Edu Lartzaguren / 2013-01-10 / 416 hitz
Twitterren erabiltzaileek mokoan darabilten berriekin albistegiak osatzeko zerbitzuak plazaratu ditu Eibarko CodeSyntax enpresak, euskarazkoa Sustatun eta ‘niagarank.es’ Espainiarako.
Kazetari lanbidea galtzear dela dioten honetan, beti dago gururen bat bazterretan profesionaleei nola birziklatu aholkatzeko: «Eduki curator bihurtu behar duzue». Aurrerantzean kazetariaren lana Interneten etengabe sortzen diren edukietan merezi dutenak aukeratzea eta besteei aurkeztea izango dela esan nahi dute horrekin. Hara non, horixe egiten duen robotak lanean jartzen dabil Luistxo Fernandez kazetari ohia. Euskarazkoa aurkeztu zuen udan —sustatu.com-eko Pilotu automatikoa— eta Espainia begirakoa aste honetan —niagarank.es—.
«CodeSyntax enpresan produktu bat garatu dugu: Robsoc, hau da, Robotic Social Curator», azaltzen du Fernandezek. «Eta horren bi aplikazio ditugu orain, kazetariaren iragazki lana egiten dutenak, automatikoki».
Zer den garrantzitsua eta zer ez erabakitzen makina bati uztea arriskutsua ez ote den galdetuko du orain apokaliptikoak. Integratuak erantzungo dio ez duela berez makinak hori ebazten, baizik eta Interneteko erabiltzaileak, gizakiak. «Pertsonak dira horren atzean. Twitter da, oraingoz, tresna horren elikadura iturri nagusia, eta tuitlari gizakiak robotengandik bereizten eta aukeratzen saiatu gara», dio Fernandezek.
Honela funtzionatzen dute albiste biltzaile automatikook: Tuitlariek aipatzen dituzten albisteak eta estekak aztertzen dituzte, eta, arrakastaren arabera, gune batean biltzen dituzte. Niagarank-ek, gainera, gaika sailkatzen ditu. Gaur 40 gai ditu, baina gehiago edo gutxiago izan ditzake etorkizunean, irakurleen interesaren arabera. Twitterrez gain, Facebook eta Google+ sareetatik informazioa ateratzea nahi lukete CodeSyntaxen, haiek aukera ematen dutenean.
Marka zuriko albistegiak
Eibarko (Gipuzkoa) enpresak, Twitterko jarioa hizkuntzaren arabera bereizteko, Umap zerbitzua sortu zuen, eta horren eboluzioa da Pilotu automatikoa. «Umapekin ikusi genuen jendeak informazioa partekatzeko erabiltzen zuela Twitter, esteken bidez». Jendeak trukatu dituen lotura horiek biltzen dituzte Sustatuko eta Niagarank-eko robotek. Behin teknologia garatuta duzula, ez dirudi zentzuzkoa hizkuntza gutxira mugatzea, etekina ateratzeko orduan. Zerbitzua, gainera, herrialdeka eskaintzeko dago pentsatuta: Pilotu automatikoa Euskal Herrirako, niagarank.es Espainiarako, eta CodeSyntaxen pentsatzen ari dira dagoeneko beste herrialdetan eskaintzea. Hainbat domeinu erosita dituzte.
Horrez gain, horretan oinarrituriko produktuak eskaintzen ari dira, besteak beste, Fernandezek «marka zuriko albistegiak» deiturikoak. Kisale.es Interneteko bizikleta dendaren gunean, esaterako, txirrindularitzaren inguruko albistegia jarri dute: noticias.kisale.es. Nestoria etxeak saltzeko gunean, berriz, Erresuma Baturako albistegi bat sortu dute, news.nestoria.co.uk.
Saria eta «lapurreta»
Albiste baten lehen berria nork eman duen argitaratzen dute zerbitzuok. AEBetako techmeme.com-ri kopiatu diote hori. «Albiste originalik sortzen ez dugunez, kreditua eman behar diogu sortzen dituenari eta jatorrizkorako esteka argitaratu; bestela, lapurretaren traza handiegia izango luke honek», dio Fernandezek. Izan ere, sustatuko.com-eko Pilotu automatiko-ko albiste ugari berria.info, argia.com edo eitb.com-etik datoz. Niagarank-en gauza bera gertatzen da Espainiako hedabide handiekin. Fernandezek argi du: «Googlenews, techmeme eta digg legezkoak diren bitartean, geurea ere bai».