Cydiaren erabilera eta kode irekia

Aitor Aretxaga / 2013-02-20 / 655 hitz

Joan den astean ‘Jailbreak’ egiteko pausoak argituta, ez dago aitzakiarik horrek eskaintzen dituen aukera berriak ez baliatzeko. Cydia da horretarako giltza, ‘Jailbreak’-ak gordetzen dituen sekretuen biltegia baita.

Cydia, App Store bezala, aplikazioen biltegia da. Berezia da, Apple etxekoek balioztatu ez dituzten software eta funtzionalitateak instalatzeko alternatiba baita. Gehigarri zein hobekuntza horiek, gaur-gaurkoz, iPhone, iPad eta iPod Touch jabeek baliatu ditzakete. Cydia ezin daiteke jaitsi App Storetik, eta ezinbestean Jailbreak eginda baliatu beharko da. Hala ere, batek ez du bestea kentzen, eta bi dendak elkarrekin bateragarriak direnez, egokiena batak zein besteak eskainitakoa eskuragarri izatea da, noski.

Cydia izena aukeratzea ere ez da zorizkoa; Cydia pomonella sagarrei ateratzen zaien arraren izena baita. Appleren bereizgarria den sagarrari irtendako arrari erreferentzia egiten dio. Kode irekiko alternatiba gisa sortu zen, eta aurrenekoz sartzean aukeratu liteke zein den gure profila (erabiltzaile, garatzaile, hacker), horren araberako informazioa jasotzeko (edo igotzeko) aukera emateko. Baina egun, eskaintza zabaleko software plataforma bihurtu da Cydia Store.

Hala ere, kode irekia eta doakotasuna ez doaz lotuta derrigor, eta eskuragarri dauden software gehienak horrela badira ere, beste batzuk erosi beharrekoak dira. Ordainketa gehienetan, App Storen bezala, erabiltzaile kontu bakarrarekin egin ahalko da: Amazon Payments edo Paypal kontuekin, hain zuzen. Ondoren, ordainagiria Twitter edo Facebook profilera lotuta geratzen da, gailuz aldatuz gero, berriz ordaindu beharra saihesteko.

Iturriak bakoitzak zehazten ditu

Ezaugarri nabarmen bat badauka, alabaina, Appleren dendarekin alderatuta: Cydiak iturri askotatik edaten du, eta ez bakarretik. Norberak kudeatu beharrekoak dira, gainera. Hau da, lehentasunez iturri batzuk dakartza aplikazioak, eta haietatik deskargatzen dira nahi diren aplikazio zein beste pertsonalizaziorako elementuak: deientzako musika doan, sistema hobekuntzak edo tweak deituak, eta abar. Iturri horiei biltegi deritze. Orduan, litekeena da instalatu nahi den aplikazioaren biltegia falta izatea.

Horrelakoetan ez dago arazorik: aplikazioaren berri izan den lekuan edo Interneten bilatu beharko da dagokion biltegiaren web helbidea. Hori kopiatu, eta iPad-aren kasuan, Cydia barnean Sources izeneko oinaldeko atakako editatzeko botoiari eman, eta bertan itsatsi besterik ez da egin beharko. IPhone-aren kasuan, aukera hori Manage/Sources azpi-ataka da. Ondoren, bilaketen atakan atentzioa eman digun hori idatzi, eta orain bai, instalatzeko aukera agertuko da. Kasu hori salbuespena litzateke, lehentasunez Cydiako 5 biltegietan aukera zabala baitago jada. Bestela, funtzionamendua intuitiboa da, App Storera ohituta dagoen edonorentzat, arrunta.

‘Jailbreak’-aren aurpegi iluna

Esandako Cydiaren lehenetsitako iturrien artean holakorik egon ez arren, artean, ordaindu beharreko App Store-ko aplikazioak doan deskargatzeko biltegiak ere badira sarean eskuragarri. Ondoren Cydia-koei gehitzekoak, alegia. Jailbreak-ari erasotzeko eta lege argiak sortzeko eragozpen gisara erabili izan da pirateria. Bestetik, ezin ukatuko da, artean terminalak askatzeko modaren atzean, arrazoi nagusietako bat hori berbera dela. Cydia-k bere aldetik, eragotzi ez baina honelako biltegiak gehitzeko orduan, norbere erantzukizun pean egingo den praktika dela adierazten du mezu baten bidez.

Bestelako iritzirik ere bada, eta askorentzat Appleren aplikazioak probatzeko gabezia arrazoi nahikoa da ordaindu gabe horiek deskargatzeko. Gustukoa ordainduz saritzeko astia beti dago; alderantzizkoa ere ez da eta gozoa: lehendabizi ordaindu, eta gero pentsa gustukoa duzun. Beste aukera, itzulketak egitearena, posible zela ikusi genuen. Baina ez da erosoegia: http://zibergela.bitarlan.net/2013/01/10/appleren-aplikazioen-dirua-berreskuratzea-posible-da/.

Instalatzeko ‘tweak’ gomendagarrienak

Software baten portaera aldatzen duten funtzionalitateek tweak izena jasotzen dute. iOS sistemei dagokienez, holakoa da dagoen gabezia honetan, ezen Jailbreak egin ostean txertatu daitezkeen hobekuntzei erreserbatu zaiela tweak hitza. Adibidez, funtzionalitate berri gisa, Android euskarridun sakelakoen bereizgarria den sarrerako pantailako Google bilaketa barra iPhone batean txertatzea litzateke aukeretako bat.

Gehigarri horietako mordo bat daude Cydian, batzuk aipatzearren: iGotYa, telefonoa galdu eta norbaitek desblokeatzeko gakoa oker sartuko balu, aurrealdeko kameraz argazkia atera eta jabeari emaila bidaltzen diona; iBlacklist, nahi ditugunen deiak eta mezuak blokeatzen dituena; Five Icon Dock, pantailaren beheko apalean 5 ikono izateko 4 ordez; edo My3G, Appleren konexioaren gaineko murrizketak saihesten dituena, Wifi gabe ere Facetime deiak egin edo HD bideoak Youtuben bistaratzeko. Zerrenda osatuagoa: http://www.makeuseof.com/ pages/best-cydia-tweaks.

Horrez gainera, gogoratu zeresana eman zuen Siri ahots bidezko agintea, iPhone 4S sakelakotik aurrerako bertsioetan soilik jar zitekeena. Orduan ere sumatu arren, Jailbreak-ak erakutsi du ezintasun horren atzean estrategia komertzial gordina zegoela. Ausartenentzat, ondorengo estekan daude pausoak iPad eta iPhone guztietan ins-talatzeko Siri: http://www.theipadnews.com/how-to-install-siri-on-ipad-using-spire-cydia-package/.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.