Joanes Etxeberria / 2013-01-20 / 549 hitz
Maulen aurkeztu zuen atzo Txomin Peillenek adiskide izan zuenaz, Jon Mirande olerkariaz plazaratu berri duen liburua, Miranderen iloba bat ondoan zuela. Hitzaldia omenaldi ere bazen.
Txomin Peillen inguratua zen atzo bere azken liburua aurkezteko Mauleko herriko etxean. Jon Mirande, Olerkaria (Jon Mirande poete parisien) lana argitaratu duen Euskaltzaindiko buru Andres Urrutiaz gain, zuberotar jatorrizko olerkariaren iloba, Christian Angelie-Mirande, eta idazlearen lanak aztertu dituena, Pablo Aristorena ere hor ziren, mahai inguruan.
«Haren gelaz oroitzen naiz, liburuz eta diskoz betea zen, bai eta kez ere, asko erretzen baitzuen». Jon Miranderen familiak Pablo Aristorenaren lanari esker ukan zuen idazlearen berri, eta, ondorioz, Christian Angelie-Miranderen ekarpena atzokoan, liburuan bezala, idazlearen bizia kontatzea izan zen.
Olerkariaren oinazeak, partez bederen, familian du oinarria haren ilobaren erranean: «Bere amaren heriotzak depresiorako joera azkartu zion eta alkohola edatera bultzatu zuen. Gero, 1968an, aita hiltzean, okerrenera jo zuen depresioan eta alkohol kontsumoan».
Familiaren aipamena zabaldu zuen Pablo Aristorenak, eta Jon Miranderen arreba Sohütan bizitzera igorri zutela zehaztu: «Jon Mirandek bost urte zituen bere arreba ezagutu zuelarik. Parisera itzuli zirelarik denak bizitzera, Jon zen euskaraz ez zekien bakarra». Hogei bat urte zituelarik, ikasten hasi zen, eta, haren ilobaren erranetan, «bizpahiru urtez poeta eta linguista bilakatu zen».
Txomin Peillenek ere idazlearen gaizki izatearen lekukotasuna eman zuen atzo, Jon Miranderen adiskide izanagatik hurbiletik bizi izan baitzuen. «Ezin izan nuen lagundu», damutu zen. Gurasoek idazlearentzat zuten garrantzia ere berretsi zuen Peillenek: «Hiru zutabe zituen: aita, ama eta idaztea».
Mirande eta «uzki zuriak»
Hirugarren zutabean, idazlanetan ere luzatu zen Peillen. Literatura ingelesak harengan ukan zuen eraginaren aipamena egin aitzin, Jon Mirande zuberotarren zerrenda «luze» batean kokatu zuen: «Oihenartekin hasirik, badugu zerrenda luze bat, non zuberotarrak ez ziren sekula akort izan besteekin eta orduko nagusiekin: Zalgizeko Isaak Bela eta Beltran, Ezponda familia, Jakes Belakoa Sohütakoa, Jujef Egiategi filosofoa, Agosti Xaho… eta XX. mendean Jon Mirande eskuineko anti-giristinoa». Gazteen artean ere segida badela gehitu zuen.
Miranderen idazlanetan, bere garaian orain bezala, aipatzen zituen gai batzuk —eta aipatzeko manera, bistan da— ez ziren Peillenek «uzki zuriak» izendatzen dituenen gustukoak: heriotza (eta suizidioa), sexua, mitoak eta satirak. Horrela sailkatu ditu poetaren aipagaiak Txomin Peillenek bere liburuan. Sexua aipatzean, adibidez, pedofiliaz, homosexualitateaz edo masturbazioaz idatzi zuen.
Atzo, testuingurua azpimarratu nahi zuen Peillenek: «Euskal literatura orduan zer zen? Katiximaren beste zerbait. Bat edo beste saiatu zen (Lizardi edo Lauaxeta) katiximatik urruntzen, baina gehienak ez». Plazaratu berri duen liburuan dioenaz, aldiz, «euskal literatura modernismoan sartzeko lehen urratsa Jon Mirandek zuen eman; gure hizkuntza gehiegi irauli gabe euskal literaturan isilduak edo ia debekatuak ziren gaiak erabili zituen».
Literaturaz gain, haren ideologiaz aipamen laburrak egin zituzten Maulen. «Mirande ere nazien menpean bizi izan zen, eta, Parisen bizia gogorra izan zenez okupazio garaian, ulergaitza da gero nazi bretoiekin ideia horiek partekatu izana», Pablo Aristorenaren aburuz. Txomin Peillenek ere aipamena egiten du liburuan: «Liluratzen zuen, eta eragin handia izan, frantses armadako kapitain ohi batek, garaiko zeltilari bikainetarik, Breizh Atao alderdiko bretoi nazionalista izanak, alferrikako bere talde neonazietara eta mozkortzera eroaten zuenak».
Atzoko aurkezpenean, Mirandek idatzi zion gutun baten berri ere eman zuen Txomin Peillenek, hala zioena: «Zuk izkiribatu duzu Hitlerren kontra, gaixo Hitler eta hau eta hura…». Eta beste batean: «Zu ez zira ez faxista ez nazia baina esperantza dut ez zirela demokrata urde horietarik».
Bi oreneko atzoko aurkezpenean eta artikulu honetan aipatu ez direnek Euskaltzaindiak argitaratu liburuan badute lekua, eta, bereziki, Miranderen olerkiek.