Zer doa iglura?

Marian Iriarte / 2013-01-16 / 458 hitz

Auzoko elkarte batean afaltzen ari ginela, aldameneko mahaian zegoen lagun bat etorri zitzaidan galderarekin. «Zergatik botilak iglu berdera bota daitezke eta etxean hautsitako edalontzi bat ez? Hara non duzun aste honetako zutabetxoa».

Behin baino gehiagotan saiatu dira azaltzen biak ez direla berdinak, bata beira da (botilarena) eta bestea «kristala». Ez ditzagun nahastu edalontzietan dagoen «kristala» eta egitura kristalinoa. Itxuraz antzekoak baldin badira ere, ez konposizio kimikoa, ez egitura, ez dira berdinak. Beira eta kristala biak solidotzat hartzen badira ere, lehenengoan molekulak inongo ordenarik gabe kokatuta egongo dira, likido batean egoten diren antzera; eta kristalean, aldiz ,molekulak ordenatuta agertzen dira. Beira egoeran dagoena (polimeroetan oso arrunta da egitura hori) tenperatura igotakoan deformatzeko ahalmena areagotu egiten da, eta denbora luzez utziz gero, isurtzen edo jariatzen joango dira, likido baten antzera. (Horixe esaten zigun gazte denboran likatasunaz, isurketaz… dakien irakasle batek, Koloniako katedraleko leihoetan beheko aldea potoloagoa dela goiko aldea baino, pixkanaka-pixkanaka, beira deformatzen joan baita eta beheraka joan). Beira berotutakoan, ez dago puntu jakin bat likido bihurtuko dena, solido kristalinoetan gertatzen den antzera, hots, fusio-puntua. Tenperatura-tarte batean gertatzen da pixkanakako biguntze hori. Zientzialari batzuen ustez, beira egoera ez da benetako egoera fisiko bat, likido «izoztuarena» baizik. Gainera, beira egoeran dagoen solido bat egoera kristalinoan lor daiteke, eta alderantziz. Solidoa berotutakoan, likido egoerara pasatuko da; galdu du bere egitura ordenatua; eta atzera berriz mantso-mantso hoztuz gero, beharbada lehen desordenatua zena, orain denbora emanez gero, egitura ordenatuan solidifika daiteke.

Honen adibidea silizea izango litzateke; silizea silizio oxido bat da (SiO2), eta bere forma ezagunena kuartzoa da. Kuartzoa berotutakoan, bere fusio-tenperatura iritsitakoan (1723 ºC) likido bihurtzen da; ordea, bat-batean hoztuz gero, ez dio astirik ematen bere atomoak ongi kokatzeko eta material amorfo bat lortzen da: kuartzo beira, hain zuzen ere.

Edozein modutan, hori ez da arrazoia esateko iglu berdean botilak bai baina edalontziak ez. Naturan dauden beirez gain, botilak edo antzekoak egiteko, nahasketa ezberdinak eginez beira sintetikoak lortzen dira. Egun botiletan agertzen den beira arrunta ez da osagai bakarreko materiala. Kuartzo beirak oso propietate onak ditu, baina labe batean likido bihurtzeko, tenperatura oso handiak behar dira. Horregatik, beste osagai batzuekin nahasten da, eta sodio silikatozko beirak deiturikoak lortzen dira. Horietan hainbat osagai agertzen dira: silizea, sodioa (sodio karbonatoa), kaltzioa, magnesioa, barioa, aluminioa. Konposizioaren arabera hainbat propietatetako beirak lortuko dira.

Ordea, edalontzietan erabiltzen den kristalak badu beste osagairik, eta horien artean berun oxidoa dago. Horrek distira eta soinu propietate egokiak ematen dizkio. Botilak eta edalontziak edukiontzi berean bilduz gero, eskuz bereizi beharko lirateke, denak ezin baitira elkarrekin labe batean sartu eta botilak egiteko beira berria lortu. Badira beste «kristal» batzuk ezin direnak iglu horretara bota: autoen aurreko aldeko «kristala», esaterako. Kristal hori ez da material bakarrekoa izaten; gehienetan, kristalari itsatsita polimero bat doa (Poli binil butiral); kolpea izanez gero, kristala guztiz txikitu ez dadin.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.