Idurre Eskisabel / 2013-01-24 / hitz
Afaltzen ari ginela, albiste handiei dagokien solemnitateaz egin zigun alabak iragarpena: «Ama, aita, nik ez dut umerik edukiko». 3 urte eta 10 hilabete dituenez, seriotasun behartuz hartu genuen berria, algara ito ezinik, baina guraso arduratsu eta modernooi dagokigun bezala, esaten ari zena guztiz aintzat hartzen genuela adierazi genion. Beraz, iragarpenaren ostean, azalpenak etorri ziren: niniek negar asko egiten dutela, kaka fardelean… Azken batean, lan asko ematen dutela, eta berak ez duela nahi halakorik.
Eta ez didazue sinetsiko, baina hasierako algara itoaren ostean, kezka iturri izan dut egunotan: normala al da alabak hain sentimendu gutxi agertzea ninienganako? Besteak zaintzeko eta maitasuna emateko hain joera murritza? Besteenganako txerarik gabeko norbait hazten ari ote gara? Enpatiarik gabekoa? Psikopata bat? Baina lasai, ibili naiz-eta arazoari azpikoz gora begira ere: semea balitz hala hartuko ote nuke? Jokabide horrek sortuko al lidake kezkarik? Ezetz erantzun diot neure buruari; are, errieta egin ere bai: aurreiritzi sexista gordinenetik aritu naiz, neska/emakume izaera egokia amatasunarekin berdintzen. Txatxua ni!
Atzo ikastolatik irtetean, 8 ume edukiko dituela esan zidan alabak. «Eskerrak!» hasperentsu bat ito behar izan nuen hortz artean.