Munduaren beste ikuspegi bat

Aitor Aretxaga / 2012-12-19 / 725 hitz

Etorkizuna errealitate birtualaren eskutik helduko zela iragarri zuten askok. Joera, aldiz, pantailen barruan ikusten den alegiazko mundua ingurune errealean integratzekoa da, ‘smartphone’ edo betaurrekoen bitartez ikusia.

Errealitate birtualean edo guztiz birtuala den mundu batean, erabiltzailea erabat murgilduta dago mundu horretan, eta ez dauka inguratzen duen ingurune errealaren noziorik. Tankerako murgiltzea lortzen da buruan jartzen den ikusgailu berezi batetik ordenagailu bidez sortutako irudi multzo bat erakutsita. Teknologia horren ekipamendua aginterako gailu zein zentzuak suspertzeko sentsoreek osatu ohi dute.

Errealitate areagotuaren teknologiarekin, ordea, erabiltzaileak mundu erreala ikusten duen bitartean, alegiazko irudiak mundu horretan gainjarrita agertzen zaizkio; hau da, errealitatea eta elementu birtualak espazio berean bizikide bihurtzen dira. Alderantzizko murgiltzea lortzean datza, beraz: errealitatean txertatzen diren elementu birtualak nabarituko dira inguruan soilik, betaurreko berezi edo smartphone-ren pantailen bidez.

Aisialdirako eta ikuskizunetarako sortzen diren pareko teknologia gehienak bezala, egunerokotasunean barneratu den beste aurrerakuntza bat bihurtu da errealitate areagotua; eta egun publizitatea, geokokapena edo beste askotariko xedeetarako erabiltzen bada ere, txikienentzako bideo jokoetan eman zitzaizkion lehendabiziko erabilpenak: Sony Play Station Portable eta PSP euskarriaren Invizimals jokoa, kasu.

Teknologiaren potentziala nabarmena da; baina ezingo da inor harritu orain artean irudimenari edo zinemari esker bizi ziren momentuak berregiten badira azken belaunaldiko edozein gailutatik. Dagoeneko, begiak irekita amesten duen hori ez da bakarrik egongo, inguruan hiria bere horretan dagoen artean, pantaila batera begiratu eta martetarren erasopean dagoen hiri bera ikustea posible baita. Bideo jokoez gain, era askotarikoak dira etekina ateratzen dioten aplikazioak: GPS nabigazioa, meteorologia, bidaia gidak, hezkuntza, kirola, turismoa, zuzeneko itzulpenak, laguntzak, topografia edo aplikazio militarrak dira, besteak beste, erabilpena ematen diotenak.

Atari adituak zerrenda egin zaleak dira, eta errealitate areagotua darabilten aplikazioak ez dira salbuespena haientzat. Jakin-mina daukanarentzat, esteka parea: iPhone-an, http://www.iphoneness.com/iphone-apps/best-augmented-reality-iphone-applications/ eta Android-en, http://www.androidauthority.com/best-augmented-reality-android-apps-93950/.

Teknologiak, gailuek baldintzatuta

Oro har, multzo bitan bereiz daitezke errealitate areagotuko aplikazioak, sakelakoetan eta tabletetan exekutatzen direnak, alde batetik, eta betaurrekoetan egiten direnak, bestetik. Azken horietan, aplikazioa ordenagailu batean exekutatzen da; aurrekoetan, ordea, gailuaren prozesadorean egiten dira kalkuluak, hau da, hardware mugatuago batean.

Telefono euskarrietan eta tabletetan, haiek dakartzaten sentsoreak erabiltzen dira —azelerometroa, giroskopioa, GPS, kamera, eta abar— eta erabiltzailearen aurrean modelo birtuala non gehitu zehazten da horrela, ingurura egokituta. Azken horri, tracking deritzo. Halaber, sentsore horiekin egindako tracking-a ez da idealena, eta horregatik, orokorrean modelo birtual horiek 2Dkoak dira. 3Dko modelo bat gehitzeko, errealitatearen tracking oso zehatza behar da.

Hasiera batean, markatzaileak erabiltzen ziren erreferentzia gisa. Markatzaileak izan daitezke, lurrean kokatzeko fitxa batzuk, edo orri zuriak. Oraindik erabiltzen dira, baina esan daiteke atzean geratzen ari direla, logikoena inguruan markatzailerik jarri behar ez izatea baita.

Harira itzuliz, tracking zehatza egiteko, onena dudarik gabe ikusmen artifiziala erabiltzea da, hau da: gailuek dakartzaten sentsoreak eta ikusmen algoritmoak gailua munduan kokatzeko une oro. Baina teknika horrek prozesamendu ahalmena eskatzen du, eta esan bezala, sakelakoek prozesamendu makalagoa daukate ordenagailu konbentzionalekin alderatuta. Orduan, lan-karga gutxiagotzeko baina tracking zehatza erdiesteko, bi tekniken arteko nahasketa egiten da; sentsoreak eta ikusmena, biak batera erabiliz.
————————

Errealitate areagotuko zertzeladak Euskal Herrian: kultura, kirola eta aisialdia

Hainbat elkarte eta instituziok errealitate areagotua erabiltzen dute informazioa emateko

Euskal Herrian ere badago lekurik errealitate areagotuarentzat. Wikitude eta Layar telefonoetarako errealitate areagotuko aplikazio hedatuenetarikoak dira egun; eta Euskadiko Turismo atarian, amuari heldu eta hainbat eduki jarri dituzte smartphone-ren bidez berreskuratzeko, bi aplikazio horiek erabilita.

Errealitatearekin integratutako informazio turistikoa eta gida interaktiboak jarri dituzte eskuragarri, horrela. Aipatu aplikazioetan nahi den geruza horietako bat bilatu eta instalatu daiteke; eta ondoren, Euskadiko hainbat lekuri buruz esateko daukatenaz abantaila atera. Aplikazioak edukiez hornitzeaz haratago, garatu ere egiten da hemen. Adibidez, entzutetsua izan zen KulturMapp Android aplikazioaren kaleratzea ekainean. EuskoMedia Fundaziokoek, kultura eta ondarea zabaltzeko nahian, 400 irudi inguru dauzkate Android telefonoetan ikusteko, 175 interesgunetan banatuak.

Kirolari dagokionez, EuskalSurf doako iPhone aplikazioak Euskal kostatik Landetarainoko surflarientzat informazioa emateaz gain, errealitate areagotua erabiltzen du. Datuak Winduguru ataritik jasotzen ditu, eta horrek ere badauka bere geruza eskuragarri Layer aplikaziotik.

Eta aisialdirako, Vicomtech-IK4 zentro teknologikoak eskaintza landuagoa dauka, hainbat aplikazio garatu dituzte sakelakoetarako: horien artean, Parc De La Sequia aplikazioa, Manresako (Katalunia) izen bereko parke naturalarentzat garatutakoa. Gida horrek errealitate areagotuko teknologia erabiltzen du XIV. mendeko bisita arkeologikoan 3Dko abatar animatua erakutsi, eta uneoro monumentuen inguruko azalpen guztiak emateko. Google Play atarian dago eskuragarri, Android gailuentzat.

Bestalde, Excora proiektuaren helburua errealitate areagotuko esperientziak sakelako bidez sortzeko euskarri baten garapena da. Esperientziak lagun taldeentzat izatea da helburu, eta ingurune irekietan gertatuko dira. Excorako esperientziek jinkana baten gidoiari jarraitzen diote: erabiltzaileek esperientziaren interesguneak eta probak gainditu behar dituzte istorioan murgiltzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.