Isilpetik agertokira

Aitziber Laskibar Lizarribar / 2013-02-07 / 1.559 hitz

Euskal gatazkak eragindako ondorioei eta aterabideari buruz ikus-entzunezko asko plazaratu dira azkenaldian. «Ez da kasualitatea», diote egileek.

Momentua da. Orain arte isilpean izandako minak askatzeko garaia. Bizipenak elkarri kontatu eta elkarri entzutekoa. Bata bestearengana hurbiltzen saiatzekoa. Bestearen sufrimendua ere ulertzekoa. Euskal gatazka gainditzeari begira, herritarrak protagonista bihurtzeko garaia da, euskal auziarekin lotutako hainbat ikuspuntu ikus-entzunekoen bidez azalaraztera murgildu diren zuzendarien hitzetan. Elkarbizitzarako lehen urratsak egiteko premiak eraman ditu gatazkaren ondorioei, muinari eta konponbideari buruzko ikus-entzunekoak egitera, egileen beraien esanetan, eta egia desberdinak plazaratu beharra da azkenaldian horrenbeste dokumental sortu izanaren arrazoia. «Ez da kasualitatea».

Su txikian antzerkiaren, Barrura begiratzeko leihoak, Hablan los ojos, Mariposas en el hierro eta Memorias de un conspirador dokumentalen, eta Gazta zati bat filmaren zuzendariekin izan da BERRIA. Baita ikus-entzuneko horietako gehienak bilduta Eraikiz zikloa antolatu duen Errenteriako Udaleko buruarekin ere: Galder Perezekin, Josu Martinezekin, Gorka Espiaurekin, Bertha Gaztelumendirekin, Angel Amigorekin, Jon Maiarekin eta Julen Mendozarekin. «Ez da kasualitatea horrenbeste film orain sortu izana», diote guztiek.

Bukaera, hasiera, jarraipena

Euskal Herria gaur egun dagoen garaia aipatzen dute denek loraldi horren arrazoi gisa. «Iraganaren eta geroaren arteko banaketa unean gaude», dio Galder Perezek. «Gertaera handi asko» izan direla ohartarazi du, ETAk jardun armatua behin betiko amaitu izana zein Aieteko Konferentzia mugarri nagusitzat jarrita. «Bukaera bat egon da, hasiera bat izan da, eta jarraipen bat du, ordura artekoa hautsi duena».

«Ez da hamarkadatan iraun duen sokaren beste etapa bat gehiago», azaltzen du Jon Maiak egungo egoera; «beste parametro batzuez ari gara. Gatazkaren blokeo egoera ziklikotik atera gara».

«Egoera aldatzera joan den bakoitzean agertu dira halako fenomenoak», Josu Martinezen esanetan. Trantsizio garaiarekin alderatu du egoera, orduan ere egoera politiko eta sozialarekin lotutako dokumental eta film mordoa sortu zirela gogoratuta.

Adibide bera jarri du Angel Amigok: «Trantsizio hasieran zinema asko egin zen, nahiz eta orduan zinema historikoa zen gehiago; historia ukatua izan genuen, eta mundu guztiak kontatu nahi zuen ordura arte existitzen ez zen historia».

Kontatzeko «beharra» dagoela dio Bertha Gaztelumendik; «partekatzeko premia» duela gizarteak. Egoera politikoa irauli izanak «gauzak aldatzeko gogoa» eragin duela iruditzen zaio, eta horixe erakutsi duela halako dokumentalek herritarren artean izan duen harrera onak ere: «giro berriak beharra eta desioa piztu du, eta jendea harrapatu du».

Gorka Espiauren iritziz, «gauzak beste era batean kontatzeko beharrak» sortu ditu bizipen pertsonaletatik abiatutako dokumentalak, eta horretan zerikusi zuzena du hedabide handiek ikuspegi batzuk isilarazi izanak. Oraindik ere «kontakizun bakarra inposatu» nahi dutela dio, eta horren adibidetzat du EITBren jarrera. Alde guztietako biktimak aurrez aurre jarri eta batak bestearen mina ulertuta elkarrengana gerturatzeko esperientzia telebista publikoan plazaratzeari uko egin zion ETBk. Herri dinamikari eutsita, herriz herri erakutsi du dokumentala Espiauk.

Antzeko zerbait gertatu zaie Martinezen eta Amigoren lanei, baina Donostiako Zinemaldiarekin. Barrura begirako leihoak —bost euskal presoren bizipenak jasotzen ditu— zinemaldian proiektatzeari uko egin zioten azken unean, Espainiako Barne Ministroak filma jo-puntuan jarri ostean. Donostiako Udalak dokumentala diruz lagunduko zuela-eta, Bildu legez kanporatuko zuen mehatxua egin zuen. Herritarren ekarpenetik jaso zuen azkenean lana ordaintzeko dirua filmak.

