Etxalarko bideak

Josean Gil-Garcia / 2012-12-28 / 525 hitz

Argarata-Basate errekaren arroilaren inguruan ibili gara, Atxuria eta Zentinela mendien ingurumaria bisitatu eta Etxalarko lurrek duten edertasunaz gozatzeko helburuarekin.

Etxalarko lurretan, Argarata-Basate errekaren arroaren inguruan, bizkarrez bizkar ibili gara Atxuria eta Zentinela mendiei bisita eginez.

Antsolokueta Etxalarko auzoan dagoen ikuztegiaren ondoko aparkaleku txikian autoa utzi, eta etxe ederren artean hasi gara ibiltzen. Berrogeita hamar metro aurrerago errepidea utzi, eta egurrezko hesola batek markatzen duen norabidean maldan gora jarri gara.

Nabarlatsa

Nabarlatsako leporaino PR-NA 15aren bide seinale zuri eta horiek lagundu digute bide zuzena aukeratzen. Basoan murgiltzen den aldapa pikoak Perugorrieneko Borda baserri-landetxearen ondora eraman gaitu. Mendi bizkarretik jarraituz, Armeako Borda baserria gure eskuinean utzi eta berehala, Lakain-Apezborroko errepide asfaltatuarekin bat egin dugu. Ezker aldetik Usategietarako bidea eta eskuinetik, berriz, Orenbentako atsedenlekura doana. Ez bata eta ez bestea, guk aurrez aurre dugun hariztian sartzen den bidea aukeratu dugu.

Aldapan gora doan bidetik basoan murgildu gara, eta ezkerretik ateratzen bidexka utzita, garo artean Lakaingainako lepora iritsi gara. Bertan, ibilbide desberdinak (SL-NA 2, GR-11, PR-NA 15) erakusten dituzten egurrezko seinaleak oso lagungarri gertatu zaizkigu bide zuzena aukeratzeko orduan. Basotik atera, eta ipar-ekialderantz zabaltzen den bidetik azkar heldu gara Lakaingo lepo belartsura, Sara eta Etxalar udalerrien arteko mugara. Lizaietatik datorren pista zabalarekin bat egin dugu. Hor ere egurrezko seinale berriak ikusi ditugu. Pistan barrena eta norabidea mantenduz, ehiztari borda bat eta iturria atzean utzi, eta Nabarlatsako lepo zabalera jaitsi gara, 50. mugarria dagoen lekura. Puntu horretara heltzean PR-NA 15a utzi egin dugu, eta Atxuriako tontorreraino joatea erabaki dugu.

Atxuria

Pistatik gorantz egin dugu, eta ezker-eskuin ateratzen diren bideak utzita zuzen jo dugu. Iguzki Gaina mendiko tontorretik gertu pasa, eta harizti batean sartzean 54. mugarriaren ondora heldu gara. Puntu horretan bidea bitan banatzen da, eta guk ezker aldetik ateratzen dena aukeratu dugu, eskuinekoa Orenbentako lepora baitoa. Bide aldapatsuak Urioko erreka ondora eraman gaitu, eta, hori zeharkatu ostean, mendi larretan marrazten den aldapa pikoari ekin diogu. Berueteko bordaren ondotik igaro, Irumugako lepora doan pista eskuinera utzi, eta alanbrezko hesiaren paraleloan malda bizia igoz Sarako lezeetatik datorren bidearekin bat egin dugu. Hortik tontorrera iristeko marra horiz markatutako xenda erosoa jarraitu besterik ez dugu. Bide hori Atxuria hegoaldetik inguratu eta ekialdean dagoen lepo errazera igo eta gero, harri konglomeratuen ingurura iritsi gara. Horien artean zabaltzen den korridore batek erraztu digu gailurrerainoko ibilbidea. Hamaiketakoa egiten dugun bitartean, begien aitzinean ireki zaigun ikuspegi zabalaz gozatu dugu.

Zentinela

Etorritako bidetik atzera egin dugu, baina Bizkailuzeko bizkarrera iristean ezker aldetik marrazten den xendatik maldan behera jaitsi gara Irumugara, Etxalar, Baztan eta Sarako lurrek muga egiten duten lekura. Bizkailuzeko mugarri ezagun horretatik ezker-eskuin ateratzen diren pistak utzi ,eta maldan gora doana aukeratu dugu. Berehala iritsi gara eskuin aldetik garo artean Zentinelarantz doan bidezidorraren ondora. Erraz ailegatu gara gain aldera, eta bertan era guztietako megalitoak ikusi ditugu (trikuharri, zutarri, tumulu eta harrespil). Ingurune aberats hori zeharkatu, eta Elordiko lepora jaitsi gara. Eskuinetik datorren pistatik (GR 11ren bide seinale zurigorriak) beherantz egin dugu. Pagadian zehar Orenbentako atsedenlekurantz zuzentzen den bidetik segitu dugu, baina berehala ezker aldetik Nabarlatsa lepoan utzi dugun PR-NA 15arekin bat egin dugu. Marka zuri eta horiek ezkerretik jaisten den pistara bideratu gaituzte, eta ez ditugu utzi Antsolokueta auzora iritsi arte. Auzoko etxe dotore artean ikuztegira iritsi gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.