Aitor Aretxaga / 2013-02-13 / 119 hitz
Berrikuntza interesgarri askorekin iritsi da LibreOffice kode irekiko bulegotikako pakete berria. OpenOffice suite-a Oraclek erosi zuenetik, horren garapenean pairatzen ari zen utzikeria gainditzeko proiektua da LibreOffice, The Document Foundation komunitateak bultzatua. Azken bertsio egonkorra da hau: kode garbiagoa eta arinagoa, hobetutako ezaugarri multzoa, beste formatu berriekin bateragarria (Microsoft Visio edo Office 2007 eta ondorengoekin), pluralagoa eta integratzaileagoa den programa multzo gisa aurkeztu dute.
Berrikuntza deigarrienen artean daude aurrerantzean Libreofficeko dokumentuak hodeian sinkronizatzeko aukera, (CMIS protokoloa erabilita, alfresco.com eta antzeko atarietan erabilgarria) eta Androiderako aplikazio bat estreinatu dutela —Remote Control App for Android—, norbere telefonoa aurkezpenetako urrutiko aginte gisa erabiltzeko.
Ohiko legez, guztiz euskaratuta dago, eta esan gabe doa doakoa dela deskarga; bestalde, badago aukerarik dohaintza bidez laguntzeko: http://www.libreoffice.org /download/.