Iratxe Esnaola / 2013-02-24 / 459 hitz
- Izenburua: Bihotzaren mekanika
- Egilea: Mathias Malzieu
- Itzultzailea: Alberto Barandiaran
- Argitaletxea: Denonartean
Frantziako Dinoysos musika taldeak Le mécanique du coeur deituriko diskoa atera zuen 2007. urtean, arrakasta handiz atera ere. Ez dut aipatzen liburuak bertako melodiak oroitarazi dizkidalako, baizik diskoko abestien hitzetan oinarritu delako esku artean dugun liburu hau. Frantzian lortu salmenta jorien ondorioz ezagun egin da Mathias Malzieu (Montpellier 1974) taldeko lider eta idazlea, zeinak baduen Maintenent qu’il fait tout le temps nuit sur toi (2005) deituriko aurretiazko lan bat. Liburuaren zinema eskubideak ere saldu dira. Irudimena, orijinaltasuna eta samurtasuna bere alde dituen eleberri fantasiazkoa da Bihotzaren mekanika, emozioen trataeren gomendio izan nahi duen liburutxoa den aldi berean. Edinburgo fantasiazkoan barneratzen gaitu Little Jack-en eskutik, bihotza gaizkiturik jaio den haurraren eskutik. Kuku erloju bat bihotzera lotu beharko zaio haurrari bizirik jarraituko badu, eta giltza eman goizero funtzionatuko badu. Lehenengo pertsona baliatuz Jack Txikiak bere bizia kontatzen digu, hasi erditzetik, segi haurtzarotik, jarrai nerabezaroarekin. Bi gai nagusi ukitzeko. Batetik, ezberdinaren balioaren azpimarra. Ezberdina diferentzia fisikoren batek markatzen du hemen, edo bestela, moral nagusiak hipokritaki bazter uzten dituen subjektuek, hala nola prostitutak, mozkorrak… Haurrak, bere ingurune hurbilak bezala, kanpo epaiak eta erasoak pairatuko ditu, nahiz eurak margeneko nortasuna garatu. Ezberdinekiko bazterketa hau Jack txikia zaintzen duen Madeleine emaginak ere sufritzen du (abortuak praktikatzen ditu legez kanpo), eta hark txertatzen du eleberriko bigarren gaia, maitasunaren kontzepzio jakin bat iraganez umeari: erloju bihotza duenez, maitasunak sufrimendua lekarkioke. Zenbat eta gehiago maitatu, orduan eta sakonago mina. Noski, mutikoak ez du jaramonik egiten, eta maitemindu egiten da lehen amodioa deitu ohi zaionaren bulkadaz, hots, maitasun fletxazoaz. Maitasun erromantikoaren motorraz ekingo dio bidaiari Granadara alde egin duen neskato dantzari baten atzetik.
Istorioaren xarma gorabehera, prosa monotono samarra egin zait. Hasieran, azkarregi sartzen gara fantasiazko munduan berau apur bat hornitu gabe, eta pertsonaiak ekinean ikusi beharrean, haiei buruzkoak esan egiten zaizkigu, gehiegitan. Leku aldatze geografikoak harrigarri samarrak dira (orain hemen nago eta orain han), baina esango nuke narratzailearen intentzioak eramangarri egiten duela obra. Intentzioa emozioen transmisioa da. Jack Txikiak bidean topatu bidaideak maitasunaz berba egiteko eta emozioetan arakatzeko aitzakiak dira, sentimenen ideologizazio batetik, betiere. Ideologia hori maitasun erromantikora lotzen da, eta maiteminaz sufritu egiten delako ideiara. Interesgarriena maitasuna bizi izan duen bezala bizi nahi izan duen kuestionatzean dator. Lehen maitasunaren ostean erloju bihotza aldatzen du iraganarekin hausteko, nahiz azkenean maitasun molde berri baterako jauzia ematea ez duen lortzen. Julio Cortazarrek beldur izateko moduen instrukzio adibideak eman zizkigunekoaz oroitu naiz irakurraldiaren amaieran. Bidaiari baten eskumutur mindua aipatzen zigun idazle argentinarrak eta bertan zeraman erlojua erauztean nola odola irten eta agerian geratu ziren hortz oso finen arrastoak, erlojuak eragindakoak. Denboraren neurketa batek eragindako mina. Maitasun modelo batek ere eragin dezakeena. Emozioen erakuspen agerikoa da eleberria, fintasun apur bat eskertuko lukeena, baina norbere ispilu bihurtzeko nahiko dohain badituena, edonola ere.