Iñigo Astiz / 2012-11-10 / 1.750 hitz
Literatura idazteaz gainera, literaturari buruz idazteko erronka jarri dio bere buruari Iban Zalduak. Narrazio liburu bat eta saiakera bat eskaini dizkio gaiari, eta zorrotz aritu da, konplize izateari utzi beharrik gabe.
Liburuak, liburuak, liburuak. Eta erdian gizon bat. Bere inguruko orri masak irentsita, kasik. Berak idatzitako ipuinetako pertsonaia bat dirudi Gasteizko Letren Fakultateko bere bulegoan Iban Zaldua idazleak (1966, Donostia). Lehen irudipen bat baino ez da, baina ez da alferrekoa. Izan ere, idazteari buruzkoak dira haren azken bi lanak: Idazten ari dela idazten duen idazlea narrazio liburua, literatura ardatz duena, eta Ese idioma raro y poderoso saiakera (Hizkuntza arraro eta boteretsu hori), euskal literaturari buruzkoa. Euskal letren izen nagusietariko bat da harena, baina ez dago erabat eroso. Izenarekin bai. Dioenez, oro har, pozik dago harrera eta posizioarekin. Gazte Literaturari eskainitako Euskadi saria ere jaso berri du, gainera, Azken garaipena komikiagatik —Julen Ribas ilustratzailearekin batera sortu du—. Ez da hori arazoa. Euskal letrak zaizkio apur bat deseroso. Batzuetan, behintzat. Beren lorpen guztiekin deskribatu ditu horregatik saiakeran, baita beren miserietariko batzuekin ere. Zintzo, baina zorrotz beti. Azken batean, konplize.
Bi liburuak batera irakurrita, irudi lezake txanpon beraren bi alde direla. Literaturaren gaiari buruzko bi ariketa. Narrazio bidez egindakoa bata, eta saiakera gisa egindakoa bestea.
Hala salduta oso polita da, baina kasualitatea da. Literatura dute ardatz ipuinek, orokorrean, eta euskal literatura, partikularrean, saiakerak. Biak paraleloan sortu dira. Etorkizuna ipuin liburuaren ondoren hasi ziren sortzen ipuin batzuk, eta orain urte batzuk Renon [Nevada, AEB] emandako hitzaldi baterako hasi nintzen euskal literaturaren historia hurbilari buruzko gogoetak antolatzen. Hortik sortu zen publiko hispanoari begira sortutako sasi-saiakera. Eta horregatik dago euskal irakurleek beharko ez dituzten azalpenez beteta.
Arreta piztu du, halere, euskaldunen artean.
Liburu honen paradoxa eta madarikazioa izango da. Beti ematen diegu garrantzi gehiago gauzei gaztelaniaz jartzen ditugunean, euskaraz jartzen ditugunean baino. Esanak ditut aurrez bertan ageri direnetariko batzuk, nire zutabeetan, Volgako Batelariak blogean, eta baita bi liburutan ere: Animalia disekatuak eta Obabatiko tranbia izenekoetan. Pixka bat egituratuago dator gaztelaniazkoa orain, baina ariketa bera da. Eta paradoxikoki bere publiko naturala ez den horretan izango du irakurle gehien: euskal irakurleen artean, alegia. Hori gerta zitekeelako susmoa banuen, ordea, eta horregatik ez dut sartu aurkibide onomastikorik liburuan. Bere izen-abizenen bila doanak liburu guztia irakurri behar izan dezan.
Kanpokoei bertakoaz zer esango diezun, horrek pitz dezake arreta eta errezeloa, akaso?
