Amaia Portugal / 2013-02-14 / 870 hitz
Charles Darwinen itzalak azpian harrapatu zuen Alfred Wallace naturalista eta zoogeografo galestarra; haren heriotzaren mendeurrenean, zenbait ekitaldi antolatu ditu Londresko Historia Naturalaren Museoak.Darwin-Wallace teoria. Behinola, halaxe deitu ohi zitzaion hautespen naturalean oinarritzen zen ikuspegiari. Izan ere, nork bere aldetik, Charles Darwinek eta Alfred Wallacek ia aldi berean mamitu zuten idatziz ideia hura, eta bi artikuluok elkar hartuta aurkeztu ziren lehenbizikoz, 1858an. XX. mendeak bidegabe jokatu zuen, ordea, bigarrenarekin: izadiaren bilakaera ulertzeko ezinbestekoa den azalpen sorta horrek bi jabe izateari utzi zion halako batean, Darwinen alde. Wallaceren heriotzaren mendeurrena da 2013a, eta Londresko Historia Naturalaren Museoak aukera baliatu nahi du zorrak kitatzeko. Zenbait ekitaldi antolatzeaz gain, Wallaceren milaka gutun sareratzen ari dira; Darwini idatzi zizkionak, tartean.
Wallaceri inork ez zion meriturik kendu bizi izan zen artean: berak eta Darwinek, biek aldarrikatu zuten bizidunak ingurunera egokituz eta eraldatuz doazela historia luzean. Bilakaera bat dagoela, irauteko egokiak diren ezaugarriei eutsi eta aproposak ez direnak galduz doazela, belaunaldiz belaunaldi. Baina XX. mendeko lehen hamarkadetan beste teoria batzuk nagusitu ziren, eta 1930aren bueltan hautespen naturalari berriz heldu zitzaionean, Wallaceren izena desagertu egin zen Darwinenaren ondotik.
George Beccaloni Wallace Fundazioko presidentearen iritziz, gaiari berriz heldu zitzaionean, okerreko uste bat zabaldu zen: teoria aurreneko aldiz Espezieen jatorriaz liburuan jorratu zela. Hortik etor daiteke hutsa, lan hori Darwinena baita, eta gaiari dagokionez, argigarria oso, baina 1859an argitaratu zuten, horren eta Wallaceren artikulu aitzindariak plazaratu eta urtebete geroago. Dena dela, badaude Wallace ahantzarazi zuten beste balizko arrazoi batzuk: esaterako, Darwin lehenago hasi zen hautespen naturala jorratzen, eta meritu handiagoa egotzi zitzaion, agian. Gainera, familia aberatsekoa zen, eta lehendik ere bazuen sona; Wallace, berriz, ezezaguna zen aurkikuntza egin zuenean. Azkenik, azken hori espiritismoan jardun zen bere azken urteetan, eta prestigioa kendu zion horrek.
Ibilbidea
Alfred Russel Wallace Galesen jaio zen, 1823an; Darwin baino 14 urte gazteagoa zen, beraz. 25 urte zituela, Amazoniara joan zen hango fauna ikertzera. Ikertu ez ezik, han topatutako intsektuen bilduma ere egin zuen, etxera bueltatzean bildumagileei saldu eta hartara diru sarrera batzuk lortu ahal izateko.
Malaysian, Singapurren eta Indonesian jardun zuen gero, eta inguru horretan garatu zuen nagusiki bere ikerketa. Hautespen naturalaz argibideak ematen zituen artikulua idatzi zuenean, Darwini bidali zion. Ez ziren lankideak, baina biek zuten elkarren berri, eta Darwinek aspalditik buruan zuen teoriak bat egiten zuen Wallacek bidalitako azalpenekin. Atzean ez geratzeko, Darwinek ordura arte gaiari buruz argitaratu gabe zituen oharrak bildu zituen, eta bi naturaliston artikuluak batera aurkeztu ziren, 1858an.
Wallace puntako naturalista izan zela dio Kepa Altonagak, EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko irakasleak. «Hautespen naturala onartuta, hark eta Darwinek bizitzaren beste ikuspegi bat partekatu zuten, baina bazegoen alderik bataren eta bestearen usteen artean». Esaterako, espezie baten eboluziorako epeei dagokienez, oso ikuspegi zurruna zuen Darwinek. Wallacek, berriz, denbora malgua zela uste zuen; animaliaren morfologiaren konplexutasunaren arabera, aldaketak azkarrago edo astiroago gertatzen zirela.
Bestalde, Wallacek garbi zuen hautespen naturala zela eboluziorako mekanismo bakarra. Esaterako, garai hartan zabaldu zen organoetan izaten diren funtzionamendu akatsak ondorengoei ere transmititzen zitzaizkiela. Wallacek argi esan zuen hori ez zela horrela, eta gaur egun jakina da arrazoi zuela, baina Darwinek ez zuen asmatu galdera horri erantzuten; zalantzak zituen herentziazko kontuen inguruan.
Altonagaren iritziz, britainiar naturalistek garai hartan baliatzen zuten metodologiari jarraiki, denbora kontua zen hautespen naturalaren teoria garatzea. Hau da, aurrena Darwin edo Wallace izan ote zen ez du garrantzi handirik: urratuta zegoen bideak helmuga bakarra zuen.
Populazioan oinarritutako ikerketa garatzea izan zen gakoa, Altonagak dioenez: «Wallace tximeletak harrapatzen ibiltzen zen, Ingalaterran saltzeko. Zenbat eta ale gehiago, orduan eta diru gehiago. Horregatik, espezie bereko hainbat eta hainbat ale ikusi zituen, eta horrela konturatu zen bariazioak zeudela espezie beraren barruan, populazioaren ale guztiak ez zirela berdinak». Orduko ikertzaileek uste zuten —Darwinek berak ere bai, hasieran— espeziea mutaezina zela, eta, ikuspegi horren arabera, ez zitzaien otu ere egiten espezie bereko hainbat ale ikertzea, alferrikako lana baitzen. Wallace eta bere herrikide batzuk aitzindariak izan ziren populazioaren ikuspegia zuen metodologia garatzen, eta horrek hautespen naturala aurkitzea zekarren derrigor, lehenago edo geroago.
————————–
Asia eta Australia bereizten
Wallacek ez zuen parekorik zoogeografiaren alorrean; munduko ikertzaile askoren datuak bildu zituen; tartean, Jean-Pierre-Armand David ezpeletarrarenak.
Zoogeografiaren aita pontekoa. Halaxe definitu du Altonagak Wallace, eta alor horretan, behintzat, Darwinek ez zion inolako itzalik egin.
Malaysiako artxipelagoa ikertzen ez zuen parekorik, irla guzti-guztietan egon baitzen. Guztira, 110.000 intsektu, 7.500 oskol, 5.050 hegazti larru eta 410 ugaztun eta narrasti bildu zituen han. Baina, Altonagak azpimarratu bezala, bilduma bera bezain ikusgarria izan zen horien bitartez zoogeografian egin zuen lana.
Wallace lerroa delakoaren aurkikuntza da ikerketa horretan izan zuen lorpenik deigarriena. Bali eta Borneo, alde batean, eta Lombok eta Sulawesi, bestean, banatzen dituen irudizko lerroa da hori, eta Asiako zenbait espezieren ekialdeko muga eta Australasiako beste zenbaiten mendebaldekoa bereizten ditu. Hala ere, Wallacek zoogeografian egin zuen lana ez zen Indonesia ingurura mugatu. The Distribution of Animals haren liburu mardula (animalien banaketa) horren lekuko. «Orduan ezagutzen ziren datu guztiak bildu, eta munduaren banaketa egin zuen ikuspegi biogeografiko batetik. Azaldu zuen zergatik den interesgarria Hego Amerika, Afrika zergatik bereizi behar den bitan —Saharatik gora eta behera—…», dio Altonagak.
Horretarako, askotariko ikertzaileen datuak bildu zituen Wallacek; tartean, Jean-Pierre-Armand David Haltzueta zoologo ezpeletarrarenak. Davidek animaliak, harriak eta fosilak bildu zituen Txinan, Parisko Historia Naturalaren Museoarentzat. Besteak beste, panda handia aurkitu zuen han, eta berea da animalia horri buruz inoiz egin den lehen deskribapen zientifikoa.