Alex Gurrutxaga / 2013-02-17 / 477 hitz
- Izenburua: Hitza bide, bizia xede
- Argitaratzaileak: Txantreako Euskaldunen Biltokia eta Pamiela
Txantreako Euskaldunen Biltokiak 10. urtemuga zela-eta liburua argitaratu zuen iaz. Ospakizun doinuz dator Hitza bide, bizia xede, baina baita aldarrikapen gisa ere, ez baita manifestu makala izenburukoa: hitza (euskara) bidea da, eta helburua haren bidez bizitzea, norbanako eta herri orok baitu bere hitza.
Literatur bilduma da Hitza bide, bizia xede, baina nekez laburtu daiteke hitz batean zeren bilduma den. Izan ere, poesia, narrazioa, saiakera, epigrama edo hiztegia ditu barnean (baita Polo Gartziaren marrazkiak ere). Norbaitek esan lezake denetarik pixka bat izanik ezerk ez duela erabat aseko, eta gerta daiteke, baina pluraltasun horretan dago liburuaren berezitasunetako bat.
Ohikoa ez den beste ezaugarri bat ere bada: «Antologia bat da —idatzi du sarreran Fernando Reyk—, gure elkartearekin edo gutako batzuekin harremana izan duten idazleek osatua. Haiekin bat, gure auzoan idatzi zaleak diren beste batzuei ere egin nahi izan diegu tokia». Horrela, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza eta Miren Agur Meaberen testuen ondoan aurkituko ditu irakurleak Kruzi Barrena, Fertxu Izquierdo eta Arantza Santestebanenak. Esan behar da testu guztiek ez dutela maila bera, edo areago, alde handiak daudela. Baina bildumaren maila epaitu behar banu (eta hala behar dut) esango nuke bere helburua lortzen duela, alegia ahal bezain anitza izatea eta, hortaz, bilduma txukuna dela.
Lau atal poesia dira, laurak ere oso tonu desberdinekoak. Atxagaren testuak (Egunak badoazi) denbora du gai, eta idazlearen poesiak hain berea duen narratibitatea eta kadentzia erritmikoa (paralelismo, errepikapen eta zerrendekin). Castillo Suarezen Betetzeko moduko ametsak prosa poetikoa da, bere azken liburuaren ildokoa. Joxemari Sestorainek Poema solteak itzuli ditu eta haiei buruzko ohar interesgarriak eman. Azkenik, Kruzi Barrenaren bi poema daude; kutsu erromantikoa dute eta neroni ez naute ase, topiko eta klitxeetan oinarritzeagatik.
Gainerako testuak narrazioak dira, eta hauen tonu eta gai aniztasuna ere nabaria da. Esaterako, Aingeru Epaltzak maki brigada bateko partaide baten abentura kontatu du Zangoak bezain motel ipuinean. Oso ongi funtzionatzen du narrazioak, ederki girotua dago eta tentsioari amaieraraino eusten dio. Miren Agur Meaberen Plusaren tentazioa kontakizuna primizia bat dugu, aurten aterako den Kristalezko begi bat nobelaren zatia: sentsibilitate apartekoa transmititzen du testuak suizidioaz eta norberak bizitzan duen lekuaz gogoeta egitean. Beste bat aipatzearren, Fertxu Izquierdok Tarzan jarri digu hiriko junglan: absurdua eta traszendentala ezkonduz, Chicagotik abiatu eta Mexikon zehar, travelling trepidantea da Bizitzaren bueltak.
Bestalde, narrazioen artean badira testu ezohikoagoak ere. Xabier Mendigurenek Maria Magdalakoaren Ebanjelioaren pasarteak idatzi ditu. Ideia orijinala da eta landutako gaiak interesgarriak (prostituzioa, generoak, sexua, e.a.) baina esango nuke emaitza tesi-ipuin teorikoegia dela. Xabier Olarrak, berriz, Twitter-i buruz (erlijio berri horretaz) testu multiformea osatu du, oso ongi funtzionatzen duen umorez gainezka. Azkenik, Joseba Sarrionandiak epigramaren genero klasikoa landu du, modu distiratsuan egiazki: politika eta gizartea du jopuntuan, tonu ironiko eta umoretsuz.
Ikusten duzunez, testu gehienen maila altuaz gain, bildumak aniztasun paregabea du forma eta gaietan. Idazle bakoitzaren estiloari esker, literaturaren ahala eta aukera mugagabeak agerian daude Hitza bide, bizia xede-ren orrietan.