Amaia Portugal / 2013-01-31 / 765 hitz
Bi hizkuntza menperatzeak alzheimerra eta neuroendekapanezko beste zenbait gaitz atzeratu ditzakeela uste dute BCBLn, eta ikerlerro bati ekin diote hori egiaztatzeko.
Mundu ikuskera anizkuna, jende gehiagorekin komunikatzeko gaitasuna, hirugarren hizkuntza bat ikasteko erraztasuna… Zerrenda luzea idatz daiteke elebitasunaren onuren inguruan. Bada Basque Center on Cognition Brain and Language ikerketa zentroak lerro berri bat gehitu nahi dio zerrenda horri. Hango ikertzaileen ustez, baliteke alzheimerra duen pertsona elebidun batek, adibidez, abantaila izatea elebakarrarekin alderatuta. Zenbait ikerketek iradoki dute neuroendekapenezko gaitzen sintomak atzeratu egiten direla bi hizkuntzatan pentsatzen duten garunetan.
Hipotesi hori oinarri hartuta, urtea hastearekin batera, ikerketa lerro berri bati ekin diote BCBLn, «elebitasunak pertsona nagusien garunean eta haien gaitasun kognitiboetan dituen ondorio positiboak aztertzeko». Hala azaldu du Jon Andoni Duñabeitia doktoreak eta lerro berri horretako ikertzaile nagusiak.
Zenbait ikerketak iradokitzen dutenez, elebidunek gehiago garatzen dituzte arreta sistemarekin lotura duten ahalmen batzuk. «Guztiz zentzuzkoa iruditzen zaigu hori. Elebidun batek hizkuntza batetik bestera saltoka ibili behar du etengabe bere bizitzan. Aldamenean duen pertsonaren hizkuntza zein den ikusi behar du, eta, ziurrenik, pare bat minutu barru beste pertsona batengana hurbilduko da, eta beste hizkuntza batean egin beharko dio», azaldu du Duñabeitiak. Hizkuntza bat aukeratzeko bestea itoarazten den une hori da gakoa. Malgutasun kognitiboari lotuta dago gaitasun hori, eta, horri esker, arreta sistemak desberdin jokatzen du elebidunengan: bereziki adi egon beharra dago.
Garunaren arreta sistemaren egoerak zerikusi zuzena du neuroendekapenezko gaitzekin: horra hor elebitasunaren eta Alzheimeren eta Parkinsonen gaitzen arteko ustezko lotura. «Bi ikerketa handi argitaratu dira, eta, horien arabera, elebiduna izateak oskol baten moduan funtzionatzen du gaitz kognitiboen aurka. Ondorioak ez dira behin betikoak, baina hori iradokitzen dute. Horrek ez du esan nahi gaitz neurokognitiboak agertzen ez direnik, baizik eta agerpena atzeratzen dela. Alzheimerra izan behar baduzu, izango duzu, faktore genetikoak ere tartean daudelako, baina geroago agertuko zaizu», nabarmendu du Duñabeitiak.
Boluntario bila
Ikerketa lerroa hasi berritan, dagoeneko ekin diote parkinsonaren adarrari, eta alzheimerrarena jorratzen hasi behar dute orain. Horretarako, deialdi publikoa egin du BCBLk, boluntario bila: gaitz neurokognitiborik ez duten 65 eta 80 urte arteko euskaldun eta gaztelaniadun elebidunak behar dituzte, batetik, eta gaztelaniadun elebakarrak, bestetik, ikerketa egin ahal izateko. Parte hartu nahi duen edonork aski du ikerketa zentrora hots egitea: (0034) 943-30 93 00 telefono zenbakira.
Geroago egingo dituzten beste ikerketa batzuetan adin guztietako boluntarioak eskatuko dituzte, baina kasu zehatz horretan, 65 urtetik gorakoak behar dute izan: «Gazteen gaitasun kognitiboak % 100ean daude, eta, orduan, elebitasunak ustez ematen dizkien ahalmen horiek ez dira hain esanguratsuak. Pertsona edadetuen hondatze kognitibo arrunta aztertuz gero, berriz, elebiduna izateak dakartzan ondorio kognitiboak benetan esanguratsuak eta erabakigarriak izan daitezke».
Boluntarioak ordenagailu banaren aurrean jarriko dituzte, eta erresonantziak ere egingo dizkiete. Duñabeitiaren arabera, «nola irakurtzen duten aztertuko dugu, nola jartzen duten arreta gauza batzuetan eta besteetan, eta nola itoarazten dituzten distraktoreak. Kanpotik eta barrutik ikertuko dugu hori. Kanpotik, ordenagailuaren aurrean jarrita, eta barrutik, pantailari begira daudela, baina aldi berean erresonantzia eginez. Batetik, irudi finkoak edo estrukturalak aterako ditugu horrela, hau da, nolakoa den gure garuna; bestetik, irudi funtzionalak, hots, nola funtzionatzen duen gure garunak». Boluntario horien pazientzia saritzeko, gainera, talasoterapia zentro batean saio bana oparituko dietela azpimarratu du ikertzaile nagusiak.
Elebitasunaren eta neuroendekapenezko gaitzen ustezko erlazio horrek garunaren zer zatiri eragiten dion jakiteko ere izan daiteke baliagarria ikerketa zehatz hori. Izan ere, gaur egun, oso zaila da hori zehaztea: «Arreta sistemari begiratzen badiogu, aurrealdeko kortexekin du horrek zerikusia; baina hizkuntzari buruz ari bagara, sarea oso handia da, eta oso hedatuta dago. Ez da geruza zehatz bat, garunaren erdia da ia».
Jaiotzetiko elebiduna izan edo bigarren hizkuntza geroago ikasi, hor alderik ba ote dagoen argitzen laguntzeko ere balio dezake ikerketa horrek. Baiezkoan dago Duñabeitia, bainamodu zientifikoan egiaztatu beharra dago, eta orain arte ez zaio garrantzirik eman faktore horri: «Hizkuntzaren beraren aldetik bai, badago desberdintasunik garunean; baina gaitasun kognitiboei begira, oraindik ez dakigu. Orain arte egin diren ikerketetan oinarrituta, ezin dugu zehaztu hizkuntza ikasteko adina faktore kritiko bat den ala ez. Gure susmoa da baietz, alde nabarmena egon behar dela jaiotzetik elebidunak diren pertsonen eta geroago bigarren hizkuntza bat hartu dutenen artean. Baina arreta sisteman oinarrituta orain arte egin diren ikerketa urriek zaku berean sartu dituzte elebidun biak».
Parkinsona eta alzheimerra ez ezik, narriadura kognitiboa (gaitz apalagoa) ikertzen ere hasiko dira aurki BCBLn, ikerketa lerro horren barruan. Duñabeitiaren aurreikuspenen arabera, urratzen hasitako bide berri horrek urte honen bukaera aldera emango ditu lehen emaitzak. Haien hipotesia egiaztatzea espero dute: hau da, elebiduna izateak ondorio positiboak dituela ahalmen kognitiboei dagokienez. Baina ez hori bakarrik: «Ikusi nahi dugu zer aldaketa dituen pertsonaren garunak elebiduna izateagatik, elebakarrarenarekin alderatuta. Neuronak nola konektatzen diren haien artean, eta zeintzuk diren hizkuntza bat erabiltzean garunean funtzionatzen duten gune zehatzak. Zer sare egiten duten».