Ion Olano Carlos / 2012-12-09 / 648 hitz
Kultur kazetari, nobelagile, saiakeragile… Txileko idazle nabarmenetako bat da, gaur-gaurkoz, Lina Meruane. Mexikoko Guadalajaran saritu berri dute haren azken nobela: ‘Sangre en el ojo’.
Sor Juana Ines de la Cruz saria ematen diote, urtero, Latinoamerika eta Karibeko herrialdeetan emakume batek gaztelaniaz idatzitako literatur lan onenari. Aurten, Lina Meruane (Santiago, 1970) txiletarraren Sangre en el ojo (Caballo Troya, 2012) eleberriari egokitu zaio. Saria 1993an sortu zen, emakume idazleen lanak aitortu eta diruz laguntzeko —10.000 dolar—. Mexikoko Guadalajaran ematen dute, hain zuzen, urteroko Feria Internacional del Libro (FIL) delakoan.
Ez da Meruanek jasotzen duen lehenengo saria. Aurrez eman izan dizkiote literatur bekak eta beste sari batzuk, baina azken honek badu zerbait berezia: «Kalitate latinoamerikarra duen lehena da niretzat. Gainera, Mexikok ematen du —literatura handia duen herrialde bat da—, eta bereziki maite dut sari literarioa delako; epaimahaiak ez zuen argitaratze interesik, literarioak baizik». Epaimahaikideen iritziz, Sangre en el ojo «eleberri lazgarria da, formalki ausarta. Narratzailearen barne antropologia erakusten du, baita bere gorputzetik igarotzen den denboraren kontzientzia ere; aldi berean, gaitasun handiz orekatzen ditu lengoaia pertsonalaren bilaketa eta kontakizunaren sedukzioa».
Dena den, honako hau aitortu du Meruanek: «Egiari zor, nahiko nuke sari hau desagertzea etorkizunean. Ez dadila beharrezkoa izan emakumeak nabarmentzea. Horretarako, ziurtatu beharko dugu emakumeen lanek izatea merezi duten aitorpena». Duela bi hamarkada sortu zuten Sor Juana saria, eta tarte horretan, Latinoamerikako emakume idazleek eragin nabarmena izan dute kontinenteko literaturan. Hala ere, Meruaneren ustez, ez dute behar bezalako onarpenik izan: «Literaturan ere, gizonen menpe daude egiturak, eta ikusmolde jakin batzuek ez dute aldaketa ahalbidetzen».
Odol-isuriak
Txileko literatura izan da aurten FILko ohorezko gonbidatua, eta harrera beroa egin diote Guadalajaran: «Trukerako eskaintza paregabea izan da», adierazi du Meruanek. «Izan ere, literatura latinoamerikarretik apur bat bakartuta bizi da gurea, eta zer esanik ez mundutik». Meruanek 1998an egin zuen debuta literaturan, Las infantas ipuin bildumarekin. Handik gutxira, hara zer idatzi zuen Roberto Bolañok: «Bada emakume idazle (txiletar) belaunaldi bat, oro jateko asmoz datorrena. Buruan, nabarmen, bi ditugu. Horiek dira Lina Meruane eta Alejandra Costamagna, jarraian dator Nona Fernandez eta beste bospasei gazte, literatura onak behar dituen osagarri guziez armaturik».
Gerora, lau nobela idatzi ditu—Póstuma (2000), Cercada (2000), Fruta Prohibida (2007) eta Sangre en el ojo—. Azken horretako protagonista da Lucina, New Yorken bizi den txiletar bat. Lucina idazlea da, eta bere liburuak Lina Meruane izenordez izenpetzen ditu. «Testu oro da eraikuntza, eta nik garatu nahi izan dudan ideia honako hau da: pertsonaiaren izena edozein delarik ere, egilearen benetako izaera beti dela ezkutua eta agerikoa». Nolanahi ere, Lucina pertsonaiak odol-isuria izan du begi batean, eta ondoren, bestean. Itsutu delarik, beldur da, zinez beldur, ez ote duen ikusmena galduko betiko, bikotekidea, ez ote den betiko geratuko bizitzaren alde ilunean.
Bere azken nobelako protagonista bezalaxe, New Yorken bizi da Lina Meruane. «Txiletik, oso idealizatua ikusten da New York; badu halako irudi zinematografiko bat, glamourtua. Baina hemen elkarbizi dira lotsa gutxiko dirutzak eta ekonomiatik harago dauden miseriak. Kalean bizi dira inolako babesik ez duten homeless-ak eta gaixo psikiatrikoak, parkeetan, metroan, egunero bidaiatzen dut haiekin. Lurrera lotzen nauen kable modukoa da, lanerako sentsore moduan erabiltzen dudana».
Depresioa gidari
Aurten argitaratu du bere lehen saiakera: Viajes virales (2012). Horretarako, gai berezi, interesgarri eta apenas ukitu gabea hautatu du: hiesaren korpus literarioa. 1980ko hamarkadan epidemia zabaltzen hasi zenetik «idazketa seropositibo» delakoak izan duen garapena aztertzen du Meruanek. Birusaren nomadismoa behatu du, gogoeta zorrotzak eginez: birusa globaltasunaren trepeta baldin bada, ez al du birus horrek globaltasuna nolabait irudikatzen?
Sangre en el ojo idazteko, Meruanek bi literatur lan izan ditu gidari eta bidaide: Sylvia Plath-en The Bell Jar (1963) eta William Styronen Darkness visible (1990). Bi liburuek aztertzen dute, barrutik eta bakoitzak bere modura, gai bera: depresioa. «Interesatzen zaidan literatura da galeraren testigantza ematen duena: krisiak, ezintasunak, porrotak, hausturak». Osasunik ezak, hots, gaixotasunak arreta pizten dio nabarmen: «Uste dut denok daramagula zerbait hautsita barruan, eta batzuek haustura hori idazteko aukera dugu. Ez dut uste literaturak haustura konpontzeko balio duenik; gehienera, bira batzuk emateko».