Imanol Mercero / 2012-12-09 / 199 hitz
- Egilea. Mariasun Landa.
- Argitaletxea. Elkar.
- Ilustratzailea. M. Gurrutxaga
Beti ongi etorria eta txalotua den Mariasun Landa bi obra berrirekin etorri zaigu euskal literaturaren plazara: Marikanta eta inurria Erein argitaletxearekin kaleratu duen inurria eta txitxarra fabularen bertsio librea eta Maitagarria eta desioa, hemendik aurrera aipagai izango duguna.
Eleberri izateko bidean geratu den narrazio luzea, amandre ipuinen ezaugarriak baliatuaz idatzita dago, baina idazlearen erara, libreki interpretatuta, bereziki errealismo kritikorako duen joerari jarraituaz.
Izan, aurretik idatzi zuen ipuin baten luzapena omen da (El hada y el deseo A las buenas y a las malas, Anaya), behinola idatzitako ipuin izenkideak gehiagorako ematen zuela iritzita.
Idazlearen hitzetan obra honetan aldarrikatzen den ideia nagusia «gauza okerrena ez da gure desioak ez betetzea, baizik deseatzeari uztea da».
Narrazioak protagonistaren biografia osoa kontatzen du bere hamabi ataletan, eta irakurketan murgildu naizen eran garapen faltaren sentipena biziagotuz joan zait. Izan ere, atala amaitzen ari zitzaidala ohartu naizen bakoitzean pena sentitu dut, gehiago luzatu ez delako. Liburuak, oro har, sentipen horixe utzi dit, adierazi nahi den mezuari garapen luzeagoa eman ez izanaren pena, istorio eder honen aitzakiatan.
Liburua Maite Gurrutxagaren zortzi irudirekin hornituta dator, koloretan, urmargoak eta tinta estanpatua dirudien teknika mistoarekin, harri eternalen antzera.