Haiek

Xabier Gantzarain / 2012-12-19 / 164 hitz

Sinistu ezinda egoten natzaio munduari so: gauzarik txikienak ere, zenbat inteligentzia bere baitan, zenbat jende. Eta zenbat gauza munduan, zenbat gauza egunero, zenbat gauza eder munduan egunero, ikusi ere egiten ez ditugunak, beti hor daudelako, euren funtzioa hain ondo betez desagertu egiten direlako, ezin dugulako imajinatu ere egin haiek gabe nolakoa izango litzatekeen eguneroko bizimodua. Zenbat gauza eder munduan, eta zein zaila haietaz disfrutatzea, gauza bakoitzaren izaeraz ohartzea, haren formaz, haren materialaz, hura egiteko erabilitako teknikaz, haren funtzioaz, haren efikaziaz, eta zein zaila bizitzaz konturatzea, haren formaz, haren izaeraz, zein zaila bizitzaz disfrutatzea, zein zaila dena ahaztu eta unearen handitasunaz gozatzea, berdin dio noiz, berdin dio non, lanetik etxerakoan trenean, ezezagunez inguratua, haiek izan ezinda eta haiek izanez aldi berean, leihotik mundua pasatzen ikusten duzun bitartean, zeinek josi zituen burdin puska hauek lurrera, zeinek zeraman mailua, zenbat jendek egin zuen lan, nora erretiratzen ziren, non egiten zuten lo, nork egiten zuen egunero ohea, nork garbitzen zituen izarak, nork jartzen lehortzen eguzkitan, nork tolesten, nork?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.