Kargagailua

Marian Iriarte / 2013-02-07 / 410 hitz

Duela hamabost, hogei urte, sakelako telefonorik gabe bizitzea ez zen hain gauza arraroa. Sakelako telefonoak gehienon bizitzan sartuta bazeuden ere, ez zen oraingo egoera berbera. Gaur egun, sakelako telefonorik gabe bizi direnak rara avis moduan ikusten ditugu. Garai bateko tramankuluak gero eta ahalmentsuagoak, txikiagoak, arinagoak eta hobeak dira. Baina askorik aldatu ez den teknologia bateriena izan da.

Etxetik kanpo gauden guztietan, gehienon ardura nagusietako bat telefonoa kargatzeko gailua hartzea da. Niri mendian egondako azkenengoan, lagun baten etxean ahaztu zitzaidan, eta etxerako bueltako bidaia osoan arazoa nola konpondu asmatu ezinik aztoratu nintzen. Zer egin kargagailurik gabe? Nola bizi telefonoa egunero kargatu gabe? Ai ene!

Telefonoetako teknologia urte hauetan asko aurreratu eta hobetu da, bateriena ere bai, baina Massachusettseko Institutu Teknologikoan (MIT) aurrera eramandako ikerketa bati esker, kargagailuen mundua aldatzera datorrela dirudi oraingoan. Ikerketa taldea ikerlari espainiar batek zuzentzen du, eta euren emaitzak duela gutxi argitaratu dituzte nazioarteko aldizkari ospetsu batean (Energy Envir. Sci.).

Pantaila lauen munduan kristal likidozko pantailak (LCD, Liquid Crystal Display) dira ugarienak. Kristal likidoak diogunean, egoera fisiko bitxi samarra duten substantziez ari gara. Sustantzia horiek, kristal likidoak hain zuzen ere, likidoen mugikortasuna edo likatasuna izanik, solidoen antzeko egitura ordenatua dute, eta euren ordenamendua edo egitura tentsio elektrikoa egoki aplikatuz alda daitekeenez, pantailan hainbat hizki, zenbaki eta irudi ikusteko aukera ematen digute. Kristal likidoak hainbat eremutan erabiltzen dira, ez bakarrik pantailetan, bai medikuntzan, zelula fotovoltaikoetan…

LCD pantailek irudi kalitate ona ematen dute, baina, zoritxarrez, ez dira oso eraginkorrak ikuspegi energetikotik, eta bateria deskargatzearen eragile nagusia dira. Pantailaren atzeko aldetik argi zuria sortzen da eta gure begietarantz dator. Emititutako argiaren %6 inguru baino ez da iristen gure begietara. Gainontzekoa pantailan bertan dauden iragazki eta xafla optikoek xurgatzen dute. Iragazki eta xafla horiek beharrezkoak dira pantailan guk nahi dugun irudia ikusteko. Pantailaren eraginkortasun energetikoa areagotzeko MITeko ikerlariek proposatutakoa xurgatutako edo blokeatutako argi hori berrerabiltzea da, eta horretarako, xafla eta iragazki optiko horietan molekula xurgatzaileak erabili beharrean molekula fluoreszenteak erabiltzen dituzte. Molekula horiek atzetik datozkien energia xurgatzen dute, baina berriro ere emititzeko gaitasuna daukate, eta horrela energia asko aurreztuko da, eta bateriaren iraupena asko luzatuko da. Baina teknologia berri honek ez du soilik energia aurrezten, eguzkitiko energia aprobetxatzea ahalbidetzen du. Pantailak dituen molekula fluoreszente horiei esker, argia har dezake, bai argi naturala eta bai elektrikoa. Eta argi hori elektrizitate bihurtu. Ikerlariek diotenez, argi artifizialarekin, baterien iraupena 10 edo 15 aldiz handiagoa egin daiteke, eta eguzkitiko energia naturalarekin, bateriak autonomoak izatera irits daitezke. Teknologia berri honi esker, gure smartphone-ak elektrizitatearen menpekotasunetik askatuko ditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.