Amigoren Memorias de un conspirador dokumentalak bake prozesuaren abiapuntutzat jotzen diren elkarrizketak ditu oinarrian bere protagonista nagusietako baten ahotik: Jesus Egigurenek Arnaldo Otegirekin bake beharraz mintzatzen hasi zenetik izandako esperientzia kontatzen du lehen pertsonan, bizipen horiek eragin dizkioten uste eta sentipenak jasota. Hori ere argitara ez eramatea erabaki zuen zinemaldiak. Herrietan antolatutako saioetan aritu da bere lana erakusten Amigo.

Tabu, debeku eta borrokak

Martinezek argi du: oraindik zenbait gai azaltzeko modu batzuk «tabu» dira. Hala ere, herritarrak agintarien aurretik daudela dio; urratsak egiteko prestasuna badutela, nahiz eta oraindik «aurreiritziak» handiegiak direla iruditzen zaion. Edozein kasutan, azkenaldian plazaratutako dokumentalek erakutsi dute, Martinezen hitzetan, «bata bestea aitortzeko prest» dagoela. Salatu du ez ETBn eta ez Donostiako zinemaldian ez dela hori gertatu.

Izan ere, debeku horien atzean hegemonia gorde nahia dagoela uste du: «Seme-alabei zein historia geratuko zaien» erabakitzea. Talde sozial eta politikoen artean «kontakizunaren hegemonia» izateko borroka handi bat dagoela dio, eta diskurtsoetako bat estaltzen jarraitzen dela oraindik.

Dokumental politikoak egiten duela hogei urte hasi zen Amigo, eta antzeko interpretazioa egin du: «Jasoa geratzen ez den kontakizuna ez da existituko etorkizunean». Gabezia handiak ikusten ditu oraindik. Milaka pasarte eta bizipen kontatu gabe daudela ohartarazi du. Ahalik eta dokumental gehien egin behar direla, lehenbailehen. 36ko gerrako testigantzak betiko galtzen ari direla jarri du adibide, garai hartan bizi izan zirenak hiltzen ari baitira.

‘Braveheart’ baten ametsa

Perezek beste film mota baten falta sumatzen du; ikuslearentzat erakargarriago izango diren eta film itxura izango duten fikziozkoak; «oso periodistikoak dira oraindik egiten direnak; gehiegi».

Maiak euskal gatazkaren inguruko «film handien falta» sumatu du. Mel Gibson aktorea protagonista izan zuen Braveheart filmari inbidiaz begiratzen dio: «Funtsezkoa izan zen Eskoziarentzat, bere gatazka mundu osoan zabaldu zelako».

Badaki ez dela erraza halakorik lortzea. Euskal Herrian antzeko zerbait sortzeko industriarik ez dagoela arrazoitu du; «estaturik gabeko hizkuntza gutxitu bat dugu, gainera…». Baina «halakoetarako garai egokia» zabaltzen ari dela dio, eta «uste baino lehen» etorriko direla horiek ere.

Hausnarketarako baliabidea

Euskal Herriko gatazkari buruz egiten ari diren dokumentalak ere baliagarriak dira, elkarrizketatu guztien ustez. Bat egin dute filmen emariaren betebeharrari buruz. Guztiek erabili dute «hausnarketa» hitza.

«Garai berezi batean bizi gara, erreflexioa egiteko garaia da, eta dokumentalak badu hori beste patxada batez egiteko gaitasuna», azaldu du Espiauk. Uneotan «ñabardura» guztiak biltzeak berebiziko garrantzia duela ohartarazi du; «ikuspuntu desberdinak plazaratu behar dira, xehetasunekin». Hausnarketa pertsonalei heltzea eta horietako bakoitza- ren alde humanoa jorratzea premiazkotzat du.

Hedabideek ez dutela horretarako esparrurik eskaintzen adierazi du, eta nagusiak «narratiba bakar bat ezartzeko ahaleginetan» murgilduta daudela gainera. «Komunikabide nagusiek narratiba bakar bat inposatzen saiatzen jarraitzen badute, ez da posible izango benetako adiskidetze prozesu bat martxan jartzea», ohartarazi du.

«Bakoitzak barruan duena erakusteko eta hausnarketa sustatzeko» dira beharrezko eta baliagarri halako dokumentalak, Amigoren ustez; baita Perezen ustez ere. «Herri honetan gorreria eta itsukeria handia izan dugu; ez diogu begiratu aldamenean dagoenari zer gertatzen zaion edo zer sentitzen duen. Baina denok elkarrekin bizi behar dugu, eta itsukeria hori hautsi egin behar da». Hortaz, gatazkaren inguruan egiten ari diren film eta antzerkiek horren gainean gogoeta egiteko aukera ematen dutela dio. «Ez da ondorioak emateko garaia; hausnartzeko garaia da».

Arteak aukera hori ematen duela azaldu dute elkarrizketatuek. Maiaren ustez, «politikak ez du politikarien esku soilik egon behar», garrantzitsuegia baita horretarako. Hortaz, politikari eta instituzioei guztien etorkizuna baldintzatzen duten horrenbeste gai delegatu ordez, gizarteak berak bere historiaren eta etorkizunaren protagonista bihurtu behar duela iruditzen zaio. Hargatik plazaratzen dizkiote bestelako gogoetak kultur eragileek gizarteari. «Herritarrek ez dute bide askorik parte hartzeko, eta horretarako baliabideak eskaini behar zaizkio».

