MOOC

Gorka Julio / 2012-12-20 / 294 hitz

MOOC (Massive Open Online Course) on line ikastaro, ireki eta masiboek hartzen duten izen hori. Noizean behin agertzen diren sigla bat gehiago zakura, oraingoan on line irakaskuntzari lotuta. Iraultza berri gisa aipatzen dute; baina hori baino gehiago, on line irakaskuntzaren eboluzio eta pauso natural bat dela uste dut.

On line: MOOC batean tutore bat egon ohi da, esperientzia duen pertsona batek bideo, audio, tutorial… bidez bere ikastaroa eman eta jendeak horren inguruan lanean jarri. Askotan, auto ebaluaziorako tresnak daude, eta beste batzuetan, berriz, biltzen diren ikasleen artean eta eskuragarri dauden material guztiak baliatuz bata besteari laguntzen diote.

Irekia: ikastaroa sarean libre egoten da, eta normalean doan izaten da. Ikastaroa prestatu duenak arrazoi askotarikoak direla medio egindako material hori jendearen esku jartzen du.

Masiboa: tutore baten lanik ez badago, normalean ez dago ikasle mugarik; baina tutore baten lana badago, muga egon daiteke. Ikasle kopuruak ez du zertan ikasketaren kalitatea jaitsi. Kontrakoa ere izan daiteke, elkarren artean galdera-erantzun bidezko ikasketa prozesuak darabiltzaten ikastaroak baldin badira.

MOOC kontzeptua azaldu ondoren, eta akronimotik harago, informazio gizartean zenbait ezagutza lortzeko bide ordenatu bat dela argi dago. Orain arteko e-irakaskuntzako eredu askok oraindik ere irakaslea eta ikasgela dituzte oinarritzat. Horiek ez dira desagertuko, eta gai batzuetan sakontzeko oraindik ere oso baliagarriak dira. MOOCak, aldiz, gai batean murgiltzeko eta horren inguruan interesa duten pertsonak elkartzeko gune gisa pentsatu behar dira.

Mundu osoan badira eredu horretan oinarrituz eskaintza zabala ematen duten plataforma oso interesgarriak coursera.org, udacity.com, ed x.com; baina gurean ere badira ikastaro mota hori egiten dutenak, beharbada izen hori erabili gabe. HABEk euskara ikasteko sortutako Aisia da horietako bat (http://tinyurl. com/aisia-ikastaroa).

Internetek ezagutzaren demokratizazioaren bidean beste aukera bat. Egon daiteke irakaskuntza unibertsala formalagoa tresna horien bidez bakarrik ordezkatu nahiko duenik ere; horiei aurre egin beharko diegu, irakaskuntza sistema unibertsal bat ziurtatzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.