Amaia Portugal / 2013-01-03 / 1.153 hitz
Mundu osoko ehun erakundek baino gehiagok Lur Planetaren Matematika Urtea antolatuko dute aurten, Christiane Rousseau Montrealgo Unibertsitateko ikertzailea buru dutela.
Unescok Lur Planetaren Matematika Urtea izendatu du estreinatu berri den 2013 hau. Arazo globalak konpontzeko matematikak egindako ekarpenak nabarmendu eta diziplina horren eta gizartearen arteko loturak estutu nahi dituzte ekimenaren antolatzaileek. Bai eta punta-puntako matematikarien eta beste diziplinetako ikertzaileen elkarlana sustatu ere, munduko erronka handienei aurre egiteko.
Guztira, 30 herrialdetako baino gehiagotako 100 erakundetik gora ari dira egitasmo honetan parte hartzen. Askotariko lansaioak, biltzarrak, mahai inguruak… antolatu dituzte, munduan luze-zabal. Ekitaldi azpimarragarrienen artean, martxoaren 5ean erakusketa bat zabalduko dute Parisen, Unescoren egoitzan. Christiane Rousseau (Versailles, Frantzia, 1954), Montrealgo Unibertsitateko (Quebec) Matematika eta Estatistika Saileko ikertzailea dago programa honen guztiaren buru, bera baita Lur Planetaren Matematika Urtearen sustatzaile nagusia eta presidentea.
Matematikaren Urtea izan zen 2000n, eta Lur Planetaren Urtea 2008an. Zergatik ikusi duzue aurten bi alorrak uztartzeko beharra?
Matematikaren Urtea urruti dago jadanik, eta, Lur Planetaren Urteari dagokionez, matematikariek ez zuten eskuhartzerik izan horretan. Unea sortzea da gakoa. Lurrak dituen arazoei lotutako erronka matematikoak daude, eta 2000. urtean ez genituen arazo horiek ikusten gaur egun adinako premiarekin. Nazioarteko urtea da hau, aukera ona indarrak batzeko.
Beraz, une hau, urte hau, baliatu nahi duzue alor horretako matematikaren ikerketari bultzada emateko, ezta?
Hori da. Aukera ematen digu askotariko jendea elkartzeko, auzi hauetako asko diziplina artekoak baitira. Hau da, matematikariek tresnak sortzen dituzte, baina ziur egon behar dute tresnok galdera zuzenei ematen dietela erantzuna. Errealitatean gertatzen ari dena islatu behar dute eraikitzen ditugun ereduek.
Horretarako, hasiak zarete diziplina arteko proiektu batzuk garatzen. Zer egitasmo dira, zehazki?
Esaterako, epidemiologia, ekologia eta osasun publikoari buruzko programa pankanadar bat dugu martxan dagoeneko. AEBetan, etorkizuneko energia jasangarria izan dadin, materialekin ari dira lanean IPAMen (Matematika hutsaren eta Aplikatuaren Institutua); eta ekosistemen dinamika eta kudeaketari buruzko programa batean MBIn (Matematika Biozientzien Institutua). Ingalaterrako Isaac Newton Institutuan, bi egitasmo daude martxan: infekzio gaitzen dinamikari buruzko bat eta Lurraren fluidoen matematikari buruzko beste bat, klimaren sisteman aplikazioak dituena. Bestalde, Parisko Henri Poincare Institutuan, bioekonomiaren matematika jorratzen ari dira. Matematikak ekologiaren eta ekonomia jasangarriaren iturritik edan dezakeela erakustea da egitasmo horren helburuetako bat. Ekologiarekin zein garapen jasangarriarekin, biak ala biak, zerikusia duten erronka matematikoak identifikatu nahi dituzte egitasmo horretan.
Matematikak gure planeta ulertzen laguntzen du, baina nola?
Gauza asko ez dira begi bistakoak, zeharka ulertu behar ditugu. Adibidez, Lurraren barruko egitura. Harrigarria izan zen planetaren bihotza solidoa zela jakitea. Inge Lehmani esker dakigu hori; emakume daniar horrek matematika ikasi zuen, eta Danimarkako Institutu Geodesikoan egiten zuen lan. Lurraren barrualdea nolakoa den identifikatu zuen 1936an. Horretarako, lurrikara batek eragindako uhin sismikoetan zeuden irregulartasunak aztertu zituen, munduko estazio sismiko askotan grabatutako datuak hartuta. Analisi matematikoari esker berreraiki zuen planetaren barrualdea. Prozesua antzekoa da medikuntzan baliatzen diren eskanerretan: matematikarik gabe ez genuke halakorik izango. Eskanerrak ez du irudi bat ematen: aztergai den gorputzak askotariko norabideetan zenbat energia xurgatu duen esaten du, eta horren araberako kalkulu batek irudia proiektatzen du. Matematikaren betaurrekoak jartzen ditugula esan ohi dut, eta horrekin lagundu egiten dugula gauzak ikusten.
Epidemiologian ere garrantzitsua da matematika, ezta?
Bai, epidemiak nola zabaltzen diren eta nola kontrolatu behar diren ulertzeko. Adibidez, Afrikan, Gineako zizareagatiko infekzioa ia desagertuta dago; modelazio on bat egin zuten matematikariek. Horrelako kasuetan, matematika ereduek frogatzen dute epidemia bati aurre egiteko ez dagoela txertoa populazio osoari eman beharrik, gutxieneko kopuru bati baizik. Esaterako, matematika eredu batek esan diezaguke gaixo bakoitzak pertsona bat baino gutxiago infektatu behar duela batez beste, horrela gaitza gutxitu eta desagertu egingo dela azkenean. Horregatik, halako auzietan erabakiak hartu behar direnean, garrantzitsua da matematikariak kontuan izatea.
