Cristina Perez / 2013-01-22 / 576 hitz
Hesteen osasuna zaintzea oso garrantzitsua da digestio aparatuak ondo funtziona dezan. Horretarako, derrigorrezkoa da elikadura egokia izatea; badaude, gainera, digestio aparatua zaintzen lagunduko diguten hainbat elikagai.
Gure digestio aparatua zaintzea ezinbestekoa da gorputzeko zelulek beren funtzioak ondo egin ahal izateko.
Jaten ditugun elikagaien xurgatze prozesua heste mehean gertatzen da batez ere; hor xurgatzen dira elikagai eta ur gehienak, eta horiek erregulatzen dituzte gero bizi funtzio guztiak.
Hesteen osasuna zaintzeko, ezinbestekoa da elikadura askotarikoa eta orekatua egitea, eta, batez ere, ezin dira falta digestio aparatuaren funtzionamenduarekin erlazionaturik dauden elikagaiak.
Frutak eta barazkiak ezin dira falta
Elikagai hauek, batez ere, beta karotenoa, C bitamina eta A probitamina ematen dituzte. Beta karotenoa, organismoan A bitamina bilakatzen da, beharrezkoa denean. Bitamina horrek laguntzen du azalari eta mukosei ondo iraunarazten; A bitaminak badu beste funtzio bat ere, antioxidatzailea da. C bitaminak ere antioxidatzaile funtzioa du, oso beharrezkoa da kolagenoa sortzeko, kolagenoa oinarrizko osagaia baita zelulen mintza osatzeko eta haien osasuntsu eusteko; beraz, elikagai honen gabeziak hesteetako mukosa ahuldu egiten du. Bitaminek ez ezik, frutak eta barazkiak gordinik jateak ere entzimak ematen dituzte, eta horiek mesedegarriak dira elikagaien digestiorako.
Barazkiak, egunean bi ale hartu behar dira (200-250 g bitartekoa). Eta honela hartu behar dira: lehenengo plater moduan edo bigarren platera laguntzeko; gordinik, entsalada moduan; edo egosiak, osorik edo purean.
Frutari dagokionez, egunean hiru edo lau pieza hartu behar dira, honela banaturik: postrean, gosarian, hamaiketakoan eta meriendan sarturik.
Olio begetalak, fruitu lehorrak eta galorratza
E bitamina ugari duten elikagaiak dira, baita omega-3 eta omega-6 azidoa ugari dutenak ere. E bitaminak funtzio antioxidatzailea dauka. Gainera, gantzen oxidazioa, hau da, gantzen alterazioa saihesten du, eta, horrela, zelulen mintza babesten du. Omega 3 eta 6 azidoak zelulen mintzari elastikotasuna eta moldagarritasuna ematen die. Omega-3 azidoak oso interesgarriak dira ere prostaglandina sortzeko ahalmena dutelako; horiek inflamazioak kontrolatzen dituzte.
Oliba olioa, egunean, 3 edo 4 aldiz hartu behar da; fruitu lehorren aleak, 30-50g. inguru egunean, bai bazkari et a bai afariko platerak laguntzeko, edo meriendan eta hamaiketakoan.
Jogurtak, kefirra eta bestelako esneki hartzituak
Elikagai hauek kalitate handiko nutrienteak dituzte; horretaz gainera, hesteen flora hobetzen du, eta onak diren bakterien garapenean laguntzen. Oso erraz digeritzen diren elikagaiak dira, eta beren nutrienteak asimilazio onekoak dira digestio sisteman.
Esnekiak ere hiru edo lau errazio hartu behar dira, frutekin txandakatuz, edo frutekin batera postrean, gosarian, hamaiketakoan eta meriendan banaturik.
Zuntz dietetikoa
Zuntz dietetikoa, bakarrik begetaletan aurkitu ahal da, hau da, zereal integraletan, lekaleetan, barazkietan, frutan eta fruitu lehorretan. Urdaian eta heste meharrean dauden entzimek ez dute zuntz dietetikoa digeritzen; hori horrela dela eta, heste lodira edo kolonera degradatu gabe ailegatzen da. Kolonean, hesteetako bakteriek hartzitzen dute, eta hori mesedegarria da hesteen floraren orekarako. Gainera, zuntzak organismorako beste onura batzuk ere badauzka: asetasun sentipena handitu egiten du, bilisa solubleago egiten du, odolak daukan glukosa eta kolesterol maila erregulatu egiten du eta idorreriaren aurka lan egiten du.
Zereal integralak eta tuberkuluak hartzea oso inportantea da, karbohidratoak ematen baitituzte. Patata da gehien erabiltzen den tuberkulua. Arroza, pasta, ogia, gosaltzeko olo malutak, etabar, berriz, zerealak dira, eta egunero lau eta sei ale inguru hartu behar dira, egun osoan banaturik.
Lekak edo potajea astean bi edo hiru aldiz hartu behar dira, horiek proteina karbohidratoak eta zuntza ematen baitute.
Baina dena ez da zer jan, jateko moduak ere eragina baitauka digestio aparatuan. Maiz jan behar da, eta kantitate txikietan; eta egunean sei otordu egin behar dira: gosaria, goiz erdian hamaiketakoa, bazkari arina, arratsalde erdian askari arina, gero afaria, eta lotara joan aurretik mokadutxo bat; otordu oparorik ez egin.