Maialen Unanue / 2013-02-28 / 566 hitz
Garai hartako herritarren bizimodua ikertu du historialariak, orain arte ezezagunak ziren dokumentu batzuei esker.
Urte berezia da hau donostiarrentzat. Izan ere, hiria suntsitu zuen sutearen bigarren mendeurrena gogora ekarriko dute, urte osoan egingo dituzten ekitaldien bidez. Egitarau horren parte da 1813. Cronicas donostiarras liburua, Joxe Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak idatzitakoa.
Suteaz gain, gertaeraren aurreko eta ondorengo Donostia islatu du Azpiazuk. Eta guztiaren gainetik, hiria errautsetatik berreraiki zuten herritarren egunerokoa azaleratu nahi izan du. Sutea bera baino gehiago, erabat suntsituta zegoen hiria berreraikitzeko herritarrek izan zuten adorea ezagutarazi du liburuaren bidez.
Inork lehenago aztertu ez dituen dokumentuak aztertu ditu Azpiazuk: notario agiriak, auziak, testamentuak… Garbi dauka argitaratu duen liburuak historiaren «zati bat besterik ez» duela kontatzen. Izan ere, sutean dokumentu asko erre ziren, eta beraz, lortutako agirietan oinarritu behar izan du Aspiazuk ikerketa. Gai hori lehenago inork ez aztertu izanak harritu du Azpiazu: «Inork ez ditu inoiz orduko dokumentu horiek aztertu. Dokumentuak erre ziren aitzakian, inor ez da ausartu gaia ikertzera. Baina zer gertatzen da erre ez ziren dokumentu horiekin?».
Azpiazu ziur dago ingelesek Donostia suntsitzeko interes handia zutela: «Donostiarrak, mendez mende, arerio beldurgarriak izan ziren itsasoan, eta XVIII. mendetik aurrera ingelesak bilakatu ziren esparru horretan nagusi. Arerioa lotsarik gabe desegin nahi izan zuten». Ingelesak, baina, ez ziren izan hiriari eraso egin zioten bakarrak: Espainiak eta Frantziak ere izan zuten euren partea. Hori kontuan hartzea «ezinbestekoa» da egilearentzat.
Emakumeen garrantzia
Ingelesek, baina, ez zuten espero «inondik inora ere» donostiarrek suntsiketari halako erantzuna emango ziotenik: «Lehenengo, diplomaziaren bidez, Wellingtoni laguntza eskatuz. Gero, haren mespretxua ikusita, agiri bortitza argitaratuz. Eta azkenik, sutearen ondoko egunetan, hiria berreraikitzeko asmo sendoa erakutsiz».
Emakumeek hiriaren suntsiketa ondorengo garaian jokatu zuten rolak harrituta utzi du Azpiazu, eta orain arteko historian haiei inongo merezimendurik onartu ez izana eta ezezagun bihurtzea salatu du. «Kanpoko soldaduen aurrean aurpegia eman zutenak, askotan, emakumeak izan ziren. Alargunak zirelako edo euren senarrek ospa egin zutelako, emakumeak izan ziren zeuzkaten jabetza gutxi horiek —etxea eta ondasunak— zaintzearen arduradunak». Neskame lanetan jarduten zuten gehienek, eta askotan beraiek izan ziren euren jabeak babestu zituztenak, «ia ama batek betetzen duen rola jokatzeraino».
Garaiko pasadizoren bat edo beste ere kontatu du Azpiazuk. Etxeko komunekin du zerikusia horietako batek —askotan, hainbat bizilagunen artean elkarbanatzen zuten—: «Emakume asko gorotzez betetako depositoetan ezkutatu ziren, goitik behera zikinduta, soldadu arerioek harrapa ez zitzaten. Eta, hala ere, bat edo beste bortxatu egin zuten; goitik behera zikinduta egon arren».
Suntsiketaren osteko garaian, hiria berreraikitzeko orduan, askok gainontzekoen beharrarekin negozioa egiteko aprobetxatu zuten: orube ez-emankorrak erosi, eta egurrezko barrakak eta etxeak eraiki zituzten, gero gehiegizko errentak kobratzeko. Keinu gizatiarrak ere izan ziren, noski, eta hiritik ihes egin zuten askok inguruko herriko baserrietan topatu zuten babeslekua.
Dena ez zen txarra izan, ordea, eta hiria berreraikitzeko grina eta dirua eman zuenik ere izan zen. Garai hartako krisia gainditzeko egin zituzten ekarpenak ere jaso ditu Azpiazuk liburuan. Gogora ekarri du nola ingelesek pentsatzen zuten Donostia ez zela inoiz lehengora itzuliko: «Baina kontu honetan, donostiarrek izan zuten azken hitza: euren adoreak errautsetatik birjaiotako fenix hegaztia bihurtu zuen Donostia».
Urte askoko lana
Donostia berreraikitzeko lanak ez ziren egun batetik bestera egin. Sutetik hamar urtera, adibidez, ekitaldi publikoak antolatzen zituzten: 1823an zezenketak egiten zituztela aurkitu du Azpiazuk. Etxebizitzei dagokienez, ordea, 1840an barraketan bizi ziren donostiar asko eta asko.
Liburuaren azken orrietan Donostiaren —Parte Zaharraren— bilakaera erakusten duten bi mapa gehitu ditu Azpiazuk. Bat 1775ekoa da, eta bestea, 1816koa, berreraikitzea zuzendu zuen Pedro Manuel de Ugartemendia arkitektoak egina.