Maialen Unanue / 2012-12-18 / 1.159 hitz
Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren IV. liburukia aurkeztu berri du Euskaltzaindiak: 1980ko hamarkadan hasi zuten proiektu hori, eta azken bi urteetan argitaratu dituzte lehenengo lau aleak.
Kontzeptu bera izendatzeko Euskal Herrian zein termino erabiltzen diren azaltzeko lanetan dabil Euskaltzaindia, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren bidez. Duela gutxi argitaratu du azken alea, laugarrena. Bi zatitan banatuta, etxe abereei eta etxeari lotutako kontzeptuak biltzen ditu: batetik, txerria, hegaztiak, txakurra eta erlea ageri dira, eta, bestetik, teilatua, altzariak, etxearen zatiak… EHHA egitasmoaren barruan hizkuntzaren hainbat alor aztertzen ari dira, baina liburuki honetan lexikoa ikertu dute bakarrik.
Xarles Bidegain eta Gotzon Aurrekoetxea izan dira liburukiaren arduradun teknikoak. Biak ere egitasmoa hasi zenetik dabiltza horretan lanean.
Badira kontzeptu batzuk hitz bakarra dutenak euskararen eremu osoan, edo horien aldaerak antzekotasun handia dutenak. Aurrekoetxearen arabera, azken liburukiaren kasuan, adibidez, bizkar, azal, este, oilo, oilar, gorringo, zuringo, oilasko, katu, erle, eta beste hainbat dira multzo horretan sartzen direnak. Beste kasu batzuetan, aldiz, aldaketa oso handia izan daiteke. Txerri kontzeptua adierazteko, adibidez, hiru hitz daude: txerri-xerri-zerri, urde eta borthako.
Jasotako informazioa handia da, eta horiek aztertzeko, derrigor, datuak sinplifikatu eta multzokatu egin behar izan dituzte. Mapetan, adibidez, gauzak modu errazean adierazteko, koloreak erabili dituzte. «Hitzak elkarren artean oso urrun badaude, elkarren artean urrun dauden koloreak erabiliko ditugu, eta, aldiz, antzekoak badira, kolorea ere antzekoa izango da», azaldu du Bidegainek.
Horrelako lan bat egitea prozesu luze baten ondorioa da. Datuen bilketak berak hartu zien denbora gehien, baina hori egin beharreko guztiaren oinarria besterik ez da. Aurrekoetxeak azaldu du zertan den hurrengo pausoa: «Datuak informatizatu ondoren, datu horiek baieztatu behar dira. Irakurketa horizontala deitzen diogu horri: galderaz galdera eta herriz herri jasotako erantzun guztiak berraztertzen dira».
Bakoitzari beharrezko oharrak gehitu ostean, lematizazioaren txanda da. «Datuak, erantzun fonetikoetatik abiatuz, mapen leiendara eramateko bidea da: erantzunak multzokatu egiten dira, berdintasun edo hurbiltasunen arabera». Antzekotasun horiek mapetan grafikoki irudikatzeko, Bidegainek aipatutako koloreak erabili dituzte. Azken urratsa mapak osatzea da.
EHHA ez da Euskaltzaindiak ezerezetik sortu duen zerbait, Bidegainek adierazi duenez. «Beste herrialdeetan ere egin izan dira horrelako atlasak lehenago ere. Hein handi batean kopiatu ditugu aurreko lanetan, atzerrian, egin ziren ereduak. Eta horren helburua da gerora euren artean konparagarriak izatea». Euskararen eremuan ez ezik, kanpoko hizkuntzekin konparazioak egiteko ere balio du EHHAk: «Interesgarria da maileguak zeintzuk diren ikusteko, hau da, zeintzuk diren kanpotik etorritako hitzak».
Urteetako lana
Ahozko euskararen aldaerak mapetan jaso, eta tokian tokiko desberdintasunak ezagutzera ematea. Euskaltzaindiak 1983an onartutako egitasmoaren helburua izan zen. Gaur egun, ia 30 urte geroago, fruituak ematen ari da: oraingoz lau liburuki argitaratu dituzte, eta gehiago etorriko dira oraindik ere.