Hemengo gehienak modu gordinagoan esanak ditut aurrez. Baina gure sekreturen bat ez ote dudan errebelatuko egon daiteke jendea. Aurreiritzi asko dago, ordea, euskal literaturari buruz kanpoan, eta baita bertako erdal elebakarren artean ere, eta nik uste dut sanoa dela biluzte ariketa hau egitea. Euskal literaturarekiko maitasun ariketa bat da liburua. Gertatzen dena da ez diodala baldintza gabeko maitasunik. Argi asko ikusten dizkiot, baina baita ilun batzuk ere. Beste literaturetan ere gertatzen da hori. Horregatik, ez dut uste gurea beste literaturez oso bestelakoa denik. Baditu bere berezitasunak, baina Lituaniakoak edo Zeelanda Berrikoak izan ditzakeen bezala. Zergatik ez, beraz, puntu argiekin batera, ilun batzuk ere argitaratu?
Agonismoa da aipatzen duzun puntu ilunetariko bat. Geure burua desagerpenaren mehatxupean ikusteko joera. Eta proposamen bat egiten duzu horri aurre egiteko: euskaraz aritu arren, hizkuntza handi batean ariko bagina bezala jokatzea.
300 edo 400 milioi irakurle izango bagenitu bezala idaztea, bai. Gure hizkuntza izango da ziur asko ehun, berrehun, berrogei edo lau urtetara desagertuko den horietariko bat, eta horrek larritu egiten gaitu, eta eramaten gaitu egoera agoniko batean idaztera. Eta uste dut hori ez dela sanoa. Ulertzen dut jarrera hori izan zitekeela pizgarria beste garai batean. Frankismo garaian, adibidez. Egoera hori ezagutu zuten euskal literatura garaikidearen modernizatzaileek, Txillardegik, Arestik, Saizarbitoriak… Haien gainean lan hori hartzeko orduan agonismoak izan zuen pisurik, eta lagundu egin digu literatura garaikide onargarri bat lortzen. Baina jadanik ez dago literaturaren esku euskararen biziraupena. Hori baino askoz ere zabalagoa da arazoa, eta hori baino hanka gehiago dauzka mahaiak. Horregatik uste dut hasi behar genukeela alaitasun osoz literatura egiten. Kexarako umore agoniko hori abandonatuta, ze handitu egiten du horrek lan ez oso interesgarriak idazteko arriskua.
Euskararen salbazioak ez duela liburu eskas bat barkatzen.
Izan ere, ultraprotekzionismoa da agonismoaren ifrentzua. Ez dugu akritikoki jokatu behar alaitasunez sortutakoarekiko. Ezin dugu hori egin argudiatuz gure literatura, gure kultura eta gure hizkuntza oso hauskorrak direla. Agonismoari uko egiteak ekarri behar du gure obrarekiko jarrera kritiko bat ere. Idatziko badugu 500 milioi pertsonarentzat ariko bagina bezala, maila kritikoak ere maila berekoa izan behar luke. Ona eta txarra bereiziko lituzkeen kritika eta autokritika bat egin behar genituzke. Iruditzen zait hala jokatuz gero aukera gehiago ditugula kalitate hobeko kultura bat lortzeko.
Paradoxa bat aipatzen duzu liburuan. Diozunez, tradizioarekin alderatuta, gora egin du euskarazko literaturaren kalitateak azken hamarkadetan, baina, hain justu ere, literaturaren aitorpen sozialak behera egin duen une berean.
Literatura idulki batean dagoela ikasi dugu ni bezalako zaharrunook eskolan. Hori da jaso genuen ikuspegia, eta hori da liluratu gintuena. Literatura ikasten zen literaturagatik, eta gaur egun bitarteko bat da hezkuntzan, diskurtsoak nola eratu eta gisakoak aztertzeko. Literatura bigarren planora pasa da. Baina orain hasi gara euskaraz produzitzen literatura kalitate portzentaje homologagarrietan eta ez lehen. Liburuan anekdota batekin azaltzen dut zein den portzentaje hori. Theodore Sturgeon zientzia fikziozko idazleari esan zioten idazten zen zientzia fikziozko literaturaren %90 zaborra zela. Hori omen zela genero horren arazoa. Berak erantzun: «Guztiaren %90 da zaborra». Bada, euskal literaturak duela 50 urtera arte ez zuen ezta Sturgeonen gutxienekoa ere betetzen. Kakaren portzentajea heltzen zen %99ra.