Eta lan horretan kulturak zeregin handia duela deritzo: «Gatazkari buruz aritzean, beharrezkoa da ikuspegi humanista kulturala. Kultura da nola gauden elkarrekin, nola harremantzen, komunikatzen garen; kulturarik gabe ez dago ez herri bat eraikitzerik, ez elkarrizketatzerik».

Beraz, herritarren parte hartzerako tresna gisa egin du Gazta zati bat dokumentala Maiak, autodeterminazio eskubideari buruz; «herritarren lidergoa» aldarrikatzeko.

Gaztelumendik kezka bati erantzun nahian ekin dio filma egiteari: «Benetako bakea nahi badugu, indarkeriez hitz egin behar da; ez dago indarkeria bakarra, eta guztiak hartu behar dira aintzat». Horregatik sentitu zuen «bakeaz eta emakumeaz» hitz egiteko premia. «Emakumeen parte hartzea ezinbestekoa da; ezin da alboan utzi», dio. «Gatazken ebazpenetan gauza asko alboratzen dira, eta aurrera begira jarri nahi badugu, gizarte hobeago baterako osagai guztiak hartu behar dira kontuan».

Mota askotako indarkerien biktima izan diren emakumeen kontakizunak bildu, eta harro dago jaso duenaz: «Biktimak izan arren, mina indar bihurtzeko gai izan dira; bestelako harreman bat lantzeko». Esperientzia latzei buelta eman dieten emakume horiengandik ikasteko asko dagoela adierazi du Mariposas en el hierro filmaren zuzendariak.

Errenteriako froga

Halako sormen lanak herritarrentzako baliabidea direla esan dute egile guztiek, eta Julen Mendoza Errenteriako alkatearen hitzetan, hala direla frogatua geratu da bera buru duen udalak egin duen proiektuan. Saio berritzaile bat egin du udalak, helburu argi batekin: adiskidetze, konponbide eta bakerako bidean «urrats txiki bat» egitea. Gatazkaren alde desberdinak jorratzen dituen lau film eta antzerki bat «aitzakiatzat» hartu, eta ziklo bat antolatu du: Eraikiz. Ikus-entzunekoak herritarren aurrean erakutsi, protagonistak bertara eraman, eta hausnarketa zein eztabaidaguneak ireki ditu.

Itzelezko arrakasta lortu du egitasmoak. Zinema aretoa lepo bete du emanaldi guztietan; kultura politiko denetako herritarrak elkarren ondoan eseri ditu, baita alde guztietako biktimak eta politikariak ere. Areago, udaleko alderdi guztiek antolatu dute egitasmoa, elkarlanean: Bilduk, PSEk, EAJk, PPk eta Ezker Anitzak.

Zikloa ez dela «kasualitatez» sortu aitortu du alkateak; «beste garai batean ezinezkoa» izango litzatekeela, eta lan handia duela atzean. Harro dago lortutakoaz: «Elkar ezin ikusi egon direnek elkarrekin hausnartu dute». Eta horixe nahi zuen; herritarrei elkarrengana hurbiltzeko tresna bat eskaintzea.

Ikus-entzunekoen emanaldiak hartarako baliabide ezin hobeak direla dio, «ez duelako eskatzen filmetan ateratzen dena partekatzea». Josu Martinezek ere «arteak bizikidetzan laguntzeko duen gaitasuna» goratu du, eta Galder Perezek halako «topaguneak» herriz herri egitearen egokitasuna aipatu ditu. «Eredugarria» iruditu zaio proiektua Bertha Gaztelumendiri: «Posible dela erakutsi du».

Errenteriako alkateak, arrakasta ikusita, zikloa egonkortzeko asmoa plazaratu du.

—————-
 Zinema, gatazken berri mundu osoan emateko bide eraginkorra

«Zure herriko gatazka munduan ezagutu dadin nahi baduzu, egizu film handi bat, superprodukzio bat». Gero eta indar handiagoz zabaltzen ari den ustea da. Gehiegikeria izan daiteke baieztapena, baina ez da ezerezetik sortutakoa. Braveheart da frogarik garbiena. Eskoziari buruz ordura arte zegoen ezagutza zein interesa eta ordutik aurrerakoa ez da bera. Areago, Eskoziaren beraren bide politikoa aldatu duela diote askok.

Ipar Irlandako gatazkaren berriemaile kutuna ere izan da zinema: In the name of the father (Aitaren izenean) edo Bloody sunday dira aipagarrienak, beste film askoren artean.

Hegoafrikari zein arrazakeriari lotutako borrokak The color purple (Purpura kolorea), The Mississippi burning (Mississippi sutan) edo Invictus filmek zabaldu dituzte munduan, besteak beste.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.