EHHA egingo zela erabakita, prestaketa lanekin hasi ziren, 1984an. Galdeketa puntuen sarea, galde sorta eta lan metodologia finkatu zituzten orduan. Eta horren ostean hasi ziren inkestak egiten. Bost urte eman zituen Euskaltzaindiak inkestak grabatzen, 1987tik 1992ra. Emaitza, 4.000 orduko grabaketa izan zen. Hizkuntzaren hainbat alor jorratu zituzten: batez ere, lexikoa, baina baita fonetika, morfologia eta sintaxia ere.
Guztira, Euskal Herri osoko 145 herri aukeratu zituzten: 36 Bizkaian, beste 36 Gipuzkoan, 27 Nafarroan, 15 Lapurdin, 18 Nafarroa Beherean, 12 Zuberoan eta bat Araban.
Aukeratutako jendearen ezaugarri batzuk ere markatu zituzten galdeketarekin hasi aurretik: adineko pertsonak nahi zituzten, tokian tokikoak eta, ahal zela, herritik kanpora gutxi ibilitakoak.
Mende erdia pasatu da inkestak egiten hasi zirenetik, eta elkarrizketatuak, hain zuzen, adineko pertsonak zirenez, asko hilda daude gaur egun. Horrek zera esan nahi du, gaur egun ezin jasoko ziren datuak jaso zituztela inkesta horien bidez. Bada beste faktore bat ere. Aurrekoetxearen ustez, berez hogei urte ez dira asko hizkuntza baten bilakaerarako, baina hitz batzuk galtzeko arriskua egon daiteke: «Azken hogei urteotan galdu diren lanbideetan erabiltzen ziren hitz teknikoak galtzeko arrisku handia dago, jada ez badira galdu». Lanbide batzuk galdu diren bezala, beste batzuk sortu dira, eta, ondorioz, hitz berriak ere bai. Beraz, atlasok une jakin bateko hizkuntzari buruzko informazioa emateaz gain, garai horretako gizarteari buruzkoa ere ematen dutela esan daiteke.
Egitasmoa gauzatzeko 2.857 galdera egin zituzten guztira, eta liburuki bakoitzean 250 ingururen erantzunak bildu dituzte. Azkenekoan, adibidez, 260 galderen erantzunak jaso dituzte.
Duela bi urte argitaratu zituzten lehenengo bi liburukiak. Lehenengoan, hainbat animaliaren inguruko lexikoa (intsektuak, arrainak eta txoriak, besteak beste) eta eguraldiari buruzkoa bildu zuten. Bigarrenean, berriz, denbora kronologikoa (asteko egunak, hilak, urte sasoiak…), topografia eta landaretzari buruzko terminoak bildu zituzten.
Bidegainek adierazi duenez, «pazientzia eta dirua» ezinbestekoak dira horrelako lan bat egiteko. Ez soilik egitasmoan lanean dabiltzanen aldetik bakarrik, baita lekukoen aldetik ere: «Batzuekin 30 edo 40 orenez mintzatu gara, eta hori denbora asko da».
Aurrekoetxearen ustez, ahozko hizkuntzaren ezagutzan «ekarpen garrantzitsua» egingo du EHHAk. «Munduan zehar oso ezaguna, erabilia eta arrakastatsua izan den metodologia erabiliz, XX. mendearen amaierako ahozko euskara nolakoa den jakiteko aukera ematen du».
Bidegainek, txantxetan, dio askorentzat liburuki hauek ez dutela «ezertarako balio», baina badu fedea horien erabilgarritasunean. «Ene ustez, ahozkotasunaren aldetik, altxor bat bildu du atlasak, eta ez dugu galdu behar: orain arte idatziz ez zegoen zerbait bildu dugu». Beste adituentzako lanen iturburu izan ere daitezke liburuki hauek. «Guk egindako lanaren ondotik ikerlariek azaldu beharko dute zergatik izaten diren horrelako desberdintasunak lurraldeen artean».
Hiru euskarritan argitaratu dituzte orain arteko liburuki guztiak: paperean, DVD formatuan, eta sarean (Euskaltzaindiaren webgunearen bitartez). Inork datuak kontsultatu nahi baditu, bi bide ditu horretarako: soinuzko datuen edo datu transkribatuen bidez. Lehenengoei dagokienez, Azkue Bibliotekan eskura daude CD-ROMak (4.000 orduko grabaketak), eta bigarrenei dagokienez, nork bere etxean egin dezake, liburu edo CD-ROMen bitartez.
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa proiektuak hainbat zuzendari izan ditu hasi zenetik: Jean Haritxelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta, gaur egun, Adolfo Arejita.
—————-
Adibide batzuk
• Armiarma, lipu, tardaña, marasma, samorru, bakallokoasto, añharba, aramu, araña, armamilo, amañ, amaraun, amarratz, añamorma, asmasara.
• Kilker, ttintter, txirtxil, txirri-txirri, ttirritta, kriket, girgilu, gritx, ott(h)e, larrabotte, labatxorri, urtzi, grillo, kafar…
• Tximeleta/ilita, txipeleta/ilota, mitxeleta, mitxirrika/ta, mitxilikotoe/oi, pitxeleta/oleta, txilipota/itaña, txiripiton/biri, pimpilin(pauxa), bitxil(ik)ote, xintxi(n)toil, (mari)sorgin(bitxi), yinko(aren) oilo, (ollo)papillun, mariposa…
• Txubelaxo, ubaritxo, ugari¡o, ugerixo, urgerixo, ukaaxo, igel, ingel, irel, gibel, legen, negal, txantxiku, xetel, ñakar…
• Illundu , il(hu)ndu, ülhüntü, goibeldu, beztu, lañotu, odeitu, tapatu, kukutu, estali, itzaldu, kalmatu, khambiatu…
• Izotz, isotz, i(hi)tz hotz, izotz zuri, lei, lei zuri, (h)orma, (h)orma xuri, karru(ñ), kharro(a), gesal.
• Eguen, osteun, ostegün, osteün, ortzegun, ortzeun, ortzegün, ordzegun, orzegun, ostiun, ostun, ostoun, usteun, ostegun.
• Sapatu, ebiakoitz, ibiakoitz, zapatu, neskenegün, larunbat, laanbat, launbet, iiakoitz.
• Urri-, udondo, udakaaila, neguri, neguaurre, udatzen, agor(-), otoño, abendu, udaizken, larrazken, udazken, udagoien.
• Seseil, otsail, otxail, bant(h)ail, bandail, iltxiki, ilbeltz, katuil, febrero, iltxiker, otzail.
• Aurreko urte, i(g)ezko urte, iazko urte, igan urthe, iragan urte, pasa dan urte, joan den urte, igan den urte, fan den urte, gan den urte, i(g)es/z, yaz, xaz, i(g)az, lengo urte.
• Asteakabu, astegoien, astebukaera, asten akabera, asteondar, asteundar, asteürrentze, pausa egun, asteakaila, uiken, astefinitze, asteazken, asteatzen, larunbat eta igande, asteburu…
• Arrastion, arratsaldeon, gabon, astiri hon, arratzaldeon, atsaldehun, atsaldeon, egunon, gaihun, gauhun, gauon, illunabarron, illunkaraon, illuntzion.
• Er(e)iontz, ere(i)ñotz, elauntz, erauntz, erramo, erramu, erramü, erramütze, laurel.
• Baba, babarrun, baberren, baburrun, banabar, ilar, ilhar, illar, leiko, maikol, nafilar, alubi, indiar, ind(d)aba, indibaba, indixaba.
• Amapola, (-)larrosa, sapo-, -lore, kokeliko, loragorri, kukurruku, mikelete, illeta, mariloka, pupurru, pinpirriñ, yelosialili…