Koldo Nuñez / 2013-01-31 / 573 hitz
Gaur amaitzen den urtarrila oso hezea izan da Euskal Herrian eta Iberiar Penintsulan oro har. Leku askotan hilabete honen marka guztiak gainditu dira. Ziklogenesi eta prezipitazioen ondorioz, hildakoak, galera ekonomikoak, uholdeak, luiziak, eta abar gertatu dira. Urumea, Arga, Ebro eta beste ibai askok gainezka egin dute. Iruñeak aspaldiko uholde zabalenak jasan ditu. Mendietan elurra geruza loditan pilatu da, eta, eguraldia epeldu denean, menditik behera etorri dira elur-jausiak. Horrek guztiak, urarekin batera lurra ere mugitu du, higadura eta luizien bidez gehienbat, eta gure ibaiak erabat lokaztu egin ditu.
Higadura oso mekanismo indartsua da Naturan, eta gu ohartu gabe ari da etengabe paisaia moldatzen. Indar tektonikoek mendiak altxatzen dituzten bitartean, indar higatzaileek —eta horien artean indar handia du urak— jaten dituzte arrokak. Ezin dugu irudikatu prozesu horren indarra eta magnitudea. Esaterako, duela ehunka milioika urte, egungo Iberiar penintsularen lekuan eta horri lotutako beste hainbat eskualdetan, gaurko Himalaien parekoa zen Hertziniar mendikatea altxatzen zen. Orain Gaztelako goi ordokia eta mendi higatu, biribiltsuak ikus daitezke, orduan hamarna kilometro azpian zeuden mendi-kate haren sustraiak. Higatze-prozesu luze horretan, urak zeregin garrantzitsua izan du. Baina higatu aurretik, urak berak lagundu du mendiak altxatzen. Hillary Everestera igo zenetik, gailurra metro erdia igo omen da. Izan ere, higatze prozesuan pisua kentzen zaio mendiari eta oraindik bultzaka dauden indarrek gorago altxa dezakete mendia. Gainera prezipitazioen eta lurrazpiko uraren mailaren aldaketek, lurrikarak gertatzen lagun dezakete, alegia, mendiak altxatzeko mugimenduak areago ditzake.
Izan ere, egiten ari diren ikerketa batzuen arabera, badirudi eurite handien ondoren Lurraren eskualde batzuetan lurrikara handiak gertatu direla. Esaterako, 2010ean Haitin egon zen lurrikara handia baino urte eta erdi lehenago, hainbat urakan eta eurite handi gertatu ziren. Bide beretik, Taiwanen 2009an egon zen sismo indartsu eta kaltegarria baino 7 hilabete lehenago, tifoi ikaragarri euritsua —2,9 m bost egunetan— izan zen han. Taiwanen egindako ikerketen arabera, azken 50 urteotan egon diren lurrikara indartsuak bost aldiz maizago gertatu dira tifoi indartsuen ondoren. Jakina, euriterik gabe ere gertatzen dira eskualde horretan lurrikarak, tektonikak horrela agintzen baitu, baina areagotu egiten da horien indarra eta maiztasuna euriteen laguntzaz.
Himalaian egindako ikerketen arabera, lurrikarak eta prezipitazioak ere lotuta daude. Indiako plaka tektonikoak Eurasiakoaren aurka jotzen duen lekuan altxatzen dira mendi horiek. Montzoiak iristen direnean, prezipitazio handiak izaten dira, eta, ur horren pisuaren ondorioz, plaka erdian kurbatzen da, ertzak gorantz bultzatuz. Montzoien artean lehorteak izaten direnean, plaka zelaiago dago, eta errazago gertatzen da plaken arteko talka, alegia, lurrikarak.
Gertuago etorrita, Lorcan 2011ko maiatzean jo zuen lurrikaren atzean ura ere egon daiteke, ikerketa batzuen arabera. Sismoek 9 lagun hil, 300 baino gehiago zauritu eta galera ekonomiko handiak ekarri zituzten. Eskualde horretan, azken 50 urteotan, ura etengabe atera dute lurrazpiko akuiferoetatik, eta uraren maila asko jaitsi da. Ondorioz, hango failen lubrifikazioa asko jaitsi da, eta estres handia pilatu da, eta sismoen indarra areagotu. Bestalde, 2012ko udazken euritsu eta uholdeekin batera, Jaengo Torreperogil-Sabiote eskualdean, 1.500 sismotik gora gertatu dira, eta horietako asko antzeman ditu hango jendeak. Ikerlarien ustez, azken datuak ikusita, lotura handia egon daiteke eurite eta sismoen artean.
Ura eta tektonikaren arteko harremana ikusita, kontu handiago izan beharko luke gizakiak bere jarduera eta eraikinetan. Gero eta nabariago da akuiferoen mailen aldaketek sismizidadearen gainean eragin dezaketela. Berdin, eskualde batean urtegiak egiten direnean; batez ere, failak baldinbadaude. Izan ere, urtegi askotan ikusi den bezala, Nafarroako Itoizkoan bertan azken urteotan sismo txiki oso ugari neurtu dira, hau da, uraren zamaren metatzeak eta lurpeko akuiferoen maila igotzeak lurrikarak areagotu ditu. Berriro ere, gizakion jarduerek Naturan duten eragina maiz uste baino urrunago iristen da, gure kalterako.