Estatistikei buruz ari al gara hemen?
Ez. Epidemien kasuan, adibidez, populazio ereduak egiten dira: zenbat jende kutsatu den ikusi, zenbat sendatu diren… Matematika klima aldaketaren ikerketari aplikatzen diogunean, bestalde, fluidoen mekanikaz ari gara. Lurrean fluidoak dabiltza, eta horien mugimendua ulertu nahi dugu; matematikaren eta fisikaren arteko erdibideko alorra da. Estatistika hutsa baino askoz ere gehiago da. Tsunamien kasuan, esaterako, lurrikara batek eragin dezakeen uhinaren abiadura zenbatetsi dezakegu gaur egun, eta gertatzekotan, kostaldea noiz joko lukeen iragarri. Amerikako Sandy urakanarekin, adibidez, haren ibilbidea eta intentsitatea nahiko zehatz konputatu zuten, gertatu baino egun batzuk lehenago. Behin eredu bat edukita, orduan bai, estatistikak oso garrantzitsuak dira, hori balioztatzeko. Etorkizunerako balioko duen eredu bat egiaztatzeko, iraganean erabilgarria izango ote zen frogatu behar izaten da, eta horretarako oso garrantzitsua da iraganeko estatistika horiek gordeta izatea.
Iragarpenen harira, Italian, zenbait geologo zigortu dituzte berriki, L’Aquilako lurrikara gertatu aurreko egunetan ez zituztelako arriskuak behar bezala neurtu. Zer iruditu zaizu?
Sekula ez dugu lurrikara bat noiz gertatuko den iragartzerik izango. Ikertzaileok asko eztabaidatu dugu L’Aquilan gertatutakoari buruz. Garbi dago geologoek ezin dutela esan lurrikara bat noiz gertatuko den, baina, era berean, kontuz ibili behar dugu herritarrei igortzen diegun mezuarekin. L’Aquilan ere, noski, herritarrek ez dute jakiterik lurrikara bat noiz gertatuko den, baina zerbait arraroa sumatzen dutenean —mugimendu sismikoak egon ziren lurrikara gertatu aurreko egunetan— kalera ateratzen dira badaezpada. Horrela egin izan dute beti. Kasu horretan, ordea, jendeari igorri zitzaion mezuaren erruz, denak etxean geratu ziren, ohi bezala badaezpada kalera irten beharrean. Ziurrenik, akatsa zera izan zen, ez zutela garbi esan ez zegoela ziur jakiterik… Ikertzaileak gai dira, adibidez, toki jakin batean lurrikara egon bada, tsunamia izateko arriskua ba ote dagoen zehazteko, eta, egotekotan, zer abiaduratan etorriko den kalkulatzeko, baina ez dago jakiterik benetan gertatuko den. Aurrea hartzen, erabakiak hartzen… lagundu dezakegu, baina ez dugu inoiz zehatz-mehatz iragarriko.
Zer ekarpen egingo dizkiote 2013ko ekimenek matematikari?
Batetik, matematika aplikazio berriak egingo dira, eta horiek ahalbidetzeko erreminta berriak garatu ere bai. Urte bakarrak ez du mundua aldatuko, noski, baina bultzada emango dio, eta 2013az harago izango du eragina. Gainera, elkarlana handituko da planetaren arazo nagusiak jorratzeko orduan, matematikarien artean zein beste diziplina batzuekin. Alor horiei lotuta, ikertzaileen belaunaldi berri bat trebatzeko aukera emango digu, bai eta matematikak gizartean eta hedabideetan duen irudia aldatu ere. Bukatzeko, eskola curricumula aberastuko dugu, aplikazio zirraragarrien bidez eta matematikak gizartearen beharrizanetan duen garrantzia handituz.
Eta 2013az harago, zeintzuk dira erronkak?
Klima aldaketari dagokionez, ekosistemetan izango duen inpaktua ebaluatu behar dugu. Kontua ez baita tenperatura aldaketa bakarrik: euriaren maiztasuna, toki batzuetan urakan gehiago izango dira, beste batzuk oso lehorrak bihurtuko dira… Nekazaritza eta arrantza baliabideetan izango duen inpaktua ere neurtu behar dugu. Oro har, klima aldaketaren ondorio guztiak. Bestalde, ikusi behar dugu nola jo energia jasangarriagoetara; ekonomia jasangarriago baterako bidea urratu. Guztiontzat nahikoa elikagai izango dela ere ziurtatu behar dugu, populazioa oraindik gora egiten ari baita. Beste erronka bat da finantza krisiari aurre egiteko babesa handiagotzea. Eta noski, komunikazioa. Eskoletan, haurrek ez dute matematika gehiegi maite, beti galdetzen dute ea zertarako balio duen. Elkarrizketa honetan emandako adibideak nahiko interesgarriak izan daitezke eskoletan zabaltzeko.
Etorkizun horretan, luzera begira, konputagailu kuantikoak egia bihurtzen direnean, matematikaren alorreko ikerketa are gehiago indartuko al dute?
Azkenean benetan ordenagailu kuantikoak izaten baditugu, konputazioaren indarra ikaragarri handituko dute. Horri esker, litekeena da klimaren inguruko eredu matematikoak fintzeko aukera izatea. Era berean, kriptografiaren eta ordenagailuaren segurtasunaren alorrak irauliko lirateke. Baina, egiari zor, ordenagailu kuantikoak ez ditugu bihar bertan eskuragarri izango.