Hori titulu bat da.
Ez jarri mesedez, baina ziur aski optimista izan naiz. Benetako portzentajea ez litzateke %99koa, baizik eta %99 kakotx zerbaitekoa. Baina, tira, azkenean, heldu gara Sturgeonen legea betetzera, eta hori aitortu behar zaio azken urteetako literaturari. Baina hori lortu da literaturaren estatusa zalantzan sartu denean.
Eta zer dator gero?
Ez dakigu, baina etorriko da zerbait. Datorren horrek ez du zerikusirik izango guk jasotako literaturaren irudiarekin. Pena ematen du alde batetik, baina ezin gara nostalgiko jarri. Nostalgiko jarri ahalko ginateke, baldin eta iragan loriatsu bat bagenu. Frantziarrek edo ingelesek askoz gehiago dute galtzeko guk baino. Haien eraikina oso handia da. Gurea gehiago da etxola bat, pladur askokoa. Hori eraisteak ez digu horrenbeste pena eman behar. Eta ni pozten naiz gazteen artean ere Sturgeonen legea betetzen dela ikusten dudalako.
Erakunde publikoen literaturarekiko axolagabekeria salatzen duzu liburuan. Ez omen zaie askorik axola. «Makina-erraminta baino gutxiago», diozu.
Inbidia da hori. Independentziaz, Europaz eta autodeterminazio prozesuez hainbeste hitz egiten den honetan, hori da sentitzen dudana: inbidia. Badauzkat lagun idazleak Europa Ekialdean eta ibili direnak existentzia oso balizkoa duten herrialde erdi mitikoetan: Lituanian, Letonian, Eslovenian… Herrialde horien barne produktu gordina eta sare enpresariala hutsaren hurrengoa da gurearekin konparatuta, eta, ordea, literatura euren naziotasunaren ardatz gisa ikusten jarraitzen dute. Eta, beraz, dirua gastatzen dute. Herrialde independenteak dira, eta horrek ere izan dezake zerikusia horretan. Egia da hemen Etxepare institutua martxan hasi dela eta lan hori abiatu dela. Baina, paradoxikoki, murrizketa garai bete-betean izan da. Koldo Mitxelenak eta Caro Barojak ere esana dute euskaldunek izpiritu enpresarialari eta praktikoari garrantzi handia eman diotela baina letra kontuak nahiko marjinaltzat hartu dituztela beti. Nahiko gauza euskalduna da utzikeria hori. Arrazoia dute agian erakundeetako kideek, eta herri bat egiten duena ez da literatura, baizik eta altzairugintza edo autogintzarako piezak egitea. Liburuetatik ongizate ekonomikoa lortzea zaila da. Kontrakoa gertatzen da gehienetan: ongizate ekonomikoa lortu ez, eta, gainera, gaizki izate izpirituala izaten da ondorioa.
Azken urteetan euskal idazleen artean abertzaletasunarekiko harremana dibertsifikatu egin dela ere badiozu. Baina, halere, hizkuntzaren alorrean euskal idazlea beti izango dela pixka bat abertzalea. Zergatik?
Nire gene abertzalearen oihuak isilarazteko egin ditudan ahaleginek beti egin dute topo beren buruei nazionalista ez direla aldarrikatzeko luxua aitortzen dieten nazionalismo are gogorragoekin. Nazionalismo espainiar eta frantziarrarekin. Gurearen moduko hizkuntza batean idazten baduzu, batzuetan nazionalista izatea beste erremediorik ez zaizu geratzen. Geometria aldakorreko nazionalismoa da, halere, nirea.
Kanpoan, euskal gatazkaren tratamenduari eskainitako atala izango da arrakastatsuena.
