Alzheimerra (II): Nola lor daitekeen alzheimerra tratatzea

Jabier Agirre / 2013-01-15 / 712 hitz

Biztanleriaren zahartzeak gaitzaren intzidentzia gehitzea ekarri du, lehen mailako osasun-arazo bilakatzeraino.

Azken urteotan gaiaren inguruan ikerketa zientifiko ugari egin eta gaitzaren erremedioen bila dirutza ikaragarriak jarri arren, oraindik ez da argitu alzheimerren gaitza eragiten duen azken kausa edo arrazoia. Alzheimerraren jatorrian faktore-multzo batek parte hartzen duela susmatzen da (aurrejoera genetikoak, agente infekzioso jakinen bat, ingurumeneko toxinen ekintza eta abar aipatu dira), baina ez dago ezer argi. Horrez gain, gaitzak ez dauka sendabiderik oraingoz, eta horregatik prebentzioa da gaixotasuna agertzea atzeratzeko estrategia bakarra.

Alzheimerra adierazten duten sintomak

Garunari erasaten dion gaixotasun progresiboa da alzheimerra, oroimena, arrazonamendua, portaera eta halako funtzioak mugatzen dituena. Kontuan eduki behar da, hala ere, urteetan aurrera goazen heinean gure ezagutza-funtzioak okerrera egitea eta gai horietan beherakada bat izatea guztiz normaltzat jo behar dela. Horregatik, zahartzaroko moteltzea prozesu normala da, eta ez da alzheimerren gaixotasunarekin inola ere nahastu behar. Horregatik, gaitzaren presentzia susmatzeko, ondorengo sintoma hauek ere eduki beharko ditu gaixoak:

Oroitzeko ezintasuna.

Gaixotasunaren aurreneko faseetan, aski normala da gertatu berri diren gauzez ez oroitzea baina iraganean gertatutakoak oso ondo gogoratzea. Data garrantzitsuak ahaztuko ditu gaixoak, eta behin eta berriz gauza bera galdetuko du. Urtetik urtera, baina, oroimeneko hutsune horiek handituz doaz, oroimenaren erabateko galerara iritsi arte.

Arazoak ebazteko zailtasunak.

Gaitzak aurrera egiten duen neurrian, gaixoarentzat gero eta zailagoa da kontzentratzea, eta horregatik, zailtasun handiak izaten ditu kalkulu matematiko errazak (batuketak edo kenketak) egiteko edo lehendik ere ezaguna duen sukaldeko errezeta baten pausoei jarraitzeko.

Eguneroko jarduerak egiteko arazoak.

Aurrez aparteko arazorik gabe egiten zituen jarduerak (janztea, garbitzea, jatea eta antzekoak) errepikatzeko, jolas edo joko baten arauak gogoratzeko edo betidanik ezaguna zuen leku batera joateko zailtasun gero eta handiagoak dauzka gaixoak.

Desorientazioa.

Denbora-mailakoa izan daiteke (astegunak edo urte-sasoiak nahasten ditu), edo baita espazio-mailakoa ere (ez daki non dagoen, edo une jakin batean dagoen lekuraino nola iritsi den).

Mintzamenaren eta idazkeraren trastornoak.

Gaixoak arazoak eta zailtasunak dauzka elkarrizketa bat jarraitzeko, edo begien aurrean daukan objektu jakin bat definitzen duen hitza mihi-puntara ekartzeko.

Gauzak bere lekutik kanpo jartzea.

Ohikoa da erabilera pertsonaleko gauzak leku desegokietan uztea eta gero horretaz ez gogoratzea. Fase aurreratuagoetan, gaixoak gauza horiek lapurtu egin dizkiotela pentsatzera eta horretaz ingurukoak salatzera ere irits daiteke.

Desmotibazioa.

Gaixoarentzat ordura arte atseginak ziren jarduerak (lagunekin geratzea, zinemara joatea edo telebistan futbol-partidak ikustea, adibidez), interesgarri izateari uzten diote.

Umore eta izaeraren aldaketak.

Azkeneko faseetan, berriz, erasandako pertsonak beldurtiago, estuago edo suminkorrago azaltzen dira gaixotasunaren ondorioz.

Gaixotasunaren faseak

Hasierakoa. Iraupena: 3-4 urte. Sintomak: hurbileko oroimenaren aurreneko akatsak, gauzak galtzea, kontzentratzeko zailtasunak, nortasunaren asalduak.

Tartekoa. Iraupena: 2-3 urte bitartean. Sintomak: urruneko oroimenaren akatsak, pertsonak oroitzeko zailtasuna, eginkizun konplexuak egiteko arazoak, denbora- eta espazio-mailako desorientazioa.

Terminala (amaierakoa).

Iraupena: 2-3 urte bitartean. Sintomak: bere kasa baliatzeko eta besteekin harremanak izateko ezintasuna, ahozko trebetasunak galtzea, gernuari eta eginkariei eutsi ezina, eta abar.

Bizi-baldintzak hobetzeko

Inolako sendabiderik ez duen gaitz degeneratiboa denez, alzheimerraren kontra orain arte eskura dauzkagun tratamendu bakarrak aringarriak edo paliatiboak besterik ez dira, sintomak gozatzera, trastornoaren aurrerapausoak geratzera eta, ahal den neurrian, gaixoaren bizi-kalitatea hobetzera bideratuak.

Diagnostikoa egin.

Ez dago alzheimerra diagnostikatuko duen proba fidagarririk. Espezialistak hainbat irizpide erabili eta baliatuko ditu konklusio batera iritsi aurretik. Lehenik eta behin, antzeko sintomekin agertzen diren beste gaitz batzuk baztertu beharko dira, esate baterako, depresioa, garuneko lesioak, zenbait medikamenturen albo-ondorioak, eta abar. Eta horretarako, odoleko nahiz gernuko analisiak, azterketa neurologikoak eta abar egingo dira. Gaur egun, badira gaitzaren presentzia susmatzeko modua ematen duten proba batzuk (erresonantzia magnetikoa, ordenagailu bidezko tomografia axial edo eskaner berezia, eta baita orno-muina eta garuna inguratzen dituen likidoaren analisiak ere), eta horiei esker, espezialistek asko findu dute diagnostikoa argitzeko prozesua, baina hala ere, behin-betiko diagnostikoa, zoritxarrez, berandu samar ezartzen da oraindik kasurik gehienetan.

Tratamendu bat ezarri.

Behin diagnostikoa ezarri ondoren, paziente bakoitzaren araberako protokolo mediko egokia finkatuko du espezialistak, gaitza noraino zabaldua dagoen kontuan hartuz betiere.

Medikazioa.

Normalean ematen diren botikek antsietatea eta agitazioa gutxitzeko edo insomnioa, depresioa eta halako arazoak zuzentzeko balio izaten dute. Egoera neuronala hobetzen duten botikak ere errezetatzen dira, gaixotasunaren aurrerapena frenatzeko asmotan.

Ohiturak.

Ariketa fisikoa modu erregularrean egiteak, dieta orekatua jarraitzeak eta bizimodu lasaia eta ondo antolatua eramateak gaixoaren bizi-kalitatea hobetzen lagunduko dute, eta bide batez gaixoaren antsietatea edo herstura gutxituko dute.

Estimulazioa.

Eguneko zentroetan, haien gaitasunak estimulatzeko eta soziabilitatea sustatzeko jarduerak eginarazten zaizkie pazienteei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.