Itziar Idiazabal, EHUko Hizkuntzalaritza katedraduna: «Ama hizkuntzan eskolatu beharra oso da garrantzitsua hizkuntza gutxituen kasuan»

Jon Rejado / 2013-02-21/ 627 hitz

Elebakartasuna arazo bat dela nabarmendu du Itziar Idiazabal EHUko katedradunak, eta eskoletan hizkuntza aniztasuna azaleratzearen aldeko jarrera agertu du, esparru askotan aberasgarria delako.

Etxean ikasi den hizkuntzari ama hizkuntza esan ohi zaio. Ordea, lehen hizkuntza, etxeko hizkuntza edo familiako hizkuntza ere erabiltzearen aldekoa da Itziar Idiazabal. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco katedrako koordinatzaile eta EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko katedraduna da Idiazabal. Hain zuzen ere, gaur da Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna, eta Idiazabalek lehen hizkuntzak «baloratzearen» garrantzia nabarmendu du.

Zergatik behar du ama hizkuntzak egun berezi bat?

1954an, nork bere hizkuntza eskolara eramateko eguna sortu zuten. Horretarako aukerarik ez zuten hizkuntz komunitateek, hizkuntza ofizialak ez zituztenek, eskolan kontuan hartuak izan zitezen. 2000. urtean ama hizkuntzaren aldeko eguna abiatu zen, eta hor ez da eskola bakarrik aipatzen. Ama hizkuntza gutxituen aldarrikapena egiten da.

Ama hizkuntzak berebiziko oihartzuna izan du asteotan, Haurreskolak partzuergoan umeen ama hizkuntza bermatu behar delakoan gaztelaniari lekua egin zaiola eta.

Gauza bat baino gehiago esan daitezke horren harira. Lehen hizkuntzak eskolako hizkuntza izan behar hori… hala da hizkuntza gutxitua denean. Bestela, hiztun horiek, eta haien komunitateek ere, ez dutelako hizkuntza baloratzen. Ez diote prestigiorik ematen. Ama hizkuntzan eskolatu beharra oso da garrantzitsua hizkuntza gutxituen kasuan.

Eta beste hizkuntzen kasuan…

Zergatik ez? Baina pena da aukera ez aprobetxatzea, eskola gabe ere ikasten dutelako hizkuntza hori kalean. Ama hizkuntzak derrigorrez eskola hizkuntza izan behar duen topikoa dago, baina hori hizkuntza txikien kasuetan baino ez da derrigorrezkoa.

Hortaz, gaztelaniarena…

Gurasoek umeak haur eskoletara eramaten dituztenean, ez badakite euskaraz, gazteleraz hitz egingo dute hezitzaileekin. Umeak hori entzungo du. Pentsatzen dugu hizkuntza eskolan ikasten dela soilik, programatutako ariketekin; baina hizkuntzak eskolatik kanpo ikasten dira batez ere.

Ama hizkuntzaren aldarria, kasu batzuetan, elebakartasunaren aldeko aldarritzat har daiteke?

Noski, eta hori atzerapen bat da. Gaur egun demostratua dago elebakarra izatea arazo bat dela. Hizkuntza handiak hitz egiten dituztenek elebakar izaten jarraitu nahi badute, ezjakinak izateko eskubide osoa dute, baina eurek galtzen dute. Elebidun izateko beharra eta balioa nahiko garatua dago gure artean, baina oraindik arrazoi politiko-ideologikoengatik elebakartasunaren aldarrikapenak egiten dira.

Hizkuntzak kalean ikasten direla esan duzu… Bertan ospatu beharko litzateke, bereziki, ama hizkuntzaren eguna?

Gizarte eginkizun nagusi askotan euskararen presentzia oso txikia da. Ez dakit ondo zer egin beharko litzatekeen, baina ama hizkuntzaren eguna ez da bakarrik eskolarako. Uste dut aprobetxatu behar dela egun hau aniztasunaren aldarrikapena egiteko. Pertsona askok elebitasuna arazotzat ikusten dute: atzerritarrak datoz eta arazoa da, elebitasunaren arazoa… Alderantziz da. Elebakartasuna da arazoa.

Hainbatetan azaldu duzu arazoa dela. Zer motatako arazoa?

Besteak beste, britainiarrek arazo izugarria dute bertako umeek eta gazteek ez dutelako inolako estimulurik beste hizkuntzak ikasteko. Hori pobrezia da. Ama hizkuntza eta hizkuntza ezberdinak ikasteko beharraren aldarrikapena oso garrantzitsua da. Dibertigarria eta polita izateaz gain, derrigorrezkoa izan beharko litzateke. Alderdi horretatik, badaukagu zer egin eta zer eskaini.

Azken hamarkadetan, kultura aniztasuna handitu ahala, hizkuntza ofizialez gain beste hainbat ama hizkuntza ditugu gure artean…

Euskararentzako eskatzen dugun gauza bera eskatzen dugu besteentzako: eskolak hizkuntza horiek eskaini ahal izatea. Gutxienez, hizkuntza horren presentzia ez dadila ezkutatu. Irakasleek sentiberatasun hori nahiko garatua dute. Umeek ez gaztelania ez euskara ere ez dakitenean, kontuan izateko eta errespetatzeko ahalegina egin behar dela badakite. Aberasgarria da, ume horiek dakartena baloratzen delako, eta besteak konturatzen direlako hizkuntza ez dela bakarra.

Aniztasun hori gorabehera, dekretu uniformatzaile bat eztabaidatzen ari da egun, hezkuntza erreformatzekoa.

Ez diot ezer onik ikusten. Oso kontraesankorra iruditzen zait alor askotan. Kanpotik egindako ebaluazioa eskatzen du, baina hori badaukagu: berton egiten direnak eta PISA txostenak ere badaude. Bestetik, ez da aurreko lanaren ebaluaziorik egin. Mundu modernoan ez dira hezkuntza erreformak hain sarri egiten. Bestetik, guretzako oraindik ere zentralismo handiagoa dakar. Guk badauzkagu beharrak, baina lege horretan ez dut ikusten ezer guretzako bereziki interesgarria denik. Ezer ez. Eskandalua iruditzen zait.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.