Hemen ere bai, ziur. Ez agian irakurle euskaldunentzat, baina bai idazle eta irakurle elebakarrentzat. Izan ere, badira gure literaturari buruz etengabe errepikatzen diren gezur batzuk. Hemen ez dela gatazkaren edo biolentziaren inguruan idatzi dio horietariko potoloenak. Eta idatzi baldin bada, idatzi dela gaizki, eta idatzi dela beti ETAren alde, eta… Eta hori ez da egia. Falazia horiek zalantzan jarri nahi nituen, eta datuak eman ditut horretarako. Nire historia ere kontatzen dut horretarako. Ni horregatik egin bainaiz euskal idazle. Hortik dator nire atxikimendua. Gertatzen zitzaigunari buruzko galdera eta jipoi batzuk eskaini zizkidalako euskal literaturak, eta halakorik ez nuen topatu gaztelerazkoan.
Ez da asko Fernando Aranburuk gezur bera berritu zuela. Ez zela euskal gatazkari buruzko libururik argitaratzen bota zuen. Beldurragatik zela.
[Fernando] Aranburuk eta [Alvaro] Bermejok esaten dituztenetan badago ezjakintasunaren eta fede txarraren arteko nahasketa bat. Egia da berezitasun batzuk badaudela, eta garai guztiak ez direla berdinak izan, eta biolentziarekiko ikuspegia ere aldatzen joan dela, eta baita, agian, euskal literaturak egin duen bideak ere izan duela bortxarekiko pertzepzio sozialaren aldaketan… Eztabaidarako jarri ditut liburuan nire inpresioak, baina iruditzen zait euskal literaturak gatazkaren gaia landu ez duela diotenek irakurketa sinplifikatu bat egiten dutela, edo irakurketa lerratu bat, edo ez dutela irakurri eta kito. Nik bai, eta irakurketa hori eskaini dut.
Zure ipuin bilduman ageri diren idazleak haserrekorrak dira, bekaiztiak, lapurrak… Kasik-kasik badirudi pertsona normalak direla!
Baliteke pertsona normalak izatea bai! Eta baita pertsona normalak baino gaiztoagoak ere! [Barre egiten du]. Susmoa dut gure ofizioan nabarmena dela joera hori. Inbidia da literaturaren motorretariko bat. Idazlea da pertsona bat paperak jaten bizi dena, bizi duena errealitate bat, baina bizi duena errealitate handitu bat irakurtzen duen horri esker, hainbeste ezen obsesionatzera eta gaixotzera eraman dezakeen. Gaixotasun profesional bat da idazketa.
Pertsonaia guztiek dirudite obsesioek erabat janda, musek bahituta. Zuk ere hala bizi duzu literatura?
Hiperboleak gauzak gehiago azpimarratzen ditu, baina egia da, neurri batean, hala bizi dudala.
Ironiaren defentsa bat badago narrazioetan.
Bai, baina da baldintzapeko defentsa bat. Ironia ongi dago ipuina edo nobela abiarazteko balio badu, baina ez da tresna sistematiko bat. Zeure burua ironiko jartzera behartuz gero, porrot egiten du epe ertainera. Ironiak badu ibilbide bat balekoa zaidana zenbaitetan, baina ez du ibilbide luzeegia izaten askotan. Balio du kritikatzeko, zuloak sortzeko eta oinarriak zalantzan jartzeko, baina ez horren gainean ezer eraikitzeko. Horretarako beste trama batzuk behar dira. Gainera, Karlos Linazasororekin bat egiten dut gauza batean: norberaren buruarengandik hasi behar da ironia. Badago ironiaren erabilera bat oso erasokorra, sarkasmotik gertukoa. Niretzat ironiak inplikatzen du ironizatzen denarekiko maitasuna. Eta neure buruari gorrotoa ez ezik maitasun pixka bat ere badiodanez, nire narrazioetan agertzen den idazle erridikulu horrek zerikusi handia dauka nirekin. Ez nuke jainkotu nahi ironia. Ez da erremedio unibertsala, oso botika espezifikoa baizik. Gertatzen dena da niri askotan ateratzen zaidala eta horregatik naizela zentzu askotan idazle mugatua. Ur handietako idazle bat, ziur asko, ez naiz sekula izango. Ni naiz gehienez ere errekakoa.