Uhinbak aplikazioarekin, euskarazko 26 irrati entzun daitezke telefonoan

Urtzi Urkizu / 2012-11-27 / 364 hitz

Euskal Herrian dauden euskarazko irrati gehienak zuzenean sakelako telefonoan entzun daitezke. Uhinbak aplikazioak ematen du horretarako aukera. Iaz Berria Fundazioak emandako Berria bekari esker, aplikazio hori jarri zuen martxan Antxeta irratiak, Fitbak enpresaren bitartez. Hasiera hartan, 11 ziren entzun zitezkeen irratiak. Baina orain aplikazioa berritu egin dute, irrati kopurua 26ra zabalduta.

Euskal Herriko zazpi herrialdeetako irratiak entzun daitezke sakelako telefonoetan —baita tabletetan ere— Uhinbak doako aplikazioaren bidez: Arabako Aiaraldea eta Hala Bedi, Bizkaiko Bilbo Hiria Irratia, Bizkaia irratia, Gorbeialde irratia eta Tas Tas irratia, Gipuzkoako Arraio irratia, Arrate irratia, KKinzona, Oiartzun irratia, Ttan Ttakun, Txolarre irratia, Zintzilik eta Zirika irratia, Nafarroako Beleixe irratia, Eguzki irratia, Euskalerria irratia, Irati irratia eta Xorroxin irratia, Lapurdiko Antxeta irratia, Gure Irratia eta Info7, Nafarroa Behereko Irulegiko Irratia eta Zuberoako Xiberoko Botza.

Android eta iPhone sistemetarako erabilgarria da Uhinbak aplikazioa. Lehen baino 15 irrati gehiago eskaintzeaz gain, berrikuntzak gaineratu dizkiote aplikazioari. Irratiak herrialdeka sailkatu eta mapa batean kokatu dituzte. Gehitutako irrati berrien programazioa eta informazioa ere jarri dute.

«Euskarazko irratiak edonork, nonahi eta noiznahi entzuteko aukera izatea gure lehen erronka izan den arren, ez da azkena. Aurrera begira, hobekuntza eta zerbitzu gehiago eskaintzea baita gure asmoa», adierazi dute aplikazioaren sustatzaileek www.uhinbak.eu webgunean. «Ez ditugu gainerako hizkuntzak baztertu nahi; gurea entzun eta erabili nahi dugu. Eta horixe da, hain zuzen, garatu dugun aplikazioaren muina».

Aplikazioaren webguneak berak ematen du Android eta iPhone mugikorretan deskargatzeko aukera. Halaber, Play Store eta AppStore denda digitaletan har daiteke, doan. Denda horretatik aplikazioa iPaderako jaisteko aukera ere badago.

«Teknologia euskararen zerbitzura jarri eta beste hizkuntza askok jada baduten bozgorailua ezarri nahi diogu», diote proiektuaren ordezkariek. Gaur egun, 26 irrati entzun daitezke Uhinbakekin, eta etorkizunean lanean jarraituko dutela iragarri dute.

Uhinbak-ekin entzun daitezkeen irratiak

Irratia Herria
Aiaraldea Laudio
Antxeta Irratia Hendaia
Arraio Irratia Zarautz
Arrate Irratia Eibar
Beleixe Irratia Sakana
Bilbo Hiria Irratia Bilbo
Bizkaia Irratia Bilbo
Eguzki Irratia Iruñea
Euskalerria Irratia Iruñea
Euskal Irratiak Ipar E.H.
Gorbeialde Irratia Igorre
Gure Irratia Ustaritze
Hala Bedi Irratia Gasteiz
Info7 Urruña
Irati Irratia Aribe
Irulegiko Irratia D. Garazi
KKinzona Urretxu
Oiartzun Irratia Oiartzun
Tas Tas Irratia Bilbo
Ttan ttakun Donostia
Txapa Irratia Bergara
Txolarre Irratia Anoeta
Xiberoko Botza Maule
Xorroxin Irratia Baztan
Zintzilik Irratia Errenteria
Zirika Irratia Idiazabal

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.