Estibalitz Ezkerra / 2012-12-30 / 705 hitz
Egun oso zabaldua badago ere, bidegabekerien aurrean asaldatzen dena erotzat hartzeko joera ez da berria, Machado de Assis-en ‘Alienista’ 1882ko nobelak erakusten duenez.
Amaitzera doan urteari errepaso egiten hasi dira Mendebaldeko komunikabideak, eta denetan hitz bat da nagusi: krisia, dela ekonomikoa, dela politikoa, dela soziala. Hurrengo urtean herrialde bakoitzeko agintariek, «liderrek» batzuei esatea gustatzen zaien bezala, zer-nolako erabakiak hartuko dituzten, nola aurre egingo dioten egoerari aurreikusten saiatzen dira komunikabideak. Herritarrari ere hitza ematen ahalegintzen dira; azken batean, hura da krisiaren eragina gehien pairatzen ari dena. Eta urte osoan han eta hemen izandako erreboltak aipatzen dituzte, herritarraren neke eta haserrearen sintoma. Politikari zenbaitek oraindik ere serioski hartzen ez dituzten neke eta haserrea. Haientzat, espazio publikoak okupatzera dedikatzen den jendea edo bortitza da edo erotuta dago. Horixe izango da, arazoaren muina ikusteko gai dena erotuta dagoela, Joaquim Maria Machado de Assis idazleak iragarri bezala.
Duela sei urte, Igela argitaletxearen eskutik, Machado de Assisen (Rio de Janeiro, Brasil, 1839-1908) O Alienista (1882) nobelaren euskarazko itzulpena iritsi zen liburu-dendetara, Alienista izenburuarekin. Joseba Urteagak itzuli zuen lana, portugesetik euskarara. Nobelan azaltzen zaigu ustelkeria arlo politiko, ekonomiko eta sozialean jarduera komuna bihurtu den honetan bidegabekerien aurrean asaldatzen dena erotzat hartu ohi dela.
O Alienista umorezko nobela bat da, garai hartako kezka zientifikoak jomugan hartzen dituena. Gertaerak Rio de Janeirotik gertu kokaturik dagoen herrixka batean jazotzen dira. Simão Bacamarte izeneko zientzialariak, Portugalen ibilbide arrakastatsua lortu ostean, jaioterrira itzultzea erabakitzen du alor berria den psikologian ikerketa originalagoak egiteko asmoz. Hasiera batean ematen du Bacamarteren helburu nagusia zientziaren esparruan aurrerapenak egitea dela, jaioterrian Portugalen bezainbesteko ospea lortzeko. Baina herriko agintaritza ustelduak nahierara aritzeko askatasuna eman ostean Bacamarte herritarrak banan-banan eroetxera bidaltzen hasten denean, herritarrak (eta irakurlea bera) zientzialariaren benetako asmoez susmatzen hasten dira. Errebolta egiten dute haren kontra, baina huts egiten dute eta alienistaren boterea indartu besterik ez da egiten.
Istorioaren amaierarako, baina, ez dakigu nor den benetan eroa: botereari oldartzen zaiona, ala boterearen legezkotasunaren barruan aritzen den alienista.
Machado de Assis XIX. mendeko Hego Amerikako egile modernoenetako bat kontsideraturik dago. Egile oparoa izan zen, eta hainbat nobela, antzezlan, ipuin, poema eta saiakera idatzi zituen. Esperimentazioaren zale amorratu, XX. mendeko abangoardietako kezketako batzuk jadanik agertzen dira bere obran.
Esklaboen biloba
Egiazki, egilearen jatorria kontuan izanda, mirari bat dirudi haren ibilbideak. Familia xume batean jaio zen, eta haren aiton-amonak esklaboak ziren (1888. urtea arte ez zuten esklabotza Brasilen debekatu). Etxeko egoera ekonomikoa zela eta, Machado de Assis gazterik hasi zen lanean eta, ondorioz, ezin izan zituen oinarrizko ikasketak amaitu. Bere kabuz ikasten jarraitu zuen, ordea, eta auzokoen laguntza izan zuen horretan. Bere biografoek kontatzen dutenez, okinak frantsesa irakatsi zion bitartean herriko apaizak klasikoengana gerturatu zuen. Hamasei urterekin lehen poema argitaratu zuen, Ela, Marmota Fluminense aldizkarian, garai hartan Francisco de Paula Brito (Rio de Janeiro, 1809-1861) idazleak zuzentzen zuena. Handik urtebetera Inprimategi nazionalean tipografo lan egiten hasi zen. Ordukoak dira bere estreinako liburuak ere, Queda que as mulheres têm para os tolos (1861) nobela eta Crisálidas (1864) poema liburua. Maila profesionalean ere bere egoerak hobera egin zuen. 1881ean Nekazaritza, Merkataritza eta Herri-Lanetako idazkaritzako lehen mailako ofizial izendatu zuten, inoiz utziko ez zuen ibilbide burokratikoari hasiera emanez.
Osasun aldetik, baina, nahiko makala zen idazlea. Epileptikoa izanik, krisi ugari izaten zituen, eta haietako batek ospitalean denboraldi luze bat igarotzera eraman zuen. Gaixoaldiaren ostean, bere estilo literarioa eta oro har portugesezko letren norabidea aldatuko zuen Memórias póstumas de Brás Cubas nobela osatu zuen. Liburu horri buruz Carlos Fuentesek idatzi zuen «aurreko mendeko iberoamerikar nobelarik handiena» dela eta «haren irakaspen zeharo askeak» ez zirela «erabat ulertuak izan kontinente espainoldunean XX. mendera arte». Aipatu nobelak hil berri den Bras Cubasen bizitza eta heriotzari buruzko gogoetak biltzen ditu. Egileak berak sarreran esaten duen bezala, Laurence Sterne eta Xavier de Maistereren eraginpean idatzi zuen lana. Jarraian, Quincas Borba (1891), darwinismo eta hautaketa naturalaren parodia, eta Don Casmurro (1899) argitaratu zituen. Azken hori Josu Zabaletak euskaratua da EIZIEk kudeatzen duen Literatura Unibertsala bildumarako.
Ezagutu zutenen arabera, Machado de Assis harroputza zen eta nabarmenkeriara emana zegoen. Hortik abiatzen da kritika bere lanak, betiere aristokraziaren munduari lotuta, bere jatorri xumeagatik sentitzen zuen lotsa gainditzeko ariketak zirela esateko. Egia da haren lanean ez dugula unean uneko gertaerei egindako aipamenik aurkituko, baina hala ere XIX. mendearen amaierako Brasilen akatsak kritikatu egiten ditu zorrozki. Horren adibide da O Alienista.