Osasuntsu elikatu, sukaldaritzaz gozatuz

Arantza Lorenzo / 2012-12-18 / 564 hitz

Mediterraneoko dietaren oinarriei jarraitzen dieten 200 errezeta aurki daitezke ‘200 errezeta goxo eta osasuntsu’ liburuan. Sukaldean inoiz aritu ez direnentzat, errezeta osasuntsuak erraz egiteko aukera ematen du.

Ekainean eman zuen argitara Ttarttalo argitaletxeak, BERRIArekin elkarlanean, 200 errezeta goxo eta osasuntsu liburua. Liburu horrek elikadura ohiturak eta, ondorioz, osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea ditu helburu. Hori lortzeko, honako hau irakur daiteke bertan.

Elikadura orekatua eta osasuntsua izan dadin aholku erraz batzuk. Asko hitz egiten da janari eta dieten inguruan, eta kontraesanezko informazio ugari iristen zaigu hainbat iturritatik. Izan ere, norberaren esperientzia eta filosofia ugari daude praktika askoren atzean, eta ezin esan hori baliagarria ez denik. Baina esperientzia pertsonalak eta oinarri finkorik gabeko ikerketa txikiak ezin dira besterik gabe orokortu.

• Ziurrenik, guztiok ezagutuko dugu elikadura makrobiotikoa edo barazkijalea, Atkinsen dieta… jarraitzen duen norbait. Erabat errespetagarriak dira. Baina horrek ez du esan nahi guztiok hori egin behar dugunik.

• Liburu horretan aipatzen diren aholkuak oso errazak dira, eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta daude. Oro har, Mediterraneoko dietaren oinarriei jarraitzen zaie. 2010eko azaroaren 16an UNESKOk (Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazioarteko Erakundeak) Mediterraneoko dieta materiala ez den ondare izendatu zuen, eta haren propietate eta balioak zabaldu egin behar direla azpimarratu. Frogatua dago orokorrean gomendio horiek jarraituz gero gure elikadura onuragarria dela osasunerako, eta hainbat gaixotasunetatik babesten gaituela.

• Beti aurkituko ditugu salbuespenak. Gorputz guztien funtzionamendua oinarrian oso berdintsua bada ere, milioika joera aurkitzen ditugu. Horregatik, garrantzitsua izango da gure gorputza entzuten ikastea, kalte egiten diguna baztertu eta on egiten diguna praktikan jartzeko.

Bestalde, azken urteetan, arrazoi ugari direla eta, elikadura ohiturek aldaketa nabarmena izan dute (sukaldaritzan denbora gutxiago ematen da, aurrez prestatutako janari asko kontsumitzen da, askotan otorduak ez ditugu behar bezala errespetatzen…). Maiz desegokiak diren ohitura horien ondorioz, gorantz egin dute elikadurarekin erlazionatutako hainbat eta hainbat gaixotasunek: haur-gazteen gizentasuna, diabete eta kolesterol-arterosklerosi arazoak oso pertsona gazteetan, modu askotariko elikadura nahasteak… Arazo horiek guztiak saihesteko nahiak bultzatu naute idaztera.

Egunean behin baino gehiagotan jan behar dugu. Barneratzen dugunak eragin ona edo kaltegarria du gure gorputzean. Hori dela eta, jateko ohiturek izugarrizko garrantzia dute luzera begira. Ohitura egokiak praktikan errazak dira. Gaiarekiko ezagutza apur bat eta norbere borondatea besterik ez dute eskatzen. Hemen elikadura egokia aurrera eramateko informazioa eskaintzen da, norbere aldetik gogo eta ilusio pixka bat jarri eta osasun- eta bizi-kalitate hobea izateko aukerak handitu egiten dira.

Janari aniztasun eta aberastasuna ezagutu. Barazki, fruta eta arrain mota ezberdinak eta gure egunerokoan ohiko diren plater eta menuak prestatzen ikasteko aukera ematen du liburuak. Lehen aipatu den moduan, gure bizimodua dela eta, geroz eta denbora gutxiago eskaintzen zaio sukaldaritzari. Jangeletan bazkaltzen duten haurren kopurua geroz eta handiagoa da. Hori horrela izanik, haur-gazteek aukera gutxi dute sukaldaritza ikasteko. Liburu honek bereziki sukaldean inoiz aritu ez direnentzat —baina, agian, aritzen direnek ere zerbait berria topa dezakete— aholku eta bide posibleak eskaintzen dizkie. Baliogarria izan daiteke:

• Oporretan nerabe eta gazteak praktikan hasteko. Elikadura eta sukaldaritza osasuntsuarekiko interesa piztu dakieke liburuaren bidez.

• Lehen aldiz etxetik kanpo bizitzera joan behar duten ikasle edo langile gazteentzat ere probetxugarria izan daiteke.

• Inoiz sukaldean aritu ez diren erretiroa hartu berri dutenentzat…

Norbere osasuna zaindu eta sukaldaritza praktikekin gozatzeko aukera. Osasuna zaintzea, janariak prestatzea ez da pisutsua, ezta aspergarria ere. Maiz halaxe sinestarazi nahi izan diguten arren, guztiz kontrakoa da. Aholku horiek praktikan jartzeak geure burua hobeto ikusi eta sentitzeko aukera eskainiko digu. Beraz, gozatu menuak antolatzen, janariak prestatzen, prestatutakoa dastatzen, eta, noski, inguruko jendearekin partekatzen. On egin.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.