Begiradak

Idoia Etxeberria / 2012-12-06 / 231hitz

Begira geratu zait. Luzaroan. Ez zuen begirada erretiratzen. Nik apartatu behar nirea. Deseroso. Berriro begiratu diot. Begira jarraitzen zuen jakiteko. Eta bai. Begira-begira nuen, serio. Eta eutsi egin diot begirada horri. Nik ere serio. Zer begiratzen duzu horrela, esanez bezala. Eta berak apartatu du begirada.

Ez diot gehiago begiratu. Badaezpada. Begietara zuzen begiratzen dutenek urduri jartzen naute. Batez ere ezezagunak baldin badira. Eta parean eserita badaude, metro eta erdira. Trenean. Serio arraio.

Begirada batzuek beldurra ematen dute. Trenean gutxi dira halako begiradak. Eskerrak. Goitik beherako begiratuak ere badaude. Aztertzaileak. Horiek ere ez dira erosoak. Eta ugariagoak dira.

Baina elkarri begiratu gabe bizitzea ere tristea da. Oso. Gainera, ez da naturala. Begiradak gurutzatzea polita da. Beharrezkoa. Eta entretenigarria. Batzuetan hitzen beharrik ez dago ondokoaren aldartea jakiteko. Begi keinu batekin aski da gaizki lo egin duela konturatzeko. Haserre dagoela. Pozik. Nekatuta.

Badaude begirada iheslariak ere, inon pausatzen ez direnak. Beti hara eta hona. Harrapatu ezinezkoak. Urduriak. Begirada barea izaten dute aiton-amona batzuek. Lasaia. Pausatua. Haurrenak begi bihurriak izaten dira, jakin-minez beteak. Biziak. Eta badira begirada tristeak ere, jakina. Txakur abandonatuarenak.

Begi ilunen begiratua sakona izan ohi da. Ihesbiderik gabeko tunela. Izugarria bezain erakargarria. Begirada txinpartatsuak ere badaude. Barre egiten duten begiak. Alaiak. Kontajiosoak. Horiek dira gehien gustatzen zaizkidanak.

Ugarienak, baina, begirada galduak dira trenean. Nor bere baitan bilduta doa. Begirada lausoak dira. Ikusi gabe begiratzen dutenak. Eta askotan haietako bat nirea izaten da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.