E-literatura: euskarriei eutsi ezinik

Ion Olano Carlos / 2013-02-17 / 693 hitz

Literatura elektronikoa, ziberliteratura, literatura digitala, e-literatura… euskarri digitaletan sortu eta irakurtzekoa den hura da. Molde berrian ari dira pausatzen galdera zaharrak 80ko hamarkadatik hona.

Literatura non hasten da? Buruan? Ahoan? Eskuan? Euskarrian? Non amaitzen da literatura? Azken tinta tantan? Liburuen kontrazalean? Irakurlearen begian? Galdera bitxiak dira, baiki, erretorikoak. Bitxiki, erantzunen ostean etorri dira galderak; izan ere, erantzun zuzenak dira literatur lan digitalak. Betiko galderak, halere, beti bezain hutsik dirau: zer demontre da literatura? Nola izenda liteke euskarriei eutsi ezin dien indar misteriotsu hori, molde guztietara moldatu eta denei ihes egiten dien zera bihurri hori?

Sarean badira gaiaren gaineko makina bat lan teoriko: esate baterako, argigarriak izan litezke N. Katherine Hayles-en Electronic Literature: What Is It (2007) artikulua eta, gurera etorrita, Imanol Epelderen Euskarazko literatur testuak sarean: folksonomia baterako proposamena (2010) lana. Azken horretan, literatura digitaleko formatuen artean, honako hauek kokatzen ditu: narrazio digitala, poesia digitala, bideo poema, argazki poema, ziberantzerkiak, blogak eta bideo-jokoak.

Haylesek, bere aldetik, azpimarratzen du e-literatura ez dela inprimatu ondoren digitalizatzen den hura, baizik eta sortzez digitala dena. «Literatura elektronikoak eskatu egiten ditu, ezinbestean, lanok interpretatzeko eta kritikatzeko modu berriak». Hain zuzen, narrazio digitalen artean, hipertestuak izan ziren garatzen lehenak; hots, estekak baliatuz era ez sekuentzialean irakur daitezkeen testu digitalak. Michel Joyce idazlearen afternoon: a story (1987) lana da, aditu gehienen ustez, fikziozko lehenengo hipertestua. Eastgate Systems argitaletxeak plazaratu zuen CD formatuan, eta hala saltzen eta irakurtzen da gaur egun ere. Kritikariak ez dira ados jartzen, ez baitute oso argi ikusten Joyce modernista, postmodernoa edo zer demonio den. Bien bitartean, bada hor nonbait kritikariren bat «informazioaren aroko Odisea» leloz bataiatu duena beste Joyce horren lana.

Hipertestu fikzioaren baitan, bi aro bereizten ditu Haylesek. Lehen belaunaldia afternon: a story lanarekin hasi, eta Stuart Moulthrop idazlearen Victory Garden sonatuarekin sendotu zen. 80ko hamarkadan hasi zen Moulthrop hipertestuen teoria lantzen, eta praktikara pasa zen gero. 1992an eman zuen argitara bere lanik ezagunena, eta urte hartan bertan paratu zuten New York Times Book Review gehigarriko azalean. Nolanahi ere, hainbaten ustez, lehen belaunaldi hartako lanik gorena da Shelley Jackson-en Patchwork Girl (1995). Estatubatuarrak dira aipatu hiru idazleak, eta hirurek baliatu zuten Storyspace programa informatikoa hipertestuok idazteko.

Hortik aurrera, ordea, hibridotzen joan dira narrazio digitalak; nolabait esatearren, haiengan postmodernotasun edo garaikidetasun zantzuak ugaritzen joan dira. Bigarren belaunaldiko joera horien adibide nabarmenak dira, besteak beste, The Unknown (1998) eta These Waves of Girls (2001) lanak. Lehenengoa lan kolektiboa da —William Gillespie, Scott Rettberg eta Dirk Stratton idazleen artean egina— pikareska eraman zuena hipertestuetara. Bigarrena, berriz, Caitlin Fisher idazleak egindako «hipermedia nobela laburra» da, grafikoak, soinuak, testu animatua eta ahozko poesia uztartzen dituena. Biak ala biak irakur daitezke sarean, muxutruk. Bestalde, fikzio elkarreragile edo interaktiboak baditu joko elementu ugari, estuki lotarazten dutenak bideo-jokoen narratibarekin. Aipagarriak dira Savoir-Faire (2001) eta The Possession of Christian Shaw (2003) narrazio interaktiboak, Emily Short eta Donna Leishman idazleek eginak, hurrenez hurren.

‘Poetronika’ eta e-poetika

Gianni Toti (Erroma, 1924-2007) partigiano ohia da, kurioski, poesia digitalaren aitzindarietako bat. Berrizalea eta saiatua zen Toti; 80ko hamarraldi hasieran poesia eta zinema uztartu zituen arte elektronikoaren bidez: Poetronica izendatu zuen joera berria. Piztu egin zituen jakin-mina eta interesa inguruan, baina berehala azaldu ziren mugak: izan ere, soilik egokitutako aretotan egin zitezkeen emanaldi haiek. Kultur egiturak ez zeuden artean prest, nonbait, kultur espresabide berria besoetan hartzeko.

Nolanahi ere, askotarikoak dira poesia elektronikoaren bideak, eta ez dago zertan puntako teknologia erabili. Horren adibide da Paulo Aquarone poeta multimedia brasildarra, 11 poema bilduma eman dituena argitara. Azetatoan idatzi izan ditu poema bisualak, baita poema interaktiboak ere beste hainbat materialetan. Beste alde batetik, Caterina Davinio idazle eta artista italiarrak argazki digitalak, bideoa eta Internet baliatu ditu e-poesia egiteko. Net-poetry (sare-poesia) delakoa eraman zuen Italiara 1998an: Karenina.it Poesia in funzione fàtica proiektuak berbaz eta irudiz poesian aritzen diren hainbat egile erakarri zituen nazioartetik: Julien Blaine, Philadelpho Menezes, Mirella Bentivoglio, Eugenio Miccini…

Milaka urtetan ahoz garatu izan da literatura; dozenaka mendetan eskuz idatzita, eta bostehun bat urtez moldiztegian inprimatuta. Molde horien araberakoak dira irakurleon ohiturak, eta ondorioz, baita aurreikuspenak ere. Hori dela-eta, euskarri digitaletan bermoldatu beharko, literaturaren trena (edo espaziontzia) gu gabe joatea nahi ez baldin badugu. Haylesekin batera, derragun: «[e-literaturak] erronka jotzen digu, berpentsa dezagun zer den literatura, eta zer egin daitekeen berarekin».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.