Juan Luis Zabala / 2013-02-20 / 762 hitz
‘Intemperies’, ‘Kristalezko begi bat’ eta ‘Inurrien hiztegia’ dira udaberriko liburuen artean ikusmin handiena piztu dezaketenak.
Peru Magdalena, Mikel Taberna eta Mailuix Legorburu nobela berrien egileen artean dira.
Miren Agur Meabe eta Lourdes Oñederraren nobelak eta Mariasun Landaren mikroipuin bilduma dira, a priori bederen, aurtengo udaberrian kaleratuko diren liburuen artean ikusmin handiena pizteko motiboak dituztenak. Ez bakarrik hiru egileek aspalditik irabazia eta berretsia daukaten estimuarengatik eta ospearengatik; baita hiru liburuok egileen ohiko joerak eta dinamikak hausten dituztelako ere, neurri batean bederen: Meabe poeta eta gazte literaturako narratzaile gisa da batez ere ezaguna, eta Kristalezko begi bat nobela haur eta gazte literaturatik aparteko sail batean argitaratzen duen narratiba arloko aurreneko liburua izango da; Oñederra nobelagile gisa da ezaguna, baina Eta emakumeari sugeak esan zion du oraingoz nobela bakarra —Ereinek 1999an argitaratua—, Intemperies bigarren nobela kalera iritsi bitartean; Landa haur eta gazte literaturan da ezaguna, eta Inurrien hiztegia helduentzat argitaratzen duen lehen fikzioko lana izango du.
Gainerakoan, argitaletxeek bidalitako datuekin osatutako zerrendak aurtengo udaberrian aurrekoetan baino liburu gutxixeago kaleratuko direla erakusten du, aldea handia ez izan arren. Baliteke krisi ekonomikoaren lehen zantzuak izatea, eskuarki antzekoa izaten baita liburu berrien kopurua urtero. Dena den, baliteke argitaletxe batzuek oraindik liburu berrien zerrenda prestatu gabe izateak ere zerikusirik izatea horretan. Ezin da, beraz, ondorio garbirik atera ziurtasunez.
Bereziki apala da, konparazioak egiten hasiz gero, ipuin edo narrazioen bildumen kopurua; bi baino ez daude iragarrita. Baina arinegia litzateke, datu gehiago gabe eta gaiari buruzko azterketa sakonik gabe, hortik generoaren egoerari edo harrerari buruzko ondorioak ateratzea.
Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat nobelak hainbat ezintasun eta arazori aurre egin behar dion emakume bat du pertsonaia nagusi: «begi bat galdu nuen nerabezaroan; minbiziz hil zitzaidan ama; dibortziatua naiz eta seme bat daukat; lantokian kontua eskatu nuen iaz, orain enkarguzko lanak idaztetik ateratzen dut bizibidea; berriki utzi egin dut maite-laguna eta harrezkero gaixotuta nago…». Hausturak eragindako minetik ihesi, bolada baterako alde egingo du adiskide batzuek Landetan laga dioten etxera. Duna baten gainaldean eraikita dago etxe hori, Le Rayon Vert; han, idazten hartuko du sosegua, bizitzako galerei, desamodioari, askatasunari, eta idazkuntzaren zentzuari buruzko gogoetak paperera isuriz.
Autobiografiatik asko
Autobiografiatik asko du Meaberen lanak. «Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela hau, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira», jakinarazi du Gorka Arrese Susa argitaletxeko editoreak. «Errealitatea eta fikzioa josiz eta urratuz sortutako kontakizuna da, tarteka ironiazko zertzeladez gozatua».
Lourdes Oñederraren Intemperies eleberriak hiru protagonista ditu, Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak aurreratu duenez: Luzia, hizkuntzalari donostiarra eta pertsonaia nagusia; Victor, neurologo madrildarra; eta Eva, 12 urteko neska afasikoa. Eva Madrilgo klinika batean dago ingresatuta, bonba-auto batek eragindako kalte larrien ondorioz. Gurasoekin batera aurrean zuten semaforoa berde jarri zain zegoela lehertu zen autoa; gurasoak hil zituen eztandak eta Evari afasia eragin zion. Europatik bideratutako ikerketa batean parte hartuz —Evaren kasua dute ikerketa gaia— ezagutzen du Luziak Victor, eta bien artean adiskidetasunetik harago doan harremana sortzen da. Gabon eguna da eta Luzia Donostiako bere etxean dago,Victorren zain.
Hamalau urte geroago
Oñederrak 1999an argitaratu zuen Eta emakumeari sugeak esan zion (Erein), bere orain arteko eleberri bakarra ez ezik literatura arloan argitaratu duen liburu bakarra ere badena. Oso harrera kritiko ona izan zuen Oñederraren lan hark, eta Euskadi saria irabazi zuen 2000. urtean.
Landaren Inurrien hiztegia 30etik gora ipuin laburrek osatutako bilduma da, Pello Elzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak azaldu duenez. Ipuin guztiek hitz bat dute izenburutzat, eta alfabetikoki ordenatuta daude liburuan. Inurrien mundua deskribatzen dute, baina gizakien munduaren isla ere badira liburuan inurriei buruz kontatzen direnak.
Haur eta gazte literaturaren arloan euskal idazle itzuliena eta sarituena da Landa, baina oso urriak dira helduen literaturako bildumetan argitaratu dituen liburuak. 2007ko abenduan Festa aldameneko gelan (Erein) lan autobiografikoa —jatorriz gaztelaniaz idatzi eta Jesus Mari Lasak euskaratua— argitaratu zuen arte, haur eta gazte literaturakoak ziren haren liburu guztiak. Horrenbestez, Landak Inurrien hiztegia helduentzat argitaratzen duen fikzioaren arloko aurreneko liburua dela esan daiteke.
Beste hainbat idazle ezagunen liburu berriak ere izango dira udaberriko eskaintzan —hala nola Garazi Goia, Peru Magdalena, Mikel Taberna, Mikel Ibarguren, Oier Guillan, Jokin Apalategi, Eñaut Etxamendi, Amaia Iturbide, Fito Rodriguez eta Patxi Zabaletarenak, adibidez—, eta haur literaturako liburuen egileen artean Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Pello Añorga, Harkaitz Cano, Castillo Suarez eta Txiliku izango dira, besteak beste.
Azken urteetan ohikoa den moduan, interes handiko egileen liburuak plazaratuko dira aurtengo udaberrian ere euskarara itzulita. Aldameneko zerrendan ez dira, espazio faltarengatik, argitaratuko diren den-denak ageri, eta falta direnen artean honako hauek nabarmendu daitezke: Irene Nemirovskyren Oker ulertua eta Daniel Glattauerren Zazpi olatuz behin, Alberdaniaren eskaintzan; eta Calderon de la Barcaren Bizitza amets eta Alain Fournierren Meaulnes handia, gaur egun Alberdaniak, Ereinek eta Igelak plazaratzen duten Literatura Unibertsala bilduman.