Nahi edo nahi ez, haurride

Juan Luis Zabala / 2013-01-31 / 985 hitz

Hitza dute lanabes nagusi idazleek eta bertsolariek, baina bien artean tentsio ezkutuak sumatzen dira batzuetan. Iturrietan bat etor daitezke inoiz, baina sormenerako aparteko diziplina bi dira funtsean.

Hitza lantzen dute funtsean hala bertsolariek nola idazleek, eta badira idazle ere badiren bertsolariak, edo bertsolari ere badiren idazleak. Baina oro har, elkarrekiko igurtzi handirik ez dute izaten bertsolaritzak eta literaturak, eta bien arteko tentsiorik edo gatazkarik ere sumatzen da batzuetan, agerian baino gehiago gordean bada ere, esplizituki baino gehiago inplizituki.

Sare sozialetan piztutako eztabaida baten harira, honako hau idatzi du oraindik orain Gorka Bereziartua kazetariak Boligrafo Gorria blogean (http://www.argia.com/blogak/boligrafo-gorria/) sareratutako Elebakarrak, eleanitzak, idazleak eta bertsolariak sarreran: «Ez dakit nork asmatu zuen zazpi Euskal Herrien kontua, baina afera kulturaletan behintzat, bete-betean huts egin zuen. Euskal Herriak bi dira gurean. Bi eta kito. Bata, bertsolariena eta bestea, idazleena. Eta gerra hotzean bizi dira, agente doble, infiltratu eta tentsio uneekin». Umorez eta ironiaz idatzitako hitzak dira, jakina, baina gaiari buruz pentsarazteko gogoa pizten dute.

«Elkarri errezeloz begiratzen dioten anai-arrebek bezala begiratu izan diogu elkarri [bertsolariek eta idazleek]», hori da Jose Luis Padron poetak duen susmoa. «Badu familiarteko arazo horien antza. Ezkutuko norgehiagoka absurdoa, zelo gatazka moduko bat ustez baserritar ezjakinak eta ustez urbanita ikasiak izan direnen artekoa, herrialde honetako arbasoen ondorengo duinenak nortzuk izango, nortzuk autentikoagoak».

«Ez dut uste bi jardunen artean konfrontazio espliziturik dagoenik», azaldu du, ildo beretik, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak, «baina tentsio bat sumatzen da errezelen atzean, sarri ironiaz askatzen dena». Tentsio hori gehiago sumatu izan du idazle batzuen partetik bertsolarien partetik baino, eta «jardun bakoitzak duen errekonozimendu publikoarekin» zerikusia duelakoan dago. «Tradizionalki idazleek bete izan dituzten eginkizunak betetzen dituzte bertsolariek gaur egun: erreferente ideologikoak dira, iritzi sortzaileak, zutabegileak… Bertsotan egiteaz gain, gidoiak idazten dituzte, dokumentalak zuzentzen, liburuak argitaratzen… Eta, gainera, jende gehiago mugitzen dute. Uste dut horrek azkura eragiten diola zenbaiti».

Azkura hori eragiten duen inbidiarako oinarririk badagoela argi aitortzen du Padronek: «Nahi nuke nik guretzako bertso saioetan bizi ohi den hunkipen psikiko, fisiko eta emozional horretatik pixka bat. Guk taberna zuloekin konformatu behar dugu gehienetan, eta pozik, kamareroak lekutik alde egiten ez badu. Eta gure mezuak ez du askotan jendearen bihotzean ereiten». Hori ez zaio, ordea, elkarren aurka aritzeko motibo iruditzen. «Orain etorkizunak batzen gaituela iruditzen zait. Aitzakiarik ez daukagu gure kulturaren etorkizuna elkarrekin kantatzen eta idazten ez hasteko».

Aitor Sarriegi bertsolariaren ustez, ezin da esan, modu orokor batean behintzat, bertsolaritzaren eta literaturaren artean inolako gerra, gatazka edo ezinikusirik dagoenik. «Pertsonen arteko harremana dugu, batean edo bestean tokatzen gara eta bertsolari guztiok dauzkagu lagun idazleak, eta alderantziz. Are gehiago, bertsolari eta idazle direnak ere bat baino gehiago dira».

Bertsolariak, literaturzale

Sarriegiren ustez, gainera, bertsolariek nahiko ondo ezagutzen dute idazleen lana, eta horrek badu islarik egungo bertsogintzan. «Nik ezagutzen ditudan bertsolari gehienak irakurzaleak dira, herri honetako biztanleen batez bestekotik oso gora ziurrenik. Bertsolariok jarraitzen dugu idazleen lana, gustatzen zaigulako, ez iturri gisa soilik. Gaurko bertsogintza ezagutzen duenak ezin du esan literatura idatziaren eraginik ez duenik». Idazleek eta bertsolariek, azken batean, antzeko iturrietatik edaten dutelakoan dago Sarriegi. «Akaso, bertsolariaren lana aurrez aurrekoa izanik, zuzeneko harreman horretatik ere asko edan behar da, jaso eta sortu une eta toki berean egin behar delako. Bertsolaritza ere literaturaren parte da, ez luke zentzurik gainerako generoak ukatzeak».

Sarriegik bezala, Alberdik ere uste du bertsolari gehienek «errespetatzen eta miresten» dutela idazleen lana. «Bertsolari gehienak irakurleak dira, literaturzaleak, eta maiz komentatzen ditugu idazleen lanak, irakurritako azken liburuak eta abar».

Idazleen aldetik bertsolaritzaren inguruko interesa ere sumatu dute biek. «Idazle bertsozale asko daude, gutxi-asko gozatzen dutenak bertsolarien jardunarekin», dio Alberdik. Sarriegiri, berriz, ez zaio oharkabean pasatu zenbait saiotan entzuleen artean idazleak ikusi izana. «Normala iruditzen zait».

Padronek Xabier Lete eta haren lan «emankorra» ekarri ditu gogora, bere literaturaren oinarrien artean bertsolaritza izan duten idazleen eredu gisa. Padronek berak ere «interes handia» izan du beti bertsolaritzaren inguruan, nahiz eta gero sormen lanean «beste molde batzuk» landu. «Joaquin Berasategirekin eta Antonio Zabalarekin aritzeko zoriona ere izan nuen garai batean. Lizardi, Gabriel Aresti, Amaia Lasa, Bernardo Atxaga edo Joseba Sarrionandiaren ekarpenik gabe ez dago Euskal Herriko historia egiterik, baina Auspoa bildumarik gabe ere ez».

Bertsolaritzari bere aberastasuna aitortzen diote, baina ez dute hartan beren lanetarako erreferentziarik bilatu ohi Juanra Madariaga eta Aritz Gorrotxategi idazleek. «Ez naiz, egia esan, oso zalea», dio Madariagak, «saio batzuk —hunkigarriak direnak, ziria sartzekoak edota ironia ederrekoak— ederki gozatzen baditut ere. Girogatik ez bada, batzuetan ez naute askorik ere erakartzen. Baina, bertsolaritza, zenbait kasutan, literaturako iturria izanagatik ere, argi dago bigarrenaren pisu astronomikoak gailentzen duela».

«Bi diziplina ezberdin»

Gorrotxategik ere gozatzen du bertsolarien «perla batzuekin», baina bertsolaritza eta literatura «bi diziplina ezberdin» dira, haren iritziz. «Alde horretatik, ulergarria ere izan daiteke bertsolariek erreferentziatzat bertsolariak hartzea, eta ez poetak; eta alderantziz. Bi mundu dira, eta kointzidentziak edo enpatiak gehiago sortzen dira maila pertsonalean».

Bob Dylan eta Literaturako Nobel saria ekarri ditu Gorrotxategik solasera, diziplinen arteko bereizketaren ideia ilustratzeko. Bob Dylan «letra zorrotzak eta hunkigarriak» dituzten kantuak sortu dituen «kantari aparta» izanagatik, hari Literaturako Nobel saria ematea poeta eta idazle askok «iraintzat» hartuko luketela uste du Gorrotxategik. «Izan ere, hitzekin lan egiten duten idazle eta poeta horietako asko bururatzen zaizkit ilaran Dylanen aurretik daudenak saria jasotzeko. Horrekin ez dut esan nahi Bob Dylan ona ez denik, baina diziplina ezberdinez ari gara. Alegia, Milan Kundera, Philip Roth, Umberto Eco, Cormac McCarthy, Alice Munro, Ismail Kadare edota Adonis baino idazle hobea da Bob Dylan?»

Hartzaile gisa «bietatik» edaten duen arren, sortze prozesuan bereizketa argia egiten du bertsolaritzaren eta literaturaren artean Uxue Alberdik, eta are handiagoa egin beharko lukeela ere iradokitzen du: «Buruarentzat bi ariketa erabat diferente dira. Literaturan erreferente asko ditut, miresten ditudan idazle asko, kanpokoak eta bertakoak. Uste dut literaturzaletasunak eragiten didala bertsotarako orduan, bertsozaletasunak idazterako orduan baino gehiago. Nire bertsokera gertuago dago zenbaitetan idatzizko moldetik ahozkotik baino, eta hori ez da ona gehienetan, hor badut lanketa bat egiteko. Idazten ari naizenean, idazleak izaten ditut erreferente. Bertsotarako, batez ere, bertsolariak; baina idazleren bat ere bai, irakurritakoak hor gelditzen baitira, eta bat-bateko jardunean agertzen, nahi gabe ere».

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.