Iñigo Astiz / 2013-01-24 / 562 hitz
VI. eta XI. mendekoak dira arkeologoek Elorrion Argiñetako indusketetan topatutako aztarnak.
Ezaguna da Elorrioko Argiñeta inguruko nekropolia (Bizkaia). Ikusgarria da San Adrian baseliza inguruan dagoen sarkofago sorta, baina ezezaguna zen orain arte inguru horren pean zegoena. Azalera ekarri dute orain Bilboko Arkeologia Museoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elorrioko Udalak. Irailetik abendura, ia 600 metro koadro lurreko indusketa egin dute arkeologoek, eta bertan bildutakoak aztertzen ari dira orain Bilboko museoan. Aurkeztu berri dituzte lehen ondorioak: VI. eta XI. mendekoak dira bertan aurkitutako aztarnak, eta egurrezko herrixka baten aztarnak ere topatu dituzte.
Sonia Anibarro izan da indusketa lanen koordinatzailea, eta aurkitutakoaren garrantzia azpimarratu du. «Bizkaian ez daude Argiñetan aurkitutako Goi Erdi Aroko herrixken aztarnen moduko asko». Lehen aldiz egin dituzte indusketa arkeologikoak inguru horretan, eta zabal jokatu dute horregatik. Baina pozik mintzo da arkeologoa, aurkikuntza interesgarriak ere egin dituztelako.
Bi eremu aztertu dituzte. Ermitaren hegoaldekoa bata, eta iparraldekoa bestea. Nekropoli baten arrastoak aurkitu dituzte lehenengoan, eta herrixka batenak bigarrenean. Oso oinarrizko eraikuntzak ziren garai hartakoak, egurrez eta gisako materialez egindakoak. Horregatik, zutoinak jartzeko zuloak dira ikusi ahal izan dituztenak. Nahikoa, halere, bertan jendea bizi zela jakin ahal izateko eta eraikinen gutxi gorabeherako irudi bat egin ahal izateko. Anibarrok dioenez, Bizkaian ez dira asko gisa horretako aurkikuntzak.
Zeramika pieza batzuk aurkitu dituzte, baita lantza punta batzuk ere. Anibarrok dioenez, ez da oso ohikoa izaten hori. «Hori da Bizkaian Akilesen orpoa. Hemengo lurra oso azidoa da, eta desegin egiten dira normalean gisa horretako arrastoak». Halere, beirazkoa da aurkitu duten elementurik bitxiena: VI. mendeko kristalezko ontzi bat. Oso fina da, eta ez dirudi bertan egindakoa denik. Anibarrok azaltzen du zergatik: «Oso inguru pobrea da Argiñetakoa. Egurrezkoak dira etxeak, eta zaila da halako beirazko ontzi finak izan zitzaketela pentsatzea. Gainera, inguru hartan eta garai hartan, ez zegoen kristala hala landu zezakeen inor ere».
Lurpetik, denon bistara
Puskatuta zegoen pieza, baina, piezaz pieza itsatsi, eta haren zati handi bat berregin ahal izan dute. Erdiguneko puska falta zaio, eta baita ertzetako zati batzuk ere, baina lortu dute, halere, ontzi izandakoari ontzi itxura ematea. «Nola lortu duten ere ez dakit, baina ingeniaritza lan fina egin dute laborategiko langileek», zehaztu du arkeologoak. Aurkitu zutenean kontuz ibili behar izan zutela gogoratu du. Eta materiala hain hauskorra eta hain fina izanik, indusketa gunean zeudenean ez omen ziren ia ukitzera ere ausartu. Laborategirako gorde zuten pieza osoa. Orain, edonork ikusteko moduan jarria dute, gainera, museoan martxan dagoen erakusketan.
Arkeologiaren lanaren parte bat baino ez da lurra geruzaz geruza aztertzen joatea. Ikusgarriena, bai, baina ofizioaren zati bat baino ez, halere. Laborategiko lana dator gero, isilagoa eta ezkutukoagoa, baina garrantzitsua hori ere. Karbono frogak egingo dizkiete orain zenbait piezari, eta aurkitutakoen inbentarioa egiten ere ari dira, lur artean landare arrastoak bilatzen… Hala ondorioztatzen dute garai hartako jende haren bizimodua. Hurrengo indusketekin hasteko gogoz mintzo da, dena den, Anibarro. «Ikertu ditugun lurren ertzean agertu dira herrixkaren arrastoak, eta hurrengo indusketak hasteko zain gaude». Konfiantza du: «Gauza interesgarriak aurkituko ditugu hurrengo saioetan ere».
Estreinaldi modukoa ere izan da, gainera, Argiñetakoa Bilboko Arkeologia Museoarentzat. Orain arte, piezak biltzea izan da haien ardura bakarra, baina bertako arduradunek eta foru aldundiko ordezkariek ikerketa gune izan zedin ere nahi zuten, eta horregatik hasi dira halako lanekin. 2010ean egindako zundaketak izan dira iazko indusketetarako oinarria. Pozik da eremu berera itzultzearekin Anibarro. Inguru ederra da, dioenez. «Oso gune esanguratsu eta ezaguna. Hilarriak hor daude, eta arkeologikoki eremu interesgarria dela ere ikusi dugu».