Nora Arbelbide-Gurutze Izagirre / 2012-11-28 / 1.388 hitz
Frantzian urtarrilean hasiko dira sexu berekoen arteko ezkontzen legea aztertzen. Lege babesik gabe, baina sexu bereko familiak egon badaude. Hegoaldean legez babestuta daude; haurrak zein helduak.
Bi emazteek hasieratik erabaki dute ez gezurrik erratea: «Onestak izan nahi genuen, bai medikuei begira, bai guri begira baita iritsiko ziren haurrei begira ere. Gezurretan aritzea ez litzateke sanoa haurrentzat. Aski berezia da egoera. Zerbait da haurrek bi ama lesbiana izatea, eta hori laster ikasiko dute, beti baitaude eskolan ikasle edo guraso batzuk hori ohartaraziko dietenak. Eta, gainera, gezurretan aritu bagina, ez bagenitu prestatu…».
Bazekien bidea luzea eta zaila izanen zela. Baina guraso izateko bidea hautatu du, halere, bikote lapurtar honek. Eta, zailtasunak zailtasun, haurrak nahi zituzten: «Humanoak garelako!», dio irriz karkailaka lapurtarrak. Tripan den beharra: «Nire bikotekidearekin harremana hasi genuelarik eta ohartu nintzelarik harremanak irauten zuela, haurrak nahi nituela argiki azaldu nion, eta bere xedea zein zen galdetu. Segur, ez dugu bide errazena aukeratu, baina begi bistakoa zen haur bat bederen ukanen genuela». Eta hala gertatu da. 2 urteko bi seme biki ditu bikoteak.
Haurrak nahi bai, eta egian oinarriturik, beraz, nahiz eta berez bidea ez legala izan Ipar Euskal Herrian. Sexu bereko bikotea izanki, medikuntzak lagundu haur sortzearen teknika erabili behar baitzuten, esperma anonimoarekin. Eta teknika hori Frantziako legeak bakarrik 43 urte baino gutxiago duten bikote heterosexualei baimentzen die. Bikoteak ezkondua izan behar du, edo azken bi urteetan elkarrekin bizi.
Haurraren bila
Ginekologoak ematen du medikuntzak lagundu haur sortzearen teknika. Agiriari esker, protokolo guztia segurantza sozialak hartzen du bere gain. Gertatzen da ginekologo batzuek ematea agiria, nahiz eta sexu bereko bikotea izan. Batzuetan gezurra kontatzen diote ginekologoari, bestetan ginekologoak nahitara begiak hesten ditu. Baina medikuntza praktikatzeko debekua arriskatzen du ginekologoak.
Bikote lapurtarrak erabaki zuenez egia hasieratik azaltzea, beren ginekologoa jakinean zen. Hasiera batean onartu zien agiria, baina, arriskuaz jabeturik, azkenean, gibelera egin zuen. Ondorioz, bikoteak bere sakelatik ordaindu zuen MLSHa. 4.000 euro orotara. Aukera merkeena, gainera, lehen aldian berean funtzionatu zuelako intseminazioak, Hego Euskal Herrian egin intseminazioak. Alabaina, Hego Euskal Herrian teknika erabil dezakete bikote homosexualek ere.
Agiririk gabe, beraz, Donostiako Quiron erietxerako bidea hartu zuten beste sexu bereko bikote anitzen gisan: «Debisa bat egiten dizute, kasik iturgin bat bezala. Ekografiak, odol azterketak…». Erosi beharreko produktu guztiak eta akta bera beren sakelatik ordaindu behar izan zituzten. Hormonak hartu behar baitzituen haurdun gelditu nahi zuenak, obuluak estimulatzeko, obulazioa hobeki kontrolatzeko. Eta «kontent», gainera, Ipar Euskal Herriko farmaziak erremedioak eman zizkielako, «nahiz eta erremedioen agiria atzerrikoa izan».
Behin intseminazioak funtzionatu eta hiru hilabeteak pasata, haurdunaldia baieztatzeko Ipar Euskal Herriko ginekologo batengana joan ziren. Orduan ere bikotearen egoera azaldu zioten ginekologoari, baina, orduan, ez zuen gehiago eraginik. Paperean, haurdun gelditu zena haurdun zela idatzi zuen, besterik gabe. Ofizialki, gizarte segurantzarentzat, bikotekiderik ez duen emazte haurdun bat zen haurduna. Baina praktikan, haatik, gurutzatu pertsona guztiek beren egoera onartu zietelako poztu da bikotea: «Emagina biziki pedagogoa izan zen. Haurdunaldia jarraitzeko osatzen den txostenaren gainean, amaren izena eman behar da. Hor, nirea jarri zuen. Eta, ondoan, aitaren izena jartzea eskatzen duen laukia dago. Aitaren izen hori marratu, eta, ondoan, bikotekidearen izena eman zuen. Sinbolikoki inportanta da, nahiz eta detaile bat dirudien. Ezagupen bat ematen dizu». Ginekologoak eta emaginak egoera onartu duten bezala, erietxe publikoan ere, hasieratik onartu zuten bikotea: «Guztiak bikainak izan dira. Guztiek onartu dute haurren bigarren guraso gisa. Haurretako batek arazo txiki bat izan zuen azukrearekin, eta normalki gurasoek bakarrik daukate eskubidea haurraren ondoan izateko. Ni ezin nintzen mugitu zesarea ukan nuelako. Beste guraso bikotekidea izan da, zinez».
Paperetan, itzalean
Inguruak onartua du beraz bikotekidea, baina, paperetan, beti itzal. Haurrak deklaratu zituztelarik, «aita ezezaguna» eman behar izan zuten. Bikotekidearen izena ageri da, haatik, haurrak deklaratu dituen pertsona gisa, «sortzearen lekuko da». Hor ere «sinbolo hutsa», baina «garrantzitsua» zitzaion nonbait haren izena agertzea.
Haurrak hor zirela eta, ahal bezainbat babestu nahian, bikotea elkartu da PACS izeneko kontratu zibilaren bidez. Eta notarioaren aitzinean ere existitzen diren aukera guztiak baliatu dituzte, bereziki ondasunak zaintzeko. Ama biologikoa ez dena hiltzen bada, bere ontasunak ama biologikoak errekuperatzen ditu, eta amaren bidez, haurrek. Baina ama bada hiltzen lehenago, eta ondotik ama biologikoa ez dena, orduan ama horren ondasunen errekuperatzeko familiatik kanpo den pertsona bat balitz bezala izanen da, hau da, Frantziako Estatuari diru anitz ordaindu beharko dute ondasunen biltzeko.
Testamentu bat egin dute, ofizialki ama denari zerbait gertatzen bazaio ofizialki ama ez denak ukan dezan haurren tutoretza. Baina ofizialki ama denaren familia ez bada horrekin ados, horren kontra egin dezake. Alde horretatik, xantza dute: «Harreman ona dugu; ez ditut ikusten kontra joaten». Horrelako arazoak daudelarik familien kontuez arduratzen den epaileak du azken hitza: «Eta normalki haurraren ongi izatearen alde egiten du. Hala gertatuko balitz, ohartuko litzateke ofizialki ama ez dena beti hor izan dela. Orduan, normalki nire nahia errespetatuko luke nahiz eta familiak aurka egin».
Gaurko egoerak segitzen badu, bizian beti ager daitezke zailtasun berriak: «Zerbait gertatzen bada eta parekoak oztopoak jarri nahi baditu, jar ditzake».
Epailearen aitzinean guraso eskubidea galdegin lezakete biek gurasotasuna lortzeko. Jadanik egina izan du eskaera hori bikote batek Baionan berean. Iazko azaroan izan zen, eta lortu zuten biak guraso izatea, nahiz eta biak emazteak izan: «Ez dugu oraindik egina hori. Gure esperantza da lege berri hori pasatzea».
Urtarrilean, sexu bereko bikoteentzako ezkontza baimentzeko aukera aztertzen hasiko dira Frantziako diputatuak. Legea pasatzen bada, ezkontzen ahalko dira. Ofizialki ama ez denarekin ezkondu eta horrek haurrak adoptatzen ahalko lituzke itxura guztien arabera, nahiz eta gaia oraindik ez arras argia izan.
Haurrak babestea du bikoteak bere leitmotiv-a: «Ez dugu ilargia eskatzen. Nahi dugun gauza bakarra da legeak onartzea guraso gisa, jadanik hala baita. Ni bezainbat lanean ari da haurrek ukan dezaten zer jan, gauaz iratzartzen direlarik, ni bezainbat jaikitzen da, eri direlarik hor da, erietxera joan behar delarik hor da. Normala litzateke estatutu bat ukan dezan».
Minduak direla aitortzen dute, Elizaren esku sartzea gaitzetsiz, lege berriaren aurkakoak biziki gogorki salatzen ari direla proiektu hauek. Elizak ez duelako deus ikusteko horretan: «Ez dugu eskatzen Elizan ezkontzea».
Eta haurrentzat kaltegarria dela pentsatzen dutenentzat, hona erantzuna: «Ttipi direnetik esplikatua diegu egoera. Eta behar orduan esplikatuko diegu haur bat ukaiteko behar dela gizon baten hazia eta emazte batena». Izan ere, sexu berekoen ezkontzaren aurka direnen kritika nagusietako bat da sexu bereko bikoteen haurrek ez dutela ulertuko kontu hori: «Baina ez gara zozoak! Badakigu hori horrela dela espezie humanoan. Haurrek badakite jadanik erietxe batera joan naizela gu biek ezin dugulako haurrik ukan, hazi ttipia behar bainuen haurdun gertatzeko. Sinpleki».
Hegoaldean ezkonduak
Bestelakoa da egoera Hegoaldean bizi direnentzat. Sexu bereko bikoteek ezkontzeko eskubidea badute 2005etik. Eta eskubide hori atzera bueltarik gabea da, gainera, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak eman berri duen epai irmoarekin. Gay edo lesbiana bikoteek maiz haurrak tarteko sartu direnean jo dute ezkontzera, guraso ez biologikoa eta haurra babesteko, edo, adopzioen kasuan, tramitea errazteko.
Aldagai asko sartzen dira egoeren arabera, koloreak askotarikoak dira. Aloña Jauregi eta Igone Eskisabeli ospitalean bertan gomendatu zieten ezkontzeko, ugalketa lagunduaren bitartez haurdun geratu ostean. Tramiteak askoz ere errazagoak izango zirela esan zieten ospitalean, familia liburua eskuratuko zutelako eta haurra jaiotakoan familia liburu horretan haurraren izena gehitu baino ez zelako egin behar. Halaxe etorri zen Irular, eta halaxe etorri da Sara gero.
Ezkondu ez balira, familia liburua lortzeko bide malkartsuago bat izango zuten. Epaile baten eskutik pasa beharko zuen kasuak ama biologikoa ez denari familia liburuan sartzeko baimena emateko. Aitorpen hori konplikatu samarra bazen ere, kasu gehienetan tramite hutsa bihurtu da egun, baina tramite katramilatsua.
Ez da ezkontza zaleak direlako, baina haurrentzako babesarengatik eta aitorpenarengatik, aurrera egitea erabaki zuten. «Inoiz ez duzu pentsatzen arazo bat edukiko duzunik, baina, ezer gertatuz gero, eskubiderik gabe geratzen zara. Nik uste etxe askotan, gainera, gure moduko bikoteak onartzea kosta egiten dela. Gure kasuan, ez dago arazorik. Baina ezkondu ez bagina, Igoneri ezer gertatuz gero, ni legez eskubiderik gabe geratuko nintzen haurrenganako. Bere familiak umeak har zitzakeen, eta ni ezer gabe geratu». Horregatik erabaki zuten ezkontzea. Ume horiek edukitzea bikotean sortutako proiektua izan da. Jaiotzako une beretik biak egon dira etxean, eta haur horiek bi ama izan dituzte jaiotzatik. Ezkontzaren bitartez ez da ordea heldua bakarrik babesten, baita haurra ere. Lege babesik eta aitorpenik gabe, biologikoaren familiak haurrak har ditzakeelako.
Jauregiren ustez, sexu bereko bikoteek ezkontzeko eskubidea baldin badute jende askok aurretik lan asko egin duelako dute. Eta urratsak egiten segitzearen aldekoa da. Ikusgarritasunean irabazteko ezkontzea ere begi onez ikusiko luke. Kontrako jarrerarik ikusi edo bizi izan ez badute ere, «oraindik, askotan, sexualitatea askatasunez aitortzea kosta egiten» dela uste dute. Horregatik, apustu egiten dute ikusgarritasunaren alde.