentsa irmoa egin zuen, Deitado frente ao mar poeman irakur daitekeenez — Itsasoaren aurrean etzunik… Joseba Sarrionandiaren itzulpenean—: «Ene herriko hizkuntza proletarioan / Berez mintzo naiz, gustatzen zaidalako, / erizten diodalako, nahi eta gogoa dudalako». Bide batez, ezin aipatu gabe utzi Ferreiroren poema ugari irakur daitezkeela euskaraz sarean, Armiarma-ko lagunei esker.
1966an Venezuelara joan zen, lan kontuak zirela tarteko. Ferreirok gerora adierazi zuenez: «Esan liteke borondatezko erbesteratzea izan zela». Alabaina, autore batzuen ustez, zailtasun ekonomiko eta politikoek eraman zuten erbestera. Hurrengo urtean, El Bardo bilduman Longa noite de pedra lanaren edizio elebiduna argitaratu zuten, arrakasta handiz. Ferreirok kezka eta asmo beretsuak izan zituen garaiko eta inguruko beste hainbat poetarekin: besteren artean, Jose Hierro, Blas de Otero eta Gabriel Celaya. Azken horri poema bat eskaini zion Longa noite de pedra lanean.
Mendeurrenaren harira
Ramon Nicolas idazleak Onde o mundo se chama Celso Emilio Ferreiro eman berri du argitara, hainbat urtetako lana biltzen duen biografia monumentala. Ferreiroren idatziak aztertzeaz gain, idazle galiziarra ezagutu zutenen hitzak bildu nahi izan ditu egileak: lagun askoren hatsa suma daiteke liburuan. Halaber, Nicolas ez da soilik maila pertsonalean gelditu; literatur, kultur eta politika mailan izan zuen jardun nekaezinaren berri ematen ere saiatu da.
Aldi berean, Asociacion Arraianos elkarteak Ferreirori buruzko dokumental biografiko bat ekoitzi du aurten: 100% CEF. Luis Tosar aktoreak egin du Ferreiroren rola. Bestalde, Galiziako 12 idazle eta ilustratzaile baten artean osatu dute Cartafol de soños (Ametsen paper zorroa), Ferreirori eskainitako liburu-omenaldi kolektiboa. Egileen esanetan, Ferreiro ezagutu izanaren zorte eta ohorea adierazi nahi izan dute, liburua den omenaldi xume horren bidez. Ezagutu zutenek diote konbikzio politiko sendo bezain sinpleak zituela; Ferreirok berak zera zioen: «Injustiziaren kontra nago, askatasunaren alde, jendeak jendea esplotatzearen kontra nago, Galiziaren alde».