Idurre Eskisabel / 2013-01-18 / 149 hitz
Bi-zi-tze-a. Horrela, enfasi horrekin ebakita, horra inguruan gero eta gehiago entzuten dudan desioa. Eta, alde batera, ez da harritzekoa, krisi izendatu duten azken gerra-eraso bortitzaren menpe, gero eta zailago baitira bizitzeko baldintzak. Baina ez dira ari horretaz; ez dira ari hozkailuak jateko osasuntsuz betetzeko gero eta zailtasun handiagoez, edo botiken berrordainketaz… Ez, beste zerbaitez baizik: bizitzak ihes egiten digun irudipenaz, hareak eskuetako behatz artetik nola; presatuta bizitzeaz, errepikapenaz, egunerokoaren asperduraz, zentzurik ezaz.
Eta bi-zi-tze-a da —horrela, enfasi horrekin ebakita— hutsaltasunaren kontrako errezeta. Bi-zi-tze-a, hots, funtsean, sentsazioak, emozioak ehizatzea; mila koloretakoak, norberaren nahierara, baina, nolanahi, ahalik eta sarrien eta ahalik eta indartsuenak.
Horrenbestez, emozioen ekoizpenean engaiatuta dabiltza agintari, enpresaburu eta hedabideak; emozioen ekoizpenean engaiatuta, halaber, herri elkarte jatorrak. Eta ekoitziko digute sanantonez txakolin/sagardoen premia, sansebastianez solemnitatearena, sanbalentinez Veneziarena, negu osoz eskiatzekoa, edo urte osoz golena. Bestela galduta baikabiltza, jartzen baikara biluzik ispiluaren aurrean, eta ez baitakigu erantzuten zer den bi-zi-